“Herritar batekin ikasi dut pilotak egiten”

Gaztetatik hasi zen Juan Karlos Otero (Alkiza, 1966) esku pilotagile lanetan. Alkizan jaio zen, baina gaztea zela Anoetara joan zen bizitzera. Pilotagile izateaz gain, pilotan ere jokatzen du txikitatik. Gaur egun, Anoetako Apeadero kaleko garaje batean lan egiten du. “17 urte nituela hasi nintzen ofizio honekin; lehenengo urteak entretenimendu moduan izan ziren. Nolabaiteko hobby bat zen hasieran, eta ofizioa pixka bat ezagutu eta horren inguruan zerbait ikasteko hasi nintzen”, esan du Oterok.

16 edo 17 urte zituela, herritako pilotagile bat ezagutu zuen; biak pilota munduan aritzen ziren, Otero bera ere palari izandakoa baita. Orduan, pilotagile hari pilotak egiten laguntzen hasi zen; bide batez, nola egiten ziren ikasteko. Horrela hasi zen alkizarra pilotagile lanetan. “Herritar batekin ikasi dut pilotak egiten, baita neuk egiten dudan inbestigazio lanagatik ere, beste pilotak ireki, barruan zer daukaten ikusi… Pilota munduan ere araudi bat dago, pisuarekin, neurriarekin eta materialarekin lotura duena, eta horren arabera egin behar dugu lana”, esan du Oterok.

Hasieran, herriko elkarteentzat hasi zen pilotak egiten, baina, denbora joan ahala, handik eta hemendik hasi zitzaizkion pilotak eskatzen, eta azoka batzuetara joaten ere hasi zen: “Horretarako, pilota ezberdinak eta gutxieneko pilota kopuru bat behar duzu”.

Bakarrik hasi zen pilotak egiten, baina gero proiektu berri bat sortu zuen, ikasteko pilotak egiteko. Momentu hartan hasi zen bere egungo lankideekin lanean, eta anaiak ere laguntzen zion: “Orduan hasi ginen kopuru dezentea produzitzen, eta, nire ustez, hor hasi zen afizioa ofizio bihurtzen”. Gaur egun, lau sozio dira; Otero bakarrik hasi bazen ere, 2002tik aurrera kooperatiba bihurtu ziren.

Gaur egun, hainbat lekutan saltzen dituzte pilotak: azoketan, dendetan, federazioetan… eta norbera partikularki pilotak egiten dituzten lekura joanda ere eros daitezke.

Pilotak egiteko pausoak

Oteroren esanetan, pilotak egiteko prozesua oso oinarrizkoa da; besteak beste, pilotak egiteko orduan beharrezko material hauek behar direla adierazi du eskulangileak : kiskia, artilea, kotoizko haria eta larrua. Kiskia pilotak botea emateko da; artilea, pilotari gorputza ematen diona; kotoia, artile hori eusten duena, eta larruak pilotak behar duen sendotasuna ematen dio iraun ahal izateko.

Pilota motaren arabera, material bakoitzetik kopuru jakin bat jarri behar da. Materiala jartzeko modua ere aldatu egiten da pilota motaren arabera. Pilota bat egiten pasatzen duen denbora ere pilota motaren araberakoa izaten da. “Ez da berdin umeentzako eskuzko pilota goxo bat egitea edo zesta-puntarako pilota bat egitea; sekulako aldea dago”, esan du pilotagileak. “Lehenengoarekin ordu erdi edo hiru ordu laurden nahikoa dira asko jota; bigarrengoa pare bat ordu edo hiruan egin daiteke. Umeentzako pilota bat momentuan egin daiteke, eta profesionaletako pilota bat, erremontekoa, palakoa eta abar egitea, egunetan egin beharreko lana da. Goma jarri, larrua jarri, lehortzen utzi eta jotzeko momentuak behar ditu. Prozesua luzea da berez”, gaineratu du.

Modu mekanizatuan ere egin daitezke esku pilotak, baina muga bateraino. Artisau batzuek eurek asmatutako makinak dituzte pilotak modu mekanizatuan egiteko: “Makina hauek artisauek asmatutakoak dira; ez dago horrelako makinarik merkatuan, ez da dendara joan eta garbigailu bat erostea bezala”. Haria eta goma era mekanizatuan jar daitezke, baina, pilotagileak esan duenez, “ez dago guztiz modu mekanizatuan egindako pilotarik; bukaera denek berbera dute, denak eskuz bukatu behar dira. Azken finean, larrua eskuz josi behar da”.

Beste ofizioek bezala, pilotak egiteak ere baditu zailtasunak: “Pilotak nahi duzun soinua ateratzea, klaskatako hots berezi hori, nola jokatuko duen zure pilotak frontoian pilotak azpitik etorri behar badu… horrekin asmatzeak dauka zailtasuna”.

Hainbat motatako pilotak

Era guztietako pilotak egiten dituzte, nahiz eta eskuzkoak izan haien espezialitatea. Gehienbat, pilota goxoak, erdi goxoak, erdi tokekoak eta toke gogorrekoak egiten dituzte; baina, errebotekoak, xarekoak eta erremontekoak ere egiten dituzte enkarguz. Hala ere, “gehien saltzen dena eskuzko pilota da; pilota goxo bat eginda, 5-6 urteko haurrek joka dezakete horrekin, pilota gustatzen bazaie”. Erremontean eta horrelakoetan zailagoa da umetatik jokatzen hastea, materiala ez baitago prestatuta hain gazte jokatzen hasteko.

Pilotak egitea bezainbeste gustatzen zaio Oterori pilotan jokatzea. Eskuzko jokoko pilotak ere aldatu egin dira urte batzuetatik hona. Orain dela urte batzuk sakea hiruko koadroan egiten zela eta jokoa bost eta seiko koadroetan ibiltzen zela esaten da, nekez jokatzen omen zen zazpiko koadrotik atzera.

Gaur egun, berriz, frontisetik urrutiago jokatzen da, eta, horren harira, pilotak eragin handia duela esaten da: “Gaur egun pilota biziagoa izatea eskatzen da; puntu bat txikiagoa ere bada, baina pisua mantendu eta azkarragoa izatea nahi baduzu, pilota gehiago estutu behar da; geroz eta gehiago estutu, orduan eta biziagoa geratzen da”. Eta hauxe gaineratu du: “Gaur egun, pilota kantxa guztian hara eta hona ikustea gustatzen zaio jendeari, eta, horretarako, pilotak bizia izan behar du”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.