Mikromatxismoak bizitasun txikiko jarrera matxistak dira. Oso sotilak direnez, normal-normal ikusten direnez, ezkutuan gelditzen dira”. Definizio hori eman du Pepa Bojo psikologoak. Adibideak barra-barra daude: “Mikromatxismoek dena blaitzen dute. Telebistako programak ikusi besterik ez dago: han sumatzen diren erlazioak, bakoitzak duen tokia, batzuek eta besteek dituzten rolak… ematen dituzten eredu batzuk argi eta garbi matxistak dira. Beste asko ezkutuagoan daude. Lankideari hitz egiteko modua, batzuek eta besteak tratatzeko modua, bikote barruan izaten diren hainbat eta hainbat egoera mikromatxismoak dira”.
Hain zuzen, hilaren hasieratik mikromatxismoei buruzko tailer bat gidatzen ari da Arrasateko Jabetze Eskolen barruan. Matxismo mota horiek mikro deitzearen arrazoia zein den azpimarratu nahi izan du Bojok: “Mikromatxismo izena edukitzeak ez du esan nahi ondorio garrantzitsuak eragiten ez dituztenik; alderantziz. Mikro deitzearen arrazoia beste bat da: hain zuzen, ezkutuan daudela”.
Tailerreko parte hartzaileentzat ez daude ezkutuan, ordea. “Taldeko emakume guztiek kontzientzia handia dute genero rolen inguruan eta gizon-emakumeen artean dauden desberdintasunen inguruan. Bide bat egina dute, eta argi dute desberdintasunak badaudela”. Tailerraren helburuetako bat da mikromatxismoak ikusaraztea, baina ez hori bakarrik: “Sorkuntza tailer bat ere izango da. Material bat sortzea da asmoa, eta material horrek balio izatea beste pertsona batzuei azaltzeko zer diren mikromatxismoak. Oraindik ez dakigu prozesua zein izango den, hori haiek erabaki behar dutelako. Ipuin bat izan daiteke, ikus-entzunezko bat, edo beste zerbait”. Kontzientzia hartzeaz gain, zerbait sortu eta hausnarketa bat egitea da tailerraren helburua.
Arrasateko Emakumeen Txokoak hainbat ikastaro eta tailer antolatu ditu Jabetze Eskolen barruan. Haientzat denak dira interesgarriak eta beharrezkoak, baina ikastaro hau aipatu dute bereziki. “Jakina da, gaur egun, emakumeok sufritzen dugun biolentziak forma ezberdinak, sotilagoak hartu dituela. Egunero, oharkabean, mezu eta jarrera matxistak bizi eta erreproduzitzen ditugu”. Hain zuzen, aurtengo erronketako bat izan dute gai hau lantzea. “Bakoitzak bere egunerokotasunean bizi dituen egoerak identifikatu eta horiei buelta emateko tresnak eskaintzea da gure asmoa”, azaldu dute.
Mikromatxismo motak
Luis Boninok deitu zion lehenengo aldiz mikromatxismoak izenez errealitate honi. Hainbat egoera aztertu, eta katalogatu egin zituen. Hark hainbat mota bereiztu zituen, Bojoren arabera: “Ezkutuko mikromatxismoak daude; mikromatxismo funtzionalak; krisikoak; eta hertsagarriak ere bai”.
Ezkutukoak oso sotilak dira. “Gizonezkoak une oro saiatzen dira beren nahiak inposatzen eta beren nagusitasuna mantentzen. Esaterako, bikotekideari komunikazioa ukatuz, hitz egiteko intimitatea zailduz, isiltasun eta bakartzearekin… Edo, hitz egin arren, ardurarik ez hartuz bere gain, eta ardura guztia besteari egotziz, guztia besteari aurpegiratuz eta errua botaz. Zure bikotekidearen iritziak gutxiestea, hura irrigarri uztea, beti oso modu sotilean, hori ere mikromatxismoa da”.
Mikromatxismo funtzionalak gizonezkoek emakumeen rol eta gaitasun tradizionalak beren alde erabiltzen dituzten kasuak dira. “Esaterako, gizona etxeko lanen kargu ez egitea edo bestearengan asko delegatzea, hark oso ondo egiten duela esanez”.
Krisi egoera bat dagoenean bikotean, edo emakumeak aldaketa bat planteatzen duenean, edo berarentzat denbora gehiago eskatzen hasten denean, “gizonak hainbat mekanismo erabiltzen ditu nagusitasun egoera hori mantentzeko. Azken batean, mikromatxismo guztiek nahi dute posizio tradizionala edukitzen jarraitzea. Beraz, krisi bat dagoenean kontrol handiagoa egon daiteke, xantaia emozionala egon daiteke, manipulazioa, pena eman nahia…”, azaldu du.
Hertsigarriak, azkenik, emakumearen nahiak makurrarazteko erabiltzen dira. “Esaterako, dirua kontrolatuz, beldurtuz edo erabakiak hartuz bikotekidearekin kontsultatu gabe”.
Eremu askotako arazoa
Bojok emandako adibideak bikotearen barruan gertatzen diren kasuetan oinarrituak daude. Baina horrek ez du esan nahi mikromatxismo egoerak bikote harremanetatik kanpo gertatzen ez direnik. “Mikromatxismoak hain sotilak direnez, maila pribatuko kasuak aipatzen dira gehienbat. Baina badago mikromatxismorik lanean? Eta beste esparru batzuetan? Hain zuzen, tailerrean horixe ari gara lantzen orain”. Bojoren ustez, ez da bikote harremanetara mugatzen den kontua. “Mikromatxismo bat da, esaterako, gizonak espazioa bereganatzea, eta etxean berak toki gehiago edukitzea emakumeak baino. Hori lan arloan, kuadrilla batean, gaztetxe batean ere gerta daiteke. Gizonezkoek espazio fisiko gehiago okupatzea emakumezkoek baino. Gauza bera gertatzen da gizonek hitz egiteko aukera gehiago baldin badute, edo haien hitza gehiago hartzen bada kontuan”.
Egoera horietan, zer egin? Erantzuna ez da erraza Bojorentzat. “Ez gara gaixotasun batez ari hizketan, ez da botika bat hartzea eta sendatzea bezala. Mikromatxismoak eraistea prozesu bat da. Emakumeok geure buruaren jabe egin behar dugu pixkanaka. Nor bere bizitzaren jabe egiten hasten denean, bikote barruan, kuadrillan nahiz lanean, konturatzen da erabakitzeko, hitz egiteko, ideiak azaltzeko eskubidea duela. Horiek erabiltzen hasten da, eta dena aldatzen du horrek”. Hain zuzen, hori da bikote erlazioetan nahiz bestelakoetan gertatzen ari dena, Bojoren ustez. “Emakumeek gauzak aldatu nahi dituzte, hitz egiten, adierazten ari dira. Eta, noski, hor ikusten da jatorrak ziren gizonezko horiek, matxistak ez ziren horiek, bat-batean hainbat erreakzio dutela. Zergatik? Beren pribilegioak galtzeko beldur direlako. Hain justu, beren burua matxistatzat ez dutenen egunerokoaren parte dira mikromatxismoak. Berdintasunaren alde daudela aldarrikatzen dute, baina beren etxean bikotekideak egiten ditu etxeko lanak, beraiek kiroldegira joan beharra dutelako”. Bojok azaldu duenez, halako kontraesanetaz hitz egiten dute saioetan. “Lanketa bat egin behar da kontraesan horien inguruan, emakumea bere buruaren jabe egiteko bidean. Hala, aurrean dagoen gizonari ere ikusaraziko diogu zein den egoera. Emakumeak esango dio berak ere nahi duela denbora beretzat, eta berriz negoziatu beharko dutela lanen banaketa”.
Lan asko egiteko
“Mikromatxismoen inguruan lanean ari diren adituek diote egoera horiek ikusaraztea dela lehen pausoa”. Argi du hori Bojok: “Oraindik desberdintasunak dauden gizarte batean gaudela ohartarazi behar dugu. Matxismoak hemen jarraitzen du, eta gizarte osoa kutsatzen du. Gauza asko lortu da, baina asko dago egiteko”.
Bojoren ustez, gizartearen zati handi batek uste du berdintasunean bizi direla. “Lan arloan lorpen batzuk egon dira, neska-mutilak ordu berean etxeratzen dira asteburuetan, eta halako kontuengatik, jende askok, gazteek batik bat, uste dute jada ez dagoela desberdintasunik, ezta matxismorik ere”. Horregatik, mikromatxismoak azaleratzea garrantzitsua da psikologoarentzat. “Ikusteko zailagoak diren gauza hauetaz hitz egiten jarraitu behar dugu orain. Esaterako, bikote bat elkarrekin bizitzen hasten denean, zergatik neskak ez dauka denborarik ezertarako, eta mutilak berdin-berdin edukitzen jarraitzen du? Mikromatxismoa da hori. Gaiaz hitz egitea da gauza hauek ikusarazteko modurik onena”.
Maila teorikoan lantzen ari dira gaia. Baina zein da egoera maila instituzionalean, hezkuntza arloan edo legediari dagokionez? Bojoren ustez, “maila guztietan asko dago egiteko”. Lege arloa aipatu du aurrena. “Argi dago badagoela zer egin oraindik: soldatetan dauden desberdintasunak hor daude. Horrek erakusten du berdintasuna ez dela benetakoa, ezta lege edo lan arloan ere”. Egunerokotasunean, kalean ere egoera bera dela uste du: “Eguneroko erlazioetan, eskolan, kalean, irakaskuntzan, irratian, prentsan… ikaragarri dago egiteko oraindik”.
Gainera, ez da ahaztu behar mikromatxismoak erraztu egiten duela tratu txarrak eta halako muturreko egoerak agertzea. “Botere-sumisio jarrerak egunerokoan daudenean, desberdintasun egoerak daudenean, oldarkortasunari bidea erraz egiten zaio. Erraztu egiten ditu tratu txarrak. Hain zuzen, tratu txarrak hor daude, eta gero eta gazteagoei ari da eragiten. Nik askotan esan dut ohartu behar dugula desberdintasunak benetakoak direla oraindik. Eta aginte-sumisio erlazioak egunerokoaren parte direla. Telebistan agertzen diren ereduetan ere ikusten da, eta hori benetan inportantea da gazteentzat”.
Egiteko asko egonagatik, mandako aurrerapausoak ere ikusten ditu Bojok. Jabetze Eskolak eta halako tresnak izan daitezke horren adibide psikologoarentzat: “Gero eta herri gehiagotan ari dira egiten berdintasun planak, berdintasun protokoloak eta plan estrategikoak. Egiten ari dira, lege arlotik ari dira, eta Eusko Jaurlaritzak bultzaturik”.
Haren ustez, ez da beharrezkoa mikromatxismoei buruz zuzenean hitz egitea eremu guztietan, baina ahal den espazio gehienetan berdintasuna lantzea funtsezkoa dela iruditzen zaio. Eta horretan sakontzen ari dira irakaskuntzan eta gisa horretako eremuetan. “Ikastetxe batzuetan, esaterako, hezkuntza emozionala lantzen ari dira, tratu onak eta berdintasunezkoak lantzen ari dira, eta hori da garrantzitsua. Bestetik, oraingoz ez da derrigorrezkoa eskolan halako lanketak egitea, eta pena handia da”. Bojok argi du derrigorrezkoa behar lukeela horrek.
Leave a Reply