Euskara lehenesten duten udalen eguna antolatu du Zarautzen herriko EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Hizkuntza irizpideak errespetatzeko, etxetik udalera euskaraz aurrera lelopean, igande goizean jarri dute hitzordua: 11:00etan Munoa plazan.
Euskara lehenesten duten irizpideak otsailaren 27an onartu zituen udalak, osoko bilkuran: PPk izan ezik, gainontzeko alderdi guztiek bozkatu zuten alde. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, baina, helegitea jarri zion udalari duela hilabete inguru. Urtzi Odriozola Zarauzko EHEko kideak azaldu duenez, horren aurka agertzeko prestatu dute ekitaldia.
Munoa plazan elkartu, eta hondartzara jaitsiko dira, bertan “mosaiko mugikor bat” osatzeko. “Proba batzuk egingo ditugu lehenengo, eta partaideek argi dutenean zer egin, grabatu egingo dugu. Sarearen bidez zabalduko dugu”, azaldu du Odriozolak. Mosaikoa osatu ostean, kalejiran joango dira udaletxera, eta parte hartzaileen artean “horma moduko bat” irudikatzeaz gain, hamaiketakoa egingo dute bertan: “Jai giroan pasatuko dugu goiza”.
Urkijoren helegiteari “erantzun bat emateko beharrak” bultzatu ditu igandeko ekitaldia prestatzera: “Azkena Zarautz izan da, baina euskara lehenesteko hizkuntza irizpideak bere egin dituzten beste udal batzuei ere jarri die helegitea Urkijok; Zestoakoari, adibidez”. Odriozolak baieztatu duenez, ez daude prest udalak euskaraz funtzionatzeko erabakiari helegitea onartzeko: “Eraso handia da. Zenbat eta jende gehiago mobilizatu, orduan eta herritarren sostengu eta atzera ez egiteko indar handiagoa jasoko dute irizpide horien alde egin duten udalek”. Ekitaldi horren bidez, jendeak “kontzientzia hartzea” ere nahi dute: “Udalak euskara lehenetsiko duela dioenean, benetan zertan eragingo dien jakinarazteko eta zer dagoen jokoan ohartarazteko”. Igandeko ekitaldia ez ezik, sarean ere martxan jarri dute atxikimenduak jasotzeko kanpaina: “Euskal Herri osoan erantzun handia jasotzen ari da”.
“Hainbat arrazoi direla-eta” hartu ditu Zarauzko Udalak euskara lehenesteko hizkuntza irizpideak, Gari Berasaluze euskara zinegotziak azaldu duenez. Horietako bat da joan den urtean Urola Kostako udalen mankomunitateak onartutako hizkuntza dekalogoa: “Dekalogo horrek hainbat puntu ditu. Horietako batek esaten du mankomunitateko udalen hizkuntza nagusia euskara dela, eta, beraz, udalei dagokiela euskara berreskuratzeko urrats sendoak egitea”. Berasaluzek baieztatu duenez, aldundiak kontratazioak egiteko oinarrietan hizkuntz eskakizunak eskatzearen erabakia da beste arrazoietako bat: hainbat udalek bat egin zuten horrekin, Zarauzkoak ere bai. Azkenik, “urtez urte herriko euskaldunok eta euskalgintzan lanean aritu direnek egindako eskakizunei erantzunez”, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu zen Zarautz otsailean. “Hori guztia kontuan harturik, hizkuntz irizpide berriak behar genituela ikusi genuen, eta horiek dira otsaileko osoko bilkuran onartu genituenak”.
Oposizioarekin irizpide berrien nondik norakoak landu eta adostu ostean, ia aho batez onartu zituzten: hogei boto alde, eta abstentzio bat, PP alderdiarena. “Argi geneukan hizkuntz irizpide horiek martxan jartzea ez zela udal gobernu baten kapritxoa, eta horregatik, adostasun handia lortu nahi genuen oposizioko alderdiekin”.
Berasaluzek azaldu duenez, hizkuntz irizpide berriak adostu aurretik, Zarautzen milatik gora herritarrek eskatu zioten udalari horrekiko harremanak euskara hutsean mantendu nahi zituztela: hizkuntz irizpide berrien bidez, egoera horri buelta eman nahi izan diote. “Orain udala euskara hutsean aritzen da herritarrekin, eta hartu-emanak gaztelaniaz izan nahi dituztenek eskatu besterik ez dute egin behar”, dio. Hala, Zarautzek 23.000 biztanle inguru izanik, 200 lagun inguruk eskatu dute udalarekiko harremanak ele bitan izatea: “Herritarrek normal hartu dute urratsa, %90ek ulertzen baitute euskaraz: %74 euskalduna dira, eta beste %16 inguruk ulertzen dute, hitz egiteko zailtasuna izan arren”.
Berasaluzeren iritziz, Urkijoren helegiteari ez dago nondik heldu: “Errotak dauden lekuan erraldoiak ikusteko gogoari erantzuten dio. Euskaraz bizitzeko hautuan oztopoak besterik ez dugu topatzen, behin eta berriz: Urkijorena beste bat da. Hizkuntz irizpideokin ez ditugu inoren hizkuntz eskubideak zapaltzen”.
Berasaluzek uste du instituzioek “zeregin handia” dutela hizkuntzaren normalizazioan, eta arlo horretan Zarauzko Udalak “erabaki ausarta” hartu duela dio. Otsailean onartu arren, duela gutxi jarri ditu Zarauzko Udalak hizkuntz irizpide horiek martxan: “Puntu pila bat ditu irizpideen zerrendak, eta banan-banan erabaki behar genuen bakoitzean zein modutara erantzun behar duen udalak”.
Leave a Reply