Minutu bat

Segundo gutxi batzuetan bizitza osoa begien aurretik pasa zitzaion norbait ezagutzea ohikoa da edonorentzat. Begien aurrean heriotza ikusten denean izaten omen da hori. Batzuek minutuka bizi dute bizitza. Beste batzuk minutuak zer-nola pasatzen diren begira bizi dira, irautea bera izanik bizitzeko modu. Bizitzea egokitu zaigun aldiari ezin diogu minuturik erantsi; beraz, eman diezaiegun minutuei bizitza.

Minutu batean ezinezkoa da minutuari buruz esan eta idatzi dena oroitzea. Hau ere nekez irakurriko duzu minutu batean, baina orduak eta orriak bete genitzake minutu hitzari tiraka, soka etengabea osatuz.

Minutu batean mundua kabitzen da. Hirurogei segundo baino ez direla esango dit norbaitek, edo areago, bizitzako partikula ezdeusa. Baina ez da hala. Bizitzaren eta heriotzaren arteko muga zeharkatu daiteke tarte txiki horretan.

“Zaude minutu batean” esan zenion hura oraindik ere zain duzu. Minutu bat baino ez zela izango esan zizun mediku hark bizi osorako gaitza diagnostikatu dizu. Minutu bat berandu iritsi zinelako trenak ihes egin zizun, eta geroztik zure geltokiaren bila zabiltza. Minutu bat ez eskaintzearren betiko galdu duzun lagunaren telefono zenbakiaren bila alferrik ariko zara orain.

Munduko azkarrena segundoen neurgailuaren arabera erabakitzen da. Bonbak lehertzen diren hainbat lurraldetan kokapen aldaketaren garrantzia denborak neurtzen du. Urteetako lana galtzeko aski dira bi hitz eta instante bat.

Segundo gutxi batzuetan pentsatutako bertsoaren ibilbideak har dezake 60.000 milisegundoko tartea, eta entzuleen belarrietan eztanda egin, eta barrua irauli. Segundo bat aski da denen ahotan ibiltzeko.

Hobe da bizitzako minutu bat alferrik galtzea, minutu alfer batean bizitza galtzea baino. Hitz sakratua da ezbairik gabe. Polisemikoa semantikaz harago bizipenen gramatikan. Bakoitzaren baitako grafian ikur eta hizki ezberdinez idazten eta bizitzen dena. Balioen eskalan ez du jarraipen ordenatua, eta alferrik da zati berdinetan bana daitekeela ziurtatzea. Zientziak ezin du gure minutu bakoitza zatitu, ezta denboran sailkatu ere.

Egin duzun galderaren erantzuna premizkoa duzunean, eta leku, denbora eta espazioa isiltasunak bereganatzen duenean, zer gertatzen da? Mundua geratu egiten dela, ezta? Hala denbora da geratu dela iruditu zaizuna? Minutu batean zenbat gauza igarotzen zaizkizu burutik? Minutua min urtua da entzun nahi zenuena aditzean. Minutua, ordea, min zuhurtua da entzun nahi ez zenuena entzutean. Har ezazu minutu bat nahi duzun hura egiteko. Datozen egunetan eskertuko duzu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.