“Ikasketak amaitu ondoren, nire zentroa ireki nuen”

Maitane Estetika Zentroan (Deba) 2005eko uztailean ekin zioten edertasun tratamenduak eskaintzeari, Maitane Oria estetizista (Elgoibar, 1984) arduradun zela. Oriak eta beste langile batek egiten dute lan bertan. Horretaz gain, Medikuntza Kabinete batekin lan egiten dute dute; mediku bat joaten da hilean behin zentrora kontsultak pasatzera.

Betidanik izan du argi zentroko arduradunak lanbide horretan aritu nahi zuela: “Beti gustatu izan zait irudia zaintzea, modaren mundua eta estilismoa”. Oriak Estetikako Goi Mailako ikasketak egin zituen, eta bigarren kurtsoa amaitzen ari zela, hiru lekutan egin zuen lan, esperientzia hartzeko; “ikasketak bukatu ondoren, nire zentroa ireki nuen”. Gauza sinpleekin hasi zen lanean, baina poliki-poliki esparrua zabalduz joan zen, “depilazio laserraren zerbitzuan asko sartuz”, batez ere. Pixkanaka, gauza berri gehiago sartu zituen: “Hasieran gauza gutxirekin hasi ginen, baina, gero, zerbitzu berriak, produktu berriak, eta makina berriak sartzen hasi ginen. Zentroa ere txikiagoa zen hasieran, orain daukagunaren erdia zen, eta, gero, handitu egin genuen gauza berriak sartzeko”.

Denetariko eskaintza

Gaur egun, zerbitzu eta produktu eskaintza zabala dute bai edergintzan eta bai medikuntza estetikoko tratamenduetan ere. Alde batetik, kabinako tratamenduak dituzte, eta, bestetik, etxerako produktuak saltzen dituzte. Kabinako tratamenduen artean, aurpegiko tratamenduak, gorputzeko tratamenduak, laser depilazioak, argizariz egindako depilazioa, makillajea, nork bere burua makillatzeko ikastaroak, solariuma, medikuntza estetikoa eta abar dituzte. Gainera, oinetakoak, poltsak eta osagarriak ere saltzen dituzte zentroan. Produktuak zentroan bertan ala zentroaren webgunean eros daitezke, baita Facebook bidez ere.

Estetika zentroa izateaz gain, Medikuntza Zentro Estetikoa izateko ere prestatuta daude; “estetika zentro gisa hasi nintzen, eta, duela hiru urte, medikuntza estetikoa jarri nuen. Medikuntza Zentroa izateko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean alta eman behar da, eta horrek hainbat inplikazio eskatzen ditu: egindako tratamenduen azalpen zehatza egitea, operazio bakoitzaren arduradunaren izenak azaltzea eta kirurgia teknikak erabiliz gero, kontsulta gauzatu den instituzio klinikoa aipatzea. Medikuntza teknikak zentroan bertan egin daitezke, kirurgikoetarako, aldiz, operatu egin behar da, Indautxuko klinikan”.

Lanbide guztietan bezala, estetika sektorean lan egiteko ere, formazio ona jasotzea garrantzizkoa da, baina, horretaz gain, beste hainbat gauza aipatu ditu estetizistak: “Lanbidea gogoko izatea, lanbidearekin ilusioa izatea eta egunetik egunerako gogoa izatea”. Bezeroek asko eskertzen diote zentroan egindako lana: “Batzuetan, bezeroak buruestimua berreskuratzen dutela ikusten dugu, politago sentitzen direla esaten digute, eta hori oso pozgarria da guretzat”. Betidanik emakumezkoak izan dira zentro estetikoetako bezero gehienak, baina, gaur egun, gizonezkoak ere geroz eta gehiago animatzen dira, “beldur hori kentzen ari da”, dio Oriak.

Emakumezkoen artean laser bidezko depilazioa oso modan dago gaur egun, baita aurpegiko tratamenduak, zelulitisaren aurkako tratamenduak, argaltzeko dietak eta abar ere. Gizonezkoetan ere laser bidezko depilazioak geroz eta interes handiagoa dauka, eta baita dietak ere; “emakumezkoetan baino gutxiago, baina, hala ere, egunetik egunera gehiago”. Oro har, bezeroek argi izaten dute zeren bila joaten diren zentrora, baina, hala ere, “aholkularitza pertsonalizatu bat egiten diegu”.

Ofizio guztietan bezala, estetika sektorean ere nabaritu da krisia, baina une oro promozioak eta gauza berriak ateratzen dituzte aurre egiteko. Estetikak etorkizun emankorra izango duela uste du Oriak: “Jendea geroz eta gehiago arduratzen da norberaren irudiaz, eta, gainera, gaur egun prezio guztietako tratamenduak daude”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.