Hurrengo urratsa: eskualdea

Aldundiak, 2014ko aurrekontuak egiteko, 500.000 euroko diru saila bereiztu du, herritarrek erabaki dezaten zertan inbertitu. Horretan ari dira, parte hartze prozesu baten bidez, urriaz geroztik. Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan martxan jarritako proba aitzindaria da; gerora, lurralde osora zabaltzea da asmoa. Bilera irekien, etxeetan banatutako fitxen eta sarearen bidez jaso dituzte ekarpenak, eta hurrengo urratsa lehentasunak finkatzea izango da. Balorazio hori egiteko, datorren asteazkenerako, hilak 6, batzar irekira deitu dute Azkoitiko Elkargunean, 18:30ean.

Jasotako ekarpen guztiak aztertu ostean, guztira, 124 proposameneko zerrenda osatu dute, Arantza Ruiz de Larrinaga diputazioko parte hartze zuzendariak azaldu duenez. Asteazken goizean zerrenda hori aztertu eta proposamenak bereizi zituzten, zegokien administrazio publikoa zein den aztertu eta horren arabera banatzeko: “Departamentu bakoitzeko teknikariek —aurrekontuak egiten ere parte hartzen dutenak— eta politikariek bilera egin zuten, eta ekarpen bakoitza noren eskumena den zehaztu zuten: gurea, Eusko Jaurlaritzarena edo Espainiako Gobernuarena. Udalei dagozkienak ez genituen kendu, eta Azkoitian aztertuko den zerrendan joango dira”. Arratsaldean, berriz, eskualde mahaiaren bilera egin zuten, bost herrietako ordezkariekin: proposamenak zein irizpideren arabera lehenetsi erabaki zuten bertan. Datorren asteazkeneko batzarrera bost herrietako biztanleak joan daitezke: “Emandako irizpideen arabera, jendeak proposamenen zerrendatik batzuk lehenetsi beharko ditu, bozketa sistema antzeko baten bidez”.

Parte hartze prozesua abiatu aurretik ez zuen aurreikuspenik egin Ruiz de Larrinagak, baina behin zerrenda eskuan duela, egungo egoera sozial eta ekonomikoak isla izan duela uste du: “Alor bakoitzean dauden ekarpenen kopurua ikusita, antzematen da jendea zerk kezkatzen duen: garapen ekonomikoa, ingurumena eta gizarte politikak dira pisu gehien hartu dutenak. Bizi garen testuingurua ikusita, ekarpen logikoak dira”. Ruiz de Larrinagaren ustez, atera diren ekarpenek erakutsi dute jendea jabe dela bizi den inguruaren egoeraz eta beharrez, eta, ildo horretan, “zentzuz” jokatu duela.

Eskualde ikuspegia asmo

Hala, asteazkeneko batzarrean proposamen gehien duten alorrekin zerikusia duten proiektuek pisu handiagoa izango dutela aurreikus daiteke, Ruiz de Larrinagaren ustez. Izatez, aldundiak ez du irizpiderik ezarriko, baina saiatuko dira proiektuak ez daitezen herri jakin batean bakarrik zentratu: “Herri mailaz gain, eskualdean egingarriak izan daitezkeen proiektuak ere bultzatu nahi ditugu. Oreka hori zaintzea interesgarria iruditzen zaigu. Hori izango da gure proposamena, baina azken hitza batzarrera azaltzen diren herritarrek izango dute”.

Honako hauek dira eskaeretako batzuk: eskualdeko sare ekonomikoa berritzeko plana egitea, tokiko kontsumoa eta berrikuntza teknologikoa sustatzea, hiri hondakinak derrigorrez jasotzeko sistema jartzea, tokiko energiari lehentasuna emanez burujabetza energetikoa lortzeko plana egitea, etorkinak integratzeko harrera ikastaroak ematea, gazte ezinduentzat aisialdi programak osatzea eta hirugarren adinekoentzat zerbitzuak eskaintzeko kooperatiben aukerak aztertzea. Horrez gain, hainbat eskaera izan dituzte haur eta gazteentzako politikek eta mugikortasunarekin lotutako politikek.

