Pasaia
Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldiek ibilbide luzea dute dagoeneko. Aurten, 32. aldiz ospatuko dute, eta ohi bezala, bi asteburuko iraupena izango du. Adin guztietako publikoarentzako antzezlanak taularatuko dituzte.
Iragan astean ekin zieten jardunaldiei, Eta zer II?, Pez en raya eta Sexpearemente antzezlanen emanaldiekin, hurrenez hurren. Asteburu honetarako beste hiru emanaldi antolatu dituzte. Gaur ekingo diete jarduera horiei, herriko Topo antzerki tailerreko kideen Sketxotronik antzezlanarekin. Bakarrizketak zein elkarrizketak biltzen dira hamabi piezako ikuskizunean eta bi txandatan eskainiko dute, Trintxerpeko alkateordetzan. 20:30ean lehen txanda, eta 22:30ean, bigarrena. Zati guztiak eguneroko gertakarien neurriz kanpoko kronikak dira, kritikaz eta umorez.
Bihar gauean, Ez dok hiru bikotearen Lingua Nabajorum egongo da ikusgai, 22:30etik aurrera, Antxoko kultur etxean. Komedia honek euskararekin dibertitzeko aukera emango die ikusleei. Obran, kobazuloetatik hasi eta egungo hiztunetara arteko euskal historiako hainbat pertsonaiaren larruan sartzen dira euskal aktoreak. Egileen arabera, euskaldunak beti ibili dira liskarrean kanpokoekin zein euren artean. Liskar horiek sortu eta garatu dute euskara, eta horiei dagozkie euskararen aldaerak.
Amaitzeko, Spasmo Teatro taldearen antzezlan bat ikusi ahal izango da igandean, 20:00etan hasita, San Pedroko kultur etxean. Show Park deituriko obran, parkeetako agure barregarriak ageri dira; baita ametsez betetako hamabost urte bueltako nerabeak ere; horiez gain, Poliziagandik ihesean doazen lapurrak eta publikoarekin elkarrekintzan sartuko diren eskaleak ikusi ahal izango dira.
EGITARAUA
Gaur. Sketxokronik, Topo taldearena. 20:30ean eta 22:30ean Trintxerpeko alkateordetzan.
Bihar. Lingua Nabajorum, Ez dok hiru bikotearen eskutik. Antxoko kultur etxean, 22:30etik aurrera.
Igandea. Show Park Spasmo Teatroren eskutik. San Pedroko udal aretoan, 20:00etan.
Leave a Reply