Dantza, komunikazio bide

Igor Urzelai (Beasain, 1983) ume-umetan hasi zen dantzan, Beasaingo Ostadar dantza taldean. Aurtzaka dantza taldearekin ere aritu zen zenbait emanalditan. Etxekoek, lagunarteak eta inguruak hala bultzatuta hasi zen ogibide bihurtu zaion pasioari ekiten: dantzatzen. Baina haren ogibideak dantzatik bezainbeste du antzerkitik, eta hori ere probatu zuen gaztetan, 14 urterekin dantza eskolak utzi eta antzerkiari ekin zionean.

Unibertsitate garaia iritsi zitzaionean, Medikuntza fakultatean izena emana zuen, eta tokia lortu ere egin zuen. Baina, bere barneko harrari kasu egin, eta Madrilera joan zen, 18 urterekin, antzezten ikastera, Laboratorio William Layton eskolara. “ETBn kapituluren bat grabatuta neukan ordurako, antzezle gisa”, dio Urzelaik.

Antzerkia eta dantza, dantza eta antzerkia uztartzen dituen ogibidea du beasaindarrak, egun, Londresen. Han gelditu zen ikasketak amaitu ostean. Eta ez da edonor. The Place, Londresko antzoki ezagunenetako bateko artistak eta elkartekideak baitira Urzelai eta Moreno Solinas, lagun italiarra. Biek osatzen dute orain Igor and Moreno bikotea. Antzoki horrekin duten akordioaren bidez, bikoteak egiten duen lanaren laguntza logistikoa, ekonomikoa eta kudeaketa laguntza jasotzen du, euren lanak are oihartzun handiagoa izan dezan. Eta ibilbide luze baten ostean, beste dantza talde batzuekin egiten duten lana baztertu gabe, bide berri bati ekingo diote gaurtik aurrera, biek bakarrik.

Lehen aldiz Euskal Herrian

Izan ere, gaur estreinatuko dute, lehen aldiz, Bilboko XV. Antzerki eta Dantza Garaikidearen BAD jaialdian, bikote gisa sortu duten lehen obra: Idiot-Syncrasy. Bilboko BAD jaialdiarentzat hitz ederrak soilik ditu Urzelaik: “Oso eskuzabalak izan dira gurekin, eta asko babestu gaituzte”.

Behin Euskal Herrira etorrita, azaroaren 1ean Beasainen emanaldia egitea proposatu zuten, lanaren inguruko ideiak eta argazkiak udaletxera bidaliz. “Dantza garaikidea da, eta udalaren aldetik agian beldur pixka bat egongo zen, jendea ez baitago horrelakoetara ohituta. Baina saiatu gara adin guztietako herritarrentzat opari bat egiten”, dio dantzariak. Herrian aritzea “oso esperientzia berezia” izango da beasaindarrarentzat, Euskal Herrian profesionalki dantza garaikidea dantzatzen duen lehen aldia izango baita. “Gogo handia dut”, dio. Euskal Herrian egingo dituzten emanaldien ostean, Espainiako hainbat hiritan ere izango da haien obra berria ikusteko aukera.

Baina ospea ez zaie zerutik erori bi gazte horiei. Urte luzeetako ibilbidea dute atzetik. Madrilen hasitakoa Londresen amaitu zuen beasaindarrak, eta karrera amaitzerako hasia zen lehen lantxoak egiten, beste koreografo batzuekin batera.

Ikasketak amaitu orduko, Solinasek eta biek bultzatuta BLOOM Dance Collective taldea sortu zuten, beste lagun batzuekin batera. “Lehen bi urteetan gure koreografiak sortzen eta tarteka beste talde batzuekin lantxoak egiten aritu nintzen”, dio Urzelaik, baina “nahiko argi” zuen bere koreografia propioak garatu nahi zituela.

BLOOMekin lan egiten zutenean, Urzelai eta Solinas ziren taldeko buru, baina erabakiak hartzeko modua “desberdina” zela dio: “Oraindik ere BLOOM taldeko hiru diseinatzaileek eta beste hainbat lagunek laguntzen digute gure lanak sortzerakoan, eta konposatzaileak ere berberak dira; baina, orain, bi gara dantzan, eta oraingo talde lana oso estua da”.

Europan eta nazioartean egin dituzte erakustaldiak, baina Londresen dute bizitokia. 2007tik ari dira batera lan egiten. Hizkuntza poetikoa hartzen dute oinarritzat. Gorputza, ahotsa, testua eta diseinua dituzte lanerako erreminta. Eta guztia “modu jostari bezain finez” nahasten dute, “emozioz betetako obra probokatzaileak sortzeko”.

Antzerkia eta dantza gizartearekin dituzten desadostasunak azaleratzeko eta gaiaz hitz egiteko eta entzuteko erabiltzen dituzte.

Gorputza, komunikatzeko

Gorputza dute instrumentu, beraz, euren ideiak burutik atera eta publikoari helarazteko. Baina, bien arteko tartean, beste hainbat elementu ere erabiltzen dituzte komunikazio hori indartzeko: diseinatzaileak, musika arduradunak, abeslariak, argiak, agertokiaren prestaketa berezia, janzkera eta beste izaten dituzte kontuan. Horiek guztiak elkarrekin ondo lotzeko “bilera mordo bat” egiten dituztela dio beasaindarrak. Ideien zurrunbilotik perla txikiak batu, eta elkarren artean nola josi pentsatzen dute, elkarri laguntza eta ideia berriak eskatuz eta proposatuz. Eta egindakoaren emaitza da ondoren taula gainean ikusten dena. Joaterik ez dutenentzat hainbat irudi zintzilikatu dituzte sarean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.