Zientzia politikoetan eta soziologian doktorea da Domingo Comas (Bartzelona, 1951), eta gazteria politikei buruzko hainbat argitalpen egin ditu. Asteartean hura izango da hizlaria, eta, haren hitzetan, “topaketetako aitona”.
Zertaz hitz egingo duzu hitzaldian?
Gazteria alorreko profesional eta gazteen erakundeentzat izango da hitzaldia. Krisiaren ondorioz egindako murrizketek gazteen inguruko politikei nola eragin dien plazaratuko dut. Gipuzkoa salbuespenen artean dago: gazteria politiken egitura partzialki salbatu den lurralde gutxienetako bat da. Aurretiazko plan bat zegoen, oso ondo antolatua, eta eragile sozial eta politikoen arteko adostasun handia zuen.
Zeri eragiten diete murrizketek?
Batez ere, gazteen elkarteei, kontseiluei eta horien finantzatzeei. Gazteentzako hainbat politika aktibo ere desagertu egin dira. Hain justu, gazteen belaunaldi indartsuagoa, potenteagoa, formakuntza handiagokoa behar dugun honetan, aktiboen zeuden taldeak lehen egiten zituzten ekintzak bertan behera uztera behartuta daude.
Zer-nolako harremana izan behar dute bi aldeek?
Paternalismoak ez du balio, ezta “zein garrantzitsuak zareten” eta “etorkizuna zarete” bezalako formulak erabiltzeak ere: horiek errealitate izan daitezen baliabideak jarri behar dira. Alde horretatik, Gipuzkoa salbuespena dela esan dut; ez erabat, baina bai erlatiboki. Egitura guztiak desagertzen ari dira iritzi publikoa konturatu gabe, eta, batez ere, horien programen desagertzeak zenbaterainoko eragina duen konturatu gabe. Elkarteei kritika bat ere egin behar diet: zenbaitetan, ez dute jakin egiten dituzten ekintzen garrantzia gizarteratzen.
Zergatik da Gipuzkoa salbuespena?
Gazteentzako politikak aldundiaren eskumenekoak izan dira, eta beste administrazio batzuk baino aktiboagoa izan da. Urteak dira gazteriaren alorrean jende oso konprometitua duena, potentea. Oinarri on batetik abiatzen denak ez ditu besteek adinako arazoak izango. Gazteria alorra aldundiaren lehentasunetako bat izan da beti, eta bide horretan jarraitu behar luke: horrela lortzen dira gazte ekintzaileagoak, behar soziala asetzeko gaitasun handiagoa eta abar.
Ezagutzen duzu nazioartean eredugarria den kasuren bat?
Europan denetik dago. Krisiak batasun guztian eragin du: iparraldeko herrialdeetan, murrizketak txikiagoak izan diren horietan, krisiaren aurretik garatzen zituzten politikekin jarraitzen dute egun. Europan dokumentu batzuk adostu ziren, batasuneko kideek derrigorrez jarraitu beharrekoak, baina praktikoki estatuek ez dituzte betetzen. Aldundia bide horri jarraitzen saiatu zen. Memeloarena egiten ari gara Europan.
Gazteria aktiboa da?
Uste duten baino gehiago. Gazteek errudun konplexua dute, oso pasiboak direla eta ez dutela nahikoa egiten pentsatuz. Eta ez da egia. Ez zaie ekiten uzten, geldiarazi egiten dituzte.
Zer deritzozu administrazioa gazte elkarteetara hurbiltzearen ahaleginari?
Oso ondo iruditzen zait, betiere, horrek ez badakar administrazioekiko jarrera mendeko eta subsidiarioa, orain arte gertatu den bezala. Gazteen elkarteak benetan autonomoak izan behar dute, eta horretarako moduak bilatu behar dira.
Leave a Reply