Azkoitiko bileran ateratzen den zerrendatik “lehenengo hogei edo 25 proposamenak” hartu eta dagokien departamentuetara bideratuko dituzte, bi aste inguruko epean proposamen horiek aztertu eta juridikoki zein ekonomikoki bideragarriak ote diren aztertzeko. Proiektu bakoitzaren balioa ere zehaztuko dute, hau da, bakoitzak zenbateko kostua izango lukeen zehaztu. Azaroaren 28an egingo duten eskualde mailako bigarren bilera irekira eramango dituzte horiek: “Teknikari, eskualdeetako ordezkari zein herritarrek parte hartuko dute bertan, eta hor ikusiko da ea lehenetsitako proposamenetatik zeintzuk gauzatu daitezkeen eta zeintzuk ez”. Egin daitezkeen proiektuen balioak gehituz joango dira, 500.000 eurotara iritsi artean: “Hor ikusiko dugu ea proiektu txiki asko edo handiak eta gutxiago egingo diren”.

Parte hartzea bultzatzeko irekitako bideetatik sarearen bidezkoa izan da oihartzunik txikiena izan duena: “Nire ustez, zerikusi handia izan du epeak, hau da, webgunea martxan jarri zenetik ekarpenak egiteko azken egunera arte herritarrek horren bidez parte hartzeko izan duten tarteak. Denboraz larri ibili gara aurten”. Dena den, parte hartzeko hainbat bide egon izana “beharrezkoa” iruditzen zaio Ruiz de Larrinagari, bilera irekietara joan ezin izan zutenek, adibidez, beste aukera batzuk izan zitzaten. Momentu honetan abian den autobus zerbitzuak hobetzeko prozesuan, adibidez, jende gehiagok parte hartu du sarearen bidez, eta horren atzean hainbat arrazoi daude diputatuaren ustez: “Denbora gehiago egoteaz gain, eta parte hartzaile potentzialak gehiago izateaz gain, gaia bera ere gertuagokoa suerta dakioke jendeari. Aurrekontuek zenbakiekin dute zerikusia, eta pentsatzen dugu askotan ez daukagula gaitasunik horietan eragiteko”. Alde horretatik, Ruiz de Larrinagak gogoa duen oro deitu du parte hartzera, “edonork” parte har baitezake, modu “errazean”.

Guztira, 135 lagunen ekarpenak jaso ditu aldundiak, eta parte hartze zuzendariari “interesgarria” iruditzen zaio batzuek banako gisa eta beste batzuek eragile edo taldeen izenean parte hartu izana. Bileren lehenengo erronda pasata, Ruiz de Larrinaga pozik dago abiatutako prozesuarekin: “Nahiz eta jakin eskualde jakin batean egiten ari garen proba aitzindaria dela, nire ustez, urrats garrantzitsua egiten ari gara. Bai metodologikoki bai teknikoki, planteamendu interesgarria egin dugula iruditzen zait: orain arte egindako parte hartze prozesuekin alderatuta, jauzi bat eman dugu”.

Kanpo eta barne antolaketa

Herritarren artean parte hartzea bultzatzeaz gain, horrek “etxe barruko antolaketa” eskatzen du: “Aldundia bezalako erakunde handietan ez da ohikoa halakoak egitea”. Alde horretatik, sentipen ona du Ruiz de Larrinagak: “Guretzat oso interesgarria izan da esperientzia, proba aitzindari honen diseinua bera ere parte hartze prozesu baten bidez egin baikenuen. Oso aberasgarria izan da, hasieratik departamentu guztien oniritziarekin eta koordinazioarekin jardun baitugu”.

Asteazkenean berriro sartuko dira herritarren ekarpenak aldundira, Azkoitiko batzarraren ostean: “Jada izan dugu lehenengo esperientzia aldunditik kanpoko elementuekin lan egiten, eta uste dut gero eta errazagoa egingo zaigula hemendik aurrera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.