Topaleku bila

Kanpalekua Legebiltzarrean du izena EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren azken egitasmoak. Eman jokoa astialdiari! lelopean, gazteen astialdi elkarteak administrazio publikora eta politikariengana hurbiltzea da haien helburua. Jardunaldiak antolatu dituzte Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Hain zuzen, datorren asteartean, hilaren 29an, Donostian bilduko dira, eta azarparem 9an, Eibarren.

“Astialdi elkarteak, eskolak, federazioak eta beste elkartzeko foro bat daukagu Gipuzkoan. Bilgune horretan agertzen dira taldeen kezkak eta beharrak, eta horietako bat astialdi elkarteen lana ezagutzera emateko beharra da”, azaldu du Oiane Fernandez Gipuzkoako Astialdi Foroko koordinatzaileak. Europako diru laguntza batzuen bidez antolatu dute Kanpalekua Legebiltzarrean kanpaina. Bestelako ekintzak antolatu izan dituzte, baina administrazio publikoa eta politikariak astialdi taldeetara hurbiltzeko lehenengo saioa da honako hau. “Formatoa berria da: lehendik egindako gauza batzuk kontuan hartuta eta parte hartze teknikariaren aholkuei jarraituta sortu dugu”, dio Itsaso Andueza EGK-ko lehendakariak.

Hiru fasetan antolatu dute kanpaina. Lehenengoa, Gazte kanpa, astialdi hezitzaileen mugimenduko eta gazteria sailetako teknikari eta politikarien arteko topaketa izaten ari da. Bilbon eta Gasteizen egin dute jada, eta asteartean egingo dute Donostian. Domingo Comas zientzia politikoetako eta soziologiako doktorearen hitzaldiarekin hasiko dute eguna, Gazteak eta gazteria politikak aurrez aurre izenburupean. Horren ostean, lurraldeko astialdi eta gazteria politiken mapa osatuko dute parte hartzaileek. “Hitzaldiak markoa definituko du, batetik, parte hartzaileek jakiteko zer diren gazteria politikak, eta, bestetik, non kokatzen diren beraiek politika horietan”, azaldu du Anduezak. “Bi egin ditugu oraingoz, eta, lurraldearen arabera, desberdinak izan dira. Zein dagoen barruan eta zeintzuk falta diren islatzen dute mapek”.

Gazteak eta astialdi elkarteak administrazio publikotik zerk aldentzen dituen aztertzea izango da hurrengo urratsa, Horma Desegiten dinamikarekin. “Kutxa batzuen bidez, oztopoak bistaratu nahi ditugu, horma bat sortuz. Batzuek eta besteek ikusten dituzten arazoak aurrez aurre elkarri esateko modua izan daiteke”, dio Fernandezek. “Oztopo horiei aurre egin diezaiekegu, eta ez du balio esateak zerbaitek ez duela funtzionatzen soilik: konponbidea zein izan daitekeen azaltzeko ere eskatzen dugu”, gaineratu du. “Oztopo pilo bat agertu ziren Bilboko eta Gasteizko jardunaldietan”, dio Anduezak. “Gazteen eta administrazioen arteko mesfidantza asko errepikatzen da, ezjakintasuna, administrazioaren edo burokraziaren moteltasuna, komunikazio falta eta orain burura etortzen ez zaizkidan hainbat gauza gehiago”, azaldu du. Fernandezen arabera, askok uste du administrazioak ez duela “ezer” egiten, eta hori ezjakintasunaren ondoriotzat du. “Izatez, gauza asko egiten dira; borondatea badago, baina, askotan, ez dituzte gure beharrak eta interesak kontuan hartzen gazteria politikak garatzen dituztenean”, dio Anduezak.

Ohi bezala, txosten bat egingo dute kanpainaren amaieran, ondorioak aterako dituzte, baina “lanean jarraitzeko zerbait” bilatzen dute. “Jendeak badaki protagonista izan daitekeela, eta horrelako espazioetan lanean jarraitzeko konpromiso batzuk hartzea lortu dugu”, azaldu du Anduezak. Topaketetan hainbat eragile batu dira, eta datozen jardunaldietan ere hala izatea espero du EGK-ko lehendakariak. “Bueno, politikariak falta izan dira. Bilbon bazegoen bat, Gasteizen ez”. Politikariak ez, baina administrazioetako teknikariak egon dira, eta itxaropentsua da hori Fernandezentzat: “Gutxienez, administrazioaren ordezkaritza txiki bat egon da: egin dezagun guk hausnarketa, eta ondoren helaraziko dizkiegu politikariei mahai gainean jarri diren kezkak eta lan ildoak. Topaketetan landutakoak ezin dira paper hutsean gelditu”.

Parte hartzearen garrantzia

Anduezaren ustez, politikariek parte hartu ez izana “hutsune handia” da. Donostian egingo diren jardunaldietara aldundiko eta hainbat udaletako teknikariak joango dira, eta politikarien aldetik, gutxienez baten presentzia izango dute, “ia ziur”. Kanpaina hasi besterik ez da egin, eta politikariak hurbiltzeko itxaropena dute oraindik.

Anduezaren ustez, astialdi elkarteen eta administrazioaren arteko harremana “ona” da Gipuzkoan: “Gazteria politikak oso zentratuak egon dira astialdira, batez ere, diru laguntzetan eta udako kanpainetan. Gainera, administrazioko teknikariek ezagutzen dituzte elkarteak, eta esan daiteke nolabaiteko harremana badagoela”. Baina “elkar topatzeko espazio bat” faltan sumatzen du Anduezak: “Parte hartze prozesuak abiatzen dituzte administrazioek, baina askotan ez da asmatzen. EGKn asko hausnartu dugu parte hartzeari buruz. Oinarri batzuk behar dituela uste dugu, eta askotan oinarri horiek ez dira betetzen”.

Elkarteen eta administrazioaren artean hesi bat dagoela uste du Anduezak, eta horrek elkarrengana iristeko erraztasunean eragiten duela: “Elkarteetan askotan pentsatzen dute ea zertarako parte hartuko duten, gero euren ahotsa entzungo ez badute. Administraziotik elkarteetara berdin, ez dakite horiei nola helarazi parte hartzeko mezuak. Komunikazio falta handia dago”. Alde horretatik, EGK-koek bien tartean daudela sentitzen dute. “Askotan formula magikoak eskatzen dizkigute, baina ez, guk ere ez daukagu halakorik. Horregatik abiatu dugu kanpaina, biak elkartu eta aurrez aurre batak besteari esan behar diona esateko”, dio Fernandezek. “Bi aldeak etortzen direnean, denek eskertzen dute bestea etorri izana”, Anduezak.

EGKren helburua gazteen perspektiba politika publiko guztietan aintzat hartua izatea da, Anduezaren arabera: “Gazteoi denak eragiten digu, ez soilik gazteria politikek: enpleguak kezkatzen gaitu, etxebizitzak, osasunak, kontsumoak, parte hartzeak… Alde horretatik, uste dut garrantzitsua dela gazteon beharrak eta interesak kontuan hartzea”. Gazteei mintzatu zaie Fernandez: “Guretzat garrantzitsuak dira gazteen ekarpenak; beraz, anima daitezela euren iritziak guri helaraztera”. Fernandezek azaldu duenez, Bilboko eta Gasteizko jardunaldietan Kanpalekua Legebiltzarrean kanpainak jarraipena izan dezala eskatu dute parte hartzaileek: “Urtean behin egin beharko genukeela esan digute, urte batetik bestera zer egin den ikusteko”. Dena den, horrelako jardunaldietan parte hartzeko “ohitura falta” egon badago Fernandezen ustez: “Elkarte asko ez dira gai sentitzen”.

Hezkuntza kanpa deitu diote kanpainaren bigarren faseari. Hezkuntza formaleko eta ez-formaleko langileak bilduko dituzte Eibarren, azaroaren 9an. Azken fasea Gizarte kanpa izango da. Astialdi hezitzaileen eta gizarte politiken arloko elkarte, teknikari eta politikarien arteko topaketa egingo dute Gasteizen, azaroaren 23an.

Leave a Reply

Your email address will not be published.