Txondorra berpiztu dute Lizarrustin

Egun, beheko sutarako, ekonomiketarako eta parriletarako soilik erabiltzen bada ere, ikatza oso erregai preziatua izan zen orain 50 urte inguru arte. Burdinarekin lan egiten zuten lantegi ugari zeuden, eta enpresa horietan ikatz asko behar izaten zuten.

Behar hori asetzeko, ikazkinak behar izaten ziren. Ataunen, esaterako, 400 lagun inguru ere ibili ziren ikazkin lanetan, herriak 2.500 biztanle inguru zituen garaian. Horietatik asko, diru gehigarria lortzeko aritzen ziren ikazkin gisa. Eguneko bi erreal eta talo eta babarrun otordua ematen zieten ikazkinei. Baina, duela mende erdi, ikatza alde batera utzi eta elektrizitatea erabiltzen hasi ziren lantegietan, eta garai batean bizi-iturri zen lanbide hura desagertuz joan zen, historia bihurtuz.

Ikazkinen “bizimodu gogorra” ekarri nahi izan du gogora orain Joxe Ramon Agirre Marron-ek. Lizarrustiko Parketxearen ardura hartu du, eta jatetxe-taberna eta interpretazioa izateaz gain, “jendea informatzea eta heztea” ere badu helburu, bestelako proposamen batzuk eskainiz eta “bizia emanez”. “Hona etortzen denak beti erakargarritasunen bat aurki dezan nahi nuke”, dio; “mamiari heldu nahi diot; gizakiaren eta naturaren arteko lotura, eta kultura eta ekonomia batuz”. Oraingoan, txondor bat egin du, bertaratzen diren guztiei “ikazkinen bizimodu gogorra” nolakoa zen eta ikatza egiteko prozesua nolakoa den azaltzeko.

Irailaren 22an hasi ziren txondorra egiten, eta bihar aterako dute ikatza txondorretik festa handia eginda. “Garai batean ere, ikazkinek, mendian egoteko denboraldia amaitzen zitzaienean, festatxoa egin ohi zuten, eta guk ere horrelaxe egingo dugu”, dio Marronek. Denboraldiak, ordea, giro ona egiten zuen artean irauten zuen: maiatzetik urrira edo azarora. Neguan ere ez ziren lo egoten; hurrengo urtean txondorrak non jarri lekuak bilatzen, enkanteak egiten, kontratistekin negozioak egiten eta halako lanetan ibiltzen ziren.

Garai hartako txondorrak askoz handiagoak izaten baziren ere, eta jende gehiagoren esku-lana behar izaten bazuten ere, bihar jasoko duten ikatza egiteak ere eman dio lana Marroni.Txondorra egiteko laguntza izan du ataundarrak. “Garai batean, herriko aguazilak moztu nahi ziren pagoak markatzen zituen, onespena emanaz bezala. Markatu gabekoak moztuz gero, isunak izaten ziren”, dio.

Pagoak, pagomotzak edo tantaiak izaten ziren; bietatik. Pagomotzak, mugarratutako pagoak ziren. Altuera jakin batean heltzean mozten zituzten, eta enbor batean hazi ordez, zabalera ere asko hazten ziren, horrela, enbor beretik egur gehiago ateratzeko. Tantaiak, aldiz, zuzen, naturalki hazten uzten zituzten.

Moztu ere, tamaina ezberdinetan mozten zuten egurra, txondorraren zati ezberdinetan jartzeko. Erdian tximini bat egiten da, eta tximini hori egur zati txikiz inguratuta egoten da. Inguruan, handiagoak. Eta egur guztiak ongi jarrita daudenean, gainean orbela eta lurra botatzen da. “Txondor txikia da hau, 12 tona ingurukoa”, dio Lizarrustikoagatik.

Dena prest dagoenean, sua, txingar handi bat, sartzen da txondorraren barrura tximiniatik eta txondorraren gailurrean egurrak jartzen dira eta zotalekin —belarrez osatutako lurrazalarekin— estaltzen da, txondorrari txapela jarriz.

Behin sua emanda, zulotxoak egin behar dira inguruan. “Egurra goitik behera erre behar da”, dio Marronek. Horretarako, erre nahi den txondorreko zatiaren arabera egin edota estali behar dira zuloak. “Tximini batek bezalaxe funtzionatzen du honek, eta zuloek tiroaren funtzioa egiten dute”. Zuloak ziri batekin egiten dira, eta orbelez eta lurrez estali.

Sekretua sua mantentzea da

Txondorrak labe arriskutsuak dira, ordea. “400-500-600 gradu ingurura iris daitezke. 200 gradutara iristen denean, deshidratatzen hasten da egurra, eta, hortik aurrera, ikaztu egiten da: horri pirolisia deitzen zaio, eta hori interesatzen zaigu”, dio.

Lehen asteetan, 24 orduko zaintza behar izaten du, bi edo hiru orduz behin behintzat kasu eginez. Ondorioz, Agirrek Lizarrustin lo egin behar izan du, txondorra mimatuz. Izan ere, “ondo mantentzea da sekretua”. Haizea behar den neurrian bakarrik sartu behar da; bestela, txondor osoak su hartzeko arriskua du.

Haizea kontrolatzeko, begiratzen zaion bakoitzeko zuloak nola dauden ere begiratu behar da, eta orbela eta lurra bota tarteka. Noizean behin, gainera, “zauri bat sendatzen arituko bagina bezala, hutsuneak bete behar dira”, dio Marronek. Egurra erretzen doan heinean, zuloak egiten dira txondorrean, eta, zulo horiek betetzeko, txondorra ireki, garbitu, lehengo orbel eta lur zaharrak kendu, eta berriz orbel eta egur berria botatzen da.

Lizarrusti Parketxean erakusketa ugari jarri dituzte azkenaldian, bertan dagoen Aralarko Interpretazio Zentroan daudenez gain. Txondorra piztuta egon den bitartean ere, nola egiten den ikasteko eta ikusteko informazio panelak jarri ditu Marronek, eta behar diren lanabesak eta ikazkinen argazki zaharrak ere ikus daitezke. Biharko festan ere ikusi ahalko dira argazki horiek. Horrez gain, txondorraren ondoan, garai bateko ikazkinen txabolaren erreplika ere badago.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean ere landu dute ikazkintzaren gaia, eta Lizarrustiko parketxeko arduradunak berak azaldu du ikazkinen lana eta ikatza egiteko jarraitu beharreko prozesua nolakoa izaten zen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.