Donostia, euskalduntzea marrazten

Mende honetan bertan Donostia euskalduntzeko asmoz lanean dihardute Donostiako Bagera euskara elkarteko kideek. Horretarako topaketa bat dute datorren asteartean San Telmo museoan, eta udaberrian ekindako Koloreztatu euskararen bidea jardunaldiei jarraipena emango diete beste bi saiorekin. Donostia euskalduntzeko beharrez eta euskaldunak erakargarri izateko ekintzez hausnartu dute, eta teoria guztia praktikara bideratzeko pausoa eman nahi dute udazken honetan.

XXI. mendeko Donostia euskalduna! lelopean, udaberrian ekin zieten jardunaldiei. Ainara Vazquez Bagerako kideak azaldu duenez, ordea, lehenago antzeman zuten beharra: “Ideia iaztik zetorren. Donostian euskararen arloan urrats bat egin beharra zegoela ikusi genuen, bertako euskaltzaleak aktibatzeko, eta denon artean, genituen beharrez hausnartu eta horiei erantzuteko bideak abian jartzeko”. Udaberrian izan zen horretarako lehen fasea, eta XXI. mendean Donostia euskaldun izan dadin, “zirriborro” bat egin zuten. Euskaltzale askok parte hartu zuten hasierako saio haietan, eta pozik daude Bagerakoak: “Guztira zazpi saio egin genituen; batzuetan besteetan baino jende gehiago bildu zen, ohikoa denez, baina 40 bat laguneko talde bat mantendu zen gutxi gorabehera. Talde horren 20-30 lagunek saio guztietan parte hartu zuten. Norbanako euskaltzaleak izan ziren gehienak, jende heldua oro har, gazteren bat edo beste agertu bazen ere”.

“Donostia hiribururik euskaldunena dela askotan esaten bada ere, oraindik lan handia dugu egiteko Donostia egiaz euskalduna izateko”, dio Vazquezek, eta uste du gainerako euskal hiriburuei ere horretarako laguntza eskaini behar dietela. “Donostiak aitzindari izan behar du aurrerapauso garrantzitsu eta eraginkorrak egiteko orduan”.

Beharrei erantzuteko ekintzak

Hiru galdera planteatu zituzten saio horietarako: “Zer behar dugu Donostia XXI. mendean euskalduna izateko?; Nola bihur gaitezke euskaldunak ikusgarri eta erakargarri?; Zer egin dezakegu, nola antolatu beharko genuke euskaltzale donostiarrok bide horretan?”. Galdera horiei erantzuten ahalegindu ziren denen artean. Vazquezen arabera, ez ziren xehetasunetara iritsi, baina baliagarriak izan ziren eztabaidak: “Galderak nahiko potolo eta orokorrak izanik, erantzun zehatzik ez genuen lortu, egia esan; baina hainbat ondorio baliagarri ateratzeko balio izan zigun”.

Orain, egitasmoaren bigarren fasean sartuko dira: “Bildutako ondorioak lan ildoen arabera banatu ditugu, eta astearteko saioan, hautaketa bat egingo dugu lehentasunen arabera; azaroaren 12koan, berriz, lan ildo horiei erantzuteko ekintza posibleez arituko gara”. Astearteko saiora bertaratzen direnek lehentasun gisa hautatutako ildoez ideia zaparrada egingo dute, eta ekintza zehatzak proposatu.

Vazquezek xehe azaldu du lehentasunen hautaketa zer den: “Norbanakotik abiatuta egin nahi dugu. Lehentasunak ez ditugu markatu nahi ikuspegi estrategikoaren arabera, bertaratuko diren norbanakoek lanerako duten interesaren eta prestasunaren arabera baizik. Hau da, administrazioan eragitea apustu estrategikotzat jo dezake norbaitek, baina agian ez du bere burua eremu horretan lanean ikusten. Kasu horretan, bere burua lanean ikusiko lukeen eremua jo behar du lehentasuntzat, praktikan egingo duen ekarpenaren arabera hautatu, alegia”.

Azaroaren 12an lehentasunei erantzuteko ekintzak praktikan nola jarri pentsatzeko unea izango da: “Egiaz egin daitezkeela uste dugun ekintzak, biltzen garenon prestasunaren arabera, hautatu eta martxan jartzeko pausoak emango ditugu. Ekintzetarako zer eta nola egin behar dugun hausnartu, eta antolatzeari ekingo diogu”.

Deia euskaltzale guztiei

“Donostian euskararen alde lan egin nahi duen edonor” gonbidatu du Vazquezek udazkeneko saioetara, eta baikor dago: “Espero dugu orain arteko saioetako parte hartzaile kopuruari eutsiko diogula. Jendea prest eta gogoz dago, behintzat”. Vazquezek nabarmendu du norberak egin dezaken apur horrek egingo diola ekarpena Donostia euskalduntzeko bideari: “Bakoitzari ahal duen neurrian ekarpena egiteko eskatuko diogu, ez diogu inori lan karga handirik eman nahi. Asko ez bada ere, denok egin dezakegu zerbait”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.