Segiko kideen eta ‘herriko tabernen’ epaiketak, datorren astetik aurrera

Datorren astetik aurrera, 76 euskal herritarren aurkako bi epaiketa abiatuko dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Astelehenean hasiko da 40 lagunen epaiketa, Segiko kide izateagatik. Ostegunean hasiko da beste 36 lagunen aurkako epaiketa, herriko tabernen auzia deitutakoa. Aritz Lopez (Tolosa, 1987) eta Esther Agirre (Basauri, Bizkaia, 1970) izango dira akusatuen aulkian eseriko direnetako bi, Segiko kide izateagatik eta ezker abertzaleko alderdi politikoetan lanean aritzeagatik, hurrenez hurren.

“Sentimendu kontrajarriak ditut”, dio Lopezek. Azaroan beteko dira lau urte atxilotu zutenetik, eta “aspaldiko kontua” dela sentitzen du: “Batetik, gogoa daukat epaiketa pasa eta behingoz nire bizitzarekin zer gertatuko den jakiteko. Bestetik, beldurra eta errespetua ematen dit: sei urteko espetxe zigorra jokatzen ari gara. Arriskua hor dago”. Urte batzuk gehiago dira Agirrek Espainiako Auzitegi Nazionala zapaldu zuenetik: 2002ko abenduan izan zen. “Sumario hau beti egon da tiraderan gordeta, tarteka atera, eta tarteka sartu, etengabe. Eta, azkenean, iritsi da”. Batez ere, epaiketak maila pertsonalean zenbat eragiten dion du gogoan Agirrek, senarra eta biak epaituko baitituzte auzi berean.

Seina urteko kartzela zigorra eskatu dute Segi auzian auzipetutako 40 lagunentzat. Zortzi eta hamabi urte bitarteko espetxe zigorra, berriz, herriko tabernen auzian auzipetutakoentzat. “Erabakia zigortzea balitz?”. Isilik geratu da une batez Lopez. Inkomunikatu egin zuten, eta torturak salatu zituen: “Oso gogorra litzateke espetxera itzultzea. Bi urtez izan nintzen; beste batzuen aldean, ezer ez. Askatasuna ukatzeak edonori eragiten dio; beraz, oso gogorrak izan ziren bi urte horiek. Dena den, gogoan sartuta daukat aukera hori egon badagoela”. Etxekoak baikor badira ere, Lopezek nahiago du txarrenean jarri: “Bere garaian esan zuen Arnaldo Otegik: ‘Gaizki pentsatu, eta motz geratuko zara’. Gure kasuan, hobe gaizki pentsatzea, eta gero, ikusiko dugu zer gertatzen den”. Agirre ez zuten atxilotu, eta ez zuen espetxerik zapaldu: “Pentsa, ez zitzaigun zitaziorik iritsi: prentsaren bidez jakin genuen 2002ko abenduaren 19an auzitegira joan behar genuela, eta han azaldu ginen. Ez ziguten badaezpadako espetxealdirik eskatu, baina bai 12.000 euroko bermea”.

Agirreren arabera, askatasun ideologikoa eta jarduera politikoa daude euren aurkako epaiketaren oinarrian. “Banan-banan hartuta, ezin digute ekintza zehatzik edo deliturik leporatu. Jarduera politikoa lege urraketa bihurtu dute. Ezin da ezer onik espero: inongo frogarik egon ez arren, zigorra egon daitekeelako”, azaldu du Agirrek. Beraz, “ikusteko dago” zer gertatuko den: “Hamaika urte pasa direnean [herriko tabernen] epaiketa hastea ere nahiko esanguratsua da”. Jokaleku berrian Espainiako Estatuaren “ekarpenik eza” ikusita, bi makroepaiketetan “ez du urratsik egingo”, baina ez du guztia galdutzat eman: “Egia da, testuinguru berri honetan, epaileek arreta handiago jarriko dietela frogei, frogen balioari. Baina erabakia politikoa izango da, eta eragin politikoak izan ditzake”.

Epaiketa luzeak

Europako politikariei bi makroepaiketen berri emateko bira egin berri dute auzipetutako ordezkari batzuek. Lopez izan da horietako bat: Europako Kontseiluan, Estrasburgon izan da, eta Europako Parlamentuan, Bruselan, Karmelo Landarekin. Azken egunotan Katalunian ere egon da, Xabier de la Maza gazte auzipetuarekin, unibertsitateetan euren sumarioaren berri ematen. Lopezen arabera, gehienek ezagun zuten bi urte beteko direla Aieteko Konferentziatik eta ETAk jardun armatua utzi zuenetik: “Sentsazio oso onarekin itzuli naiz. Gure egoera azaldu genien, baita Herrira-rekin pasatakoa ere, eta hemen dugun egoera berria ezagututa, ez zuten ulertzen hemen gertatzen dena. Zenbait europarlamentarik konpromisoa hartuko dutela esan ziguten”.

Prozesua hasi zenetik “linboan” balego bezala bizi izan dela sentitzen du Lopezek: “Planak egin ditzakezu, eta egiten dituzu, baina momentu oro buruan daukazu epaiketa hor dagoela. Ez dakizu, gainera, noiz helduko den”. Uste berekoa da Agirre: “Gai izan gara azken hamaika urteetan zama horretatik askatzeko. Hirugarren haurra 2005ean izan genuen, prozesua abiatuta zegoela. Bizitza ahalik eta normalena egiten saiatu gara”. Hamabostean behin sinatzera joateaz gain, Espainiatik ez ateratzeko agindua du Lopezek: “Oporretara joateko baimen berezi bat eskatu behar dut, eta zehatz azaldu zein egunetan non egongo naizen, eta abar”.

“Dena galdu” zuen Lopezek atxilotu zutenean, tartean, lanpostua, eta espetxetik ateraz geroztik —”oraingo krisiaz gain”— lana topatzeko zailtasunak izan dituela aitortu du. Langabezian dago orain, eta epaiketaren iraupena kontuan hartuta, “hobe horrela”. Urriaren 14an, 15ean eta 16an, azaroaren 25ean, 26an eta 27an eta abenduaren 9an, 10ean eta 11n egingo dituzte gazteen auzi saioak. Akusatu kopurua dela eta, epaiketa luzea izango dela espero dute, eta, beraz, saio gehiago egon daitezke: “Pentsa, epaiketa bera ez da Madrilen bertan izango, ez baikara egoitza ofizialeko aretoetan sartzen”.

Herriko tabernen epaiketa, berriz, luzeagoa izango dela aurreikusten dute. Akusatu guztiei deklarazioa hartzeko bost hilabete beharko dituela aurreikusi dute —abenduan ez da batere izango—. Auzipetuez gain, baina, 110 herriko taberna ere epaituko dituzte, “erantzule zibil” izatea egotzita. Agirreren hitzetan, bakoitzaren egunerokoan Madrilen epaitua izateak suposatzen duen “zamari”, gastu ekonomikoa gehitu behar zaio: “Donostian edo Bilbon epaituko bagintuzte, Zarautzetik joan etorria egingo genuke egunero, baina bertan lo egin behar da, eta bestelako gastu guztiak gehitu behar zaizkio: mantenua, abokatuak… Dirua da. Eta oraindik ez dakigu noiz bukatuko den, udaberri amaieran, agian”.

“Nola definituko zenuke zuen aurkako epaiketa, hitz batean?”. “Disparatea”, dio Lopezek. “Barrabaskeria”, Agirrek. Argi daukate bi epaiketak politikoak direla. Lopezen hitzetan, euren aurkako karguak, juridikoki, legezkoak dira: “Ez dakit zein manifestaziotan parte hartu izana, ez dakit zein jarduera politikotan parte hartu izana… halakoak leporatzen dizkigute”. “Ez dago mamizko frogarik. Espainiako Zigor Kodeak baditu tipo penal zehatzak: zuk horietako bat urratzen baduzu, ondorio batzuk pairatuko dituzu. Guk ez dugu bat bera ere urratu”, azaldu du Agirrek. Ia hogei urte dira abokatuen elkargoko kide egin zela, eta jardunean da oraindik. “Konstrukzio juridiko-politiko bat egin dute, non esaten duten ETAko kideak izan garela mahai nazional desberdinetan; hori da gure delitua”. Agirreren ustez, datorren asteko epaiketekin, ideologia baten ibilbide politikoaren aurka egingo dute: “Oso gogoan daukat nola 1998an [Jaime] Mayor Orejak esan zuen, Barne ministroa zelarik, fronte abertzalea neutralizatzea zela borroka antiterrorista nagusia”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.