Joseba Bartol (Eskoriatza, 1987) sukaldaria da ofizioz; egun, Arrasateko Debagoieneko Ospitalean lan egiten du, ospitaleratuta dauden gaixoei janaria prestatzen. Aurtengo abuztuan hiru urte bete ditu bertan lanean. Arrasateko ospitalean hasi aurretik, beste lanbide batean aritu zen, baina langabezian geratu zenean, sukaldaritza ikasketak egitera animatu zen: “Langabezian geratutakoan sukaldaritza munduan sartu nintzen. Hasiera apur bat berezi xamarra izan zen; lagun batek esan zidan sukaldaritza ikasi nahi zuela, eta ni ere animatu egin nintzen. Gainera, izeba eta osaba ere sukaldariak ditut, eta horrela hasi nintzen pixkanaka sukaldaritza munduan sartzen”.
Ospitalean bi txanda egiten dituzte sukaldariek, goizean eta arratsaldean, eta txanda bakoitzean sukaldari bat eta hiru laguntzaile egoten dira. Goizeko txandakoek ospitaleratuentzat eta langileen jangelarako prestatzen dute janaria, eta arratsaldeko txandakoek, berriz, ospitaleratuentzat eta guardia duten medikuentzat prestatzen dute: “Guztira, ospitalea normal egonda, 60-70 pertsona egoten dira, eta langileen jangelan 40 pertsona; horientzat guztientzat prestatzen dugu janaria”.
Gaur egun, geroz eta ohitura handiagoa dago pertsona askorentzako janaria prestatu behar denean kanpoko enpresetatik janaria prestatuta ekartzeko, baina, Arrasateko ospitalearen kasuan, hornitzaileek elikagaiak ekartzen dituzte, eta ospitaleko sukaldeak janaria prestatzen du: “Orain arte, hainbat hornitzaile geneuzkan: haragia enpresa batek ekartzen zigun, arraina beste batek… eta orain, hornitzaile bakarra hartu nahi dugu dena ekartzeko”. Elikagaiak sukaldeko nagusiaren eta bertako dietistaren artean eskatzen dituzte.
Janariak osasun baldintzak betetzen dituen jakiteko, kontrolak egiten dira, eta zerbait egoera txarrean etortzen bada edo kontrola pasatzen ez badu, hornitzaileak aldatzen dira.
Gaixo bakoitzari berea
Gaixo bakoitzak bere dieta izaten du; erizainek gaixo bakoitzaren egoeraren berri ematen dute, eta dietistak, hori aztertu ondoren, gaixo bakoitzari behar duen dieta edo menua jartzen dio. Gaixo bakoitzari bere osasun arazoaren inguruko dieta espezializatua jarri behar zaio, eta”gaixoei egindako ebakuntzak ere eragina dauka dietan; eztarritik operatua izan den batentzat, esaterako, menua ezberdina izango da”.
Ez dute menua urte guztian berdin mantentzen, egun berezietan aldatzen dute, Eguberrietan edo Urtezaharrean esaterako, “menu bereziagoak” egiten dituzte, eta igandetan ere kruasanak eramaten dituzte.
Garbia izan behar du ospitaleko janariak, eta askotan dietistek gatzik gabeko menuak egiten dituzte: “Orduan hasten dira gaixoen protestak”. Sukaldariak esan duenez, gehienetan adineko jendea hasten da protestan; “janari honi gatza falta zaio!” eta horrelakoak esanez: “Baina hori ez da gure gauza, guk bidaltzen digutena egiten dugu”, azaldu du.
Azkenaldian, hainbat ospitaletan, gaixoek bi menuren artean hautatzeko aukera izaten dute; Arrasateko ospitalean ere horrela egiten da. “Gaixoek bi aukera dituzte lehenengo plater moduan eta beste bi bigarren plater moduan”, eta bakoitzetik bat aukeratu behar dute: “Hori bai, normal jan dezakeenak bakarrik du hautaketa egiteko aukera hori”.
Garrantzitsua da ospitaleko janaria oso koipetsua ez izatea: “Askotan ezin da plater bat etxean egingo zenukeen bezala prestatu; esaterako, etxean dilistei txorizoa botako bagenioke ere, ospitalean barazkiekin egiten saiatzen gara”.
Leave a Reply