Aurtengo urterako bi ekintza nagusi zituen aurreikusita Elgetako Udalak. Bata, Intxortako borrokaldien birsortzea, eta bestea, irail amaieran aurkeztutako sakelakorako Elgeta Memoria aplikazioa. “Aplikazioa oso berritzailea da”, Elgetako Turismo teknikari Iraitz Lazkanoren arabera, eta, Oxel Erostarbe alkateak azaldu duenez, 1936tik 1937ra Intxorta mendian izandako borrokaldien ibilbidea “birtualki egiteko aukera emango die erabiltzaileei”.
Smartphone motako sakelakoetarako aplikazioan, herriko baliabide turistikoekin batera, 36ko gerran gudariek gotorleku bihurtutako Intxortako gertaerak bildu ditu Elgetako Udalak. Mendi horretan, Francoren armadaren aurrean zazpi hilabetez iraun zuten gudariek, zehazki, 1936ko irailaren amaieratik 1937ko apirila bukatu arte. Gertaera haien 77. urtemugako egitarauaren barnean aurkeztu dute aplikazio berria, hain justu. Elgetako herritarrentzat zein mendira bertara bil daitezkeen bisitarientzat pentsatuta dago, eta euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez erabiltzeko aukera ematen du. Intxortako borrokaldiak berreskuratzea eta herriko bestelako baliabide turistikoak “beste modu batera plazaratzea” nahi zuten.
Ezaugarrien artean, “aplikazio oso berritzailea” dela nabarmendu du Lazkano Turismo teknikariak: “Gerraren inguruan egiten den lehen aplikazioa da, batetik. Eta turismoaren arloan NFC teknologian hedapen handiena duen aplikazioa da, bestetik”. Irismen laburrari eta frekuentzia altuari esker, datuen transferentziarako oso abiadura azkarra ahalbidetzen du haririk gabeko komunikaziorako NFC teknologiak. Intxortako ibilbidean, sakelakoa panel batera hurbildu orduko, interesgune horren fitxa eta audio gidara bideratzen du bisitaria NFC kodeak. Elgetako alkate Erostarbe ere pozik dago emaitzarekin: “orain nork bere kabuz egin dezake ibilbide tematikoa”.
Datu transmisio azkarra
Batura Mobile Solutions enpresa arduratu da aplikazioa egiteaz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du. Hor jasotzen den informazioa, berriz, Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroaren eta Intxorta 1937 Kultur Elkartearen arteko elkarlanari esker bildu dute; “mendian izandako fronteari buruzko xehetasun eta informazio baliagarriz” osatu dute aplikazioa. Audio-gidaz lagundutako bost kilometroko ibilbide tematikoa du barrenean, eta hamabi interesguneren azalpenak entzun nahiz har daitezke —euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez— NFC eta QR kodeen bidez. iOs eta Android motako sakelako telefonoetan erabil daiteke, eta App Storeren zein Google Playren guneetan dago eskuragarri.
Leave a Reply