Zinetik atera bezain pronto, etxera etorri eta aste honetako zutabea idazteari ekin diot. Filmak ez dit halako zirrararik eragin; beraz, garuna fresko eta garbi daukat lanari ekiteko. Gauza batek utzi nau kezkatuta; zortzi bat pertsona baino ez geunden salan. Eta ez da kasualitate soil bat izan; aurreko igandean ere dozena bat besterik ez ginen pantaila erraldoiari begira geundenak. Hilabete eskas da Donostiako Nazioarteko Zinemaldia ospatu genuela, eta aste horretarako denbora gutxian ia pelikula guztietarako sarrerak agortuta zeuden. Salak leporaino beteta, jendea zinefilo aurpegiarekin paseatzen zen kaleetan barrena, kreditazio txartel ditxosozko hori lepotik zintzilik arro-arro eramanez —nik gehienetan poltsoan eramaten dut, lepoan eramateak lotsa ematen didalako—, baina, tira, sokatxo hori zerbaitetarako jarriko zioten ezta? Lepotik eramateko, alegia. Kontuak kontu, Zinemaldiak iraun duen astebete horretan zinemak jendez gainezka ikusi ditut, eta hilabete beranduago lau katu baino ez gara sala honetan gaudenak. Zer gertatu da? Bat-batean beste afizio batzuk sortu zaizkio jendeari? Ikusle fidelaren kreditazioa kentzeak zinerako zaletasuna gutxitzen du agian? Plastiko pusketa batek nola eman ote dezake hainbeste indar!
Ados, agian urte osoan ezin da asteburuero zinera joateko kapritxo hori mantendu, ez dago ekonomia halako arinkerietarako, baina noizean behin sikiera pelikulatxo bat ikus daiteke ezta? Tira, baikorra izango naiz, eta pentsatuko dut azken hiruzpalau aldietako zinema hutsak kasualitate txar bat besterik ez dela izan, eta hurrena joaten naizenean leporaino egongo direla, nire eserlekura iristeko, jada eserita dauden ikusle pila molestatu beharko dudala, aspaldiko garaietan bezala.
Itxuraren gizartean bizi gara; jendaurrean azaltzen dugun aurpegia bakarrik zaintzen dugu askotan, egunero modu ezberdin batean makilatzen dugun aurpegi hori. Argazki kamera digitaletatik itsusi azaltzen garen argazkiak ezabatzen ditugu berehala, eta irudirik politenak erakusten ditugu. Itxura, besterik ez. Gogoratzen naiz kamera digitalik ez zenean, karretea errebelatzen utzi ondoren, argazki horiek jasotzean sentitzen genuen jakin-mina, zer atera ote da? Nola atera ote zen hondartzako argazki hura, eta Kilometroetako haiek? Misterioa galdu dugu; hori bai, gure aurpegirik politena ikusiko dute beti argazki guztietan. Itxura soila, edukia edukirik gabe; farmazialariak “Frenadol laranja zaporeduna” saltzen dizunean bezala —laranja zaporea? Honek ze laranja klase jaten ditu?—. Gauza bat da azaleko izenek diotena, eta bestea barneko izaerak uzten dizun zaporea. Nik ez dut halako gizarterik nahi, azalak, izenak eta mamiak zapore bera izatea nahi dut.
Leave a Reply