Ikasle, irakasle eta herritarren kontzientzian eragiteko asmoz

Gipuzkoako Foru Aldundiak kaleratutako ikerketak erakusten duenez, energia eraginkortasun txikia du Gipuzkoak. Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxean, etengabe dihardute energia aldetik eraginkorrak eta iraunkorrak izateko lanean. Horren harira egin dituzte asteartean eta asteazkenean Energia Eraginkortasunerako Jardunaldiak, Inergetika energia kudeatzailearekin eta Andoaingo Setalde enpresarekin elkarlanean.

Duela lau urte ikastetxeak energiaren iraunkortasun eta eraginkortasunarekin hartutako konpromisoarekin bat egin dute jardunaldiok, La Salle Berrozpeko Baliabide Aktiboen arduradun Pio Erasok azaldu duenez. Orain dela lau urte lehen auditoria energetikoa egin zuten, eta hari esker, beren ahuleziak eta alde onak zein ziren jakin zuten: “Batez ere, energia aurrezteko ahuleziak genituela ohartu ginen, eta hortik abiatuta garrantzitsutzat jo genuen ikasleak eta irakasleak kontzientziatzea. Ondo egiten genituen gauzak aprobetxatuz, hobekuntza batzuk planteatu, eta horri tiraka ahalegin gehiago egin behar genituela ohartu ginen. Jardunaldiak esperimentu bezala planteatu ditugu, irakasle eta ikasleez gain, gurasoengan, Andoaingo herritarrengan nahiz enpresetako langileengan eragiteko”.

Astearte goizean, La Salle Berrozpen bertan energiaren kontsumoa kudeatzeko baliatzen duten Inerdatu plataforma aurkeztu zieten ikasle eta irakasleei. “Inergetika enpresak instalatu digun elektrizitate, ur eta gas kontsumoa kontrolatzeko sistema da Inerdatu. Plataformak uneoro elektrizitate, ur eta gas kontsumoaren datuak gordetzen ditu. Une batzuetan ikastetxeko erabileran gehiegizko kontsumoa dagoela detektatzen badu, ohartarazi egiten digu”, azaldu du. Astearte arratsaldean, guraso eta Andoaingo herritarrentzako saioan, kasu praktikoak landu zituzten: “Etxean tresna elektriko mordoa erabiltzen ditugu, eta energia iraunkortasuna zein eraginkortasuna bermatzeko erabilera egokia zein izango litzatekeen azaldu dugu. Horrez gain, interesgarria iruditu zaigu energia kontsumoaren fakturez hitz egitea ere. Etxean jasotzen ditugun fakturetan, ulertzen ez ditugun gauzak izaten dira sarri, eta saio horretan ahalegindu gara elementu bakoitzak zer esan nahi duen argitzen, nondik aurrez daitekeen jakiteko”.

Asteazkenean, enpresen txanda izan zen, eta metodologia ezberdina baliatu zuten. “Enpresen kasuan, eurek ekarri zituzten martxan jarri dituzten kasu praktikoak, eta dirua zein energia aurrezteko zer egin duten azaldu ziguten”, kontatu du Erasok.

Jardunaldien lehen aldiak harrera ona izan du ingurukoen aldetik. “Ikasleek gogotsu parte hartu dute, eta udalak ere laguntza erakutsi digu; astearte arratsaldeko saioari alkateak eman zion hasiera, esaterako. Gustatu zitzaien ekintza antolatu izana, eta parte hartzeko prest agertu ziren”, nabarmendu du Erasok.

Krisia, hobetzeko oztopo

Erasok argi utzi du aurrera begira ere La Salle Berrozpe ikastetxean energiaren iraunkortasuna eta eraginkortasuna bermatzen ahaleginduko direla, betiere, testuinguruaren araberako erritmoan: “Gure helburuen artