Pozoitutako kanapeak

Artikulu hau orrialde honen goiko ezkerreko izkinan idatzitako egunez irakurtzen baduzu, jakin ezazu gaur Berlingo Euskal Etxeko urteroko afaria egitera goazela. Iñigo Urkullu ez dago gonbidatuen artean, hamabost euroko menua prestatuko digute —edariak barne— eta norbait gorbata jantzita azalduz gero, ostikoka airean irtengo da handik. Juan Karlos Izagirreren mezurik ere ez dugu espero. Ia hobe: New Yorkera bidalitako ditxosozko bideoan bere ingelesa Ana Botellarena baino hamazazpi bat aldiz okerragoa dela egiaztatu ondoren, beldurra eragiten du Donostiako alkatea alemanez saiatzen imajinatzeak.

Elkartuko garenok kuadrilla ezin zentzudunagoa osatzen dugu, eta Manhattanen ez bezala, gaua ia ziur modu atseginean hasi eta bukatuko da. Bakea bermatzera ez naiz ausartzen, ordea. Lehendakariaren umekeriek eragindako liskar tamalgarria ikusita, batek daki etxafuegoak piztu ditzakeen txinparta nondik irits daitekeen. Nire ahotzarra mokadutxoak eta gin-tonikak berdintzeko bakarrik ireki beharko dut, badaezpada.

Izan ere, euskal herritarrok ezaugarri pare batek bereizten gaitu: biktimismoak eta elkarren arteko ezinikusiak. Baigorrin bakartuta bizi den xelebreren bat kenduta, guztiok daukagu lehentasunezko etsai potoloen taldetxo bat. Eta haren alboan, askoz zerrenda joriagoa, etengabe aztertzen eta ebaluatzen ari garen balizko susmagarriz gainezka. Disimulatzeko asmoz, kanpokoek entzuten dituzte birao ozenenak, Madrilgoek eta. Baina gorroto puruenak auzokoentzat gordetzen ditugu. Mendetako historiak ezer erakutsi ez badizu, zabaldu begiak: euskal herritarron kirol nazionala elkarri labankadaka aritzea da. Eta ez gutxitan, modu literalean.

Ni ere izan nintzen gaztea eta idealista, ez pentsa. Dominikar Errepublikara lanera iritsitakoan jausi nintzen, ordea, astotik. Hartan Santo Domingon hogei euskaldun ez ziren izango, eta bi fakziotan banatuta liskarrean zebiltzan etengabe, jeltzaleen eta ezker abertzalekoen arteko ezinikusi patetiko samarrean —txangoa egin beharra daukat hara, dedio, bietako lagunak zertan diren ikusteko—.

Baina pozoiaren itsasoan igeri bizitzeak ere baditu bere abantailak, lehenago itotzen ez bazara. Horrelako zutabe zinikoak bakarrik idazten dira, inongo esfortzurik gabe, New Yorkeko euskal etxekoa bezalako gertakari xelebreak asteroko kontua direlako. Eta herri hau sanoa eta logikoa izan daitekeen itxaropen oro galtzen duzunean, testuinguruak eskaintzen dizkizun plazer frikietaz gozatzen ikasten duzu. Hamaikabat bezalako alderdi politiko bat ezagutu izanaz, adibidez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.