Elkarrengandik ikasiz nazioartera begira dezakete euskal enpresek

Hizkuntzen kudeaketak enpresei dakarkien onuraz, bertako zein atzerriko praktika onez eta lagungarri izan daitezkeen produktu eta zerbitzu eleaniztunez arituko dira beste urte batez 30+10 mintegian. IMH Makina Erremintaren Institutuak eta Ahize aholkularitza enpresak elkarlanean antolatzen dute, eta euskalgintzako zein enpresa munduko erakunde askok parte hartzen dute bertan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek euskararen inguruan egiten ari direnaren berri emanez ekingo diote jardunaldiari, ohi bezala. Gainerakoan, hiru arlo nagusi bilduko ditu aurtengo edizioak. Bata, betikoa, enpresetan egiten diren praktika onak eta esperientzia baliagarriak ezagutzera ematea eta partekatzea. Bigarrena azken hiru urteetan presente egon den nazioartera begiratzeko joera izango da: “Euskal enpresek nazioartean merkatu berriak dituzte, eta horiek aztertzen saiatzen ari gara alderdi linguistikotik, gure enpresak atzerrira joatean zer-nolako errealitateekin topo egingo duten jakiteko; aurten Errusiara begira jarriko gara, AFZ enpresari esker”. Lanbide Heziketaren arloak ere garrantzi berezia du. Aurten, LHko euskara arduradunei eta enpresetako kideei bildu eta gogoetak partekatzeko aukera emango diete.

Aurtengo berrikuntza modura, euskara eta markaren arteko harremana landuko dute. Edurne Bilbao institutuko komunikazio arduradun eta euskara batzordeko koordinatzailearen arabera, “euren nortasunean euskara daramaten enpresek baliatu egiten dute Euskal Herrian saltzeko”. Errealitate hori aztertuko dute batetik, zein arrazoigatik egiten duten, zer eragin duten, nolako emaitzak lortu dituzten… Jendea euskarazko marka sendotzeko bidean animatzen ahaleginduko dira hala. “Hiru euskal enpresa gonbidatu ditugu, euren nortasunean euskara txertatua dutenak eta merkatuan nola moldatzen diren azalduko dutenak. Ternua, Euskal Herria Esnea eta AZK-Taldea marketin enpresa izango dira horiek”.

30 urteri jarraipena emateko

IMHk 2003an martxan jarritako euskara planarekin du lotura jardunaldiak. Bertan egindako hizkuntza gogoetan, bezeroei eskaini beharreko zerbitzuaren arloak zuen garrantzi handiena. “Demandan eragiteko, hizkuntza kudeaketa ondo lantzeko eta teknikari eleaniztunak trebatzeko helburua” zuen IMHk, Bilbaoren arabera. “Guk prestatzen ditugun teknikariak eleaniztunak izatea nahi dugu; eurek izango dute enpresekin zuzeneko harremana, eta, hori euskaraz izateaz gain, harago eragin nahi genuen”.

Hortik sortu zen jardunaldi bat egiteko ideia 2006an, “topagune izateko moduko jardunaldi bat”, Bilbaoren hitzetan. IMHko komunikazio arduradunaren ustez, “euskal enpresetan aukerak badaude hizkuntza kudeaketa egokiaren bidez produktu berriak merkaturatzeko nahiz zerbitzu berriak eskaintzeko”. Eleaniztasuna da IMHren helburua, baina “eleaniztasunaren oinarrian euskara izanda”. “Eleaniztasunaz hitz egitean, gure enpresek kanpora esportatzen dutelako, badirudi beti atzerriko hizkuntzaz hitz egiten ari garela, ingelesez-eta. Ondorioz, gure hizkuntza eleaniztasunaren barnean kokatzeak esan nahi du gure hizkuntzak ere tokia daukala kanpo harreman horietan”, dio Bilbaok.

30+10 izena, berriz, Danobatek 1976an kaleratutako lehen hiztegi teknikoaren haritik dator: “Lehen aldian, Danobatek 30 urte lehenago landutako lehen hiztegi teknikoari buruzko paperak aurkitu genituen artxiboan. Pentsatu genuen interesgarria zela hiru hamarkadako tarte horri hamar urteko ibilbidea gehitzea, antolatu nahi genuen mintegi hori hamar urtez antolatzea, alegia”, azaldu du Bilbaok. Zortzigarren aldia aurten izanik, bi urte barru inflexio punturik izango ote den galdetuta, ez dakiela erantzun du Bilbaok: “Ikusiko dugu. Zorionez, gauzak bizirik dauden artean bilakatzen joaten dira, eta gure konpromisoa ere eguneratzen goaz. Auskalo, zortzi edizio egin ditugu, eta hamargarrena egiten dugunean ikusiko dugu; akaso, izena aldatuko diogu, eta mintegia antolatzen segituko dugu”.

Gune erabat irekia

IMH arlo industrialeko enpresa antolatzaileetako bat bada ere, ez dute eremu horretara mugatzerik nahi, eta mintegia “erabat irekia da”. “Gure izaera oso industriala da, eta hizkuntza kudeaketaren arloan eragiteko eremu zailena hori bera dela uste dugu. Horregatik, hor indar berezia egiten ahalegintzen gara, baina, gure sektorearentzat ez ezik besteentzat ere onuragarria izan daitekeenez, esparrua zabaltzen dugu. Zerbitzuen sektorean, errazagoa da hizkuntza kudeaketari buruzko esperientziak bilatzea, eta horiei ere lekua egiten diegu. Hala ere, esandakoa, saiatzen gara fabrikazio munduko enpresak ekartzen eta makina erremintaren sektoreari atalen bat eskaintzen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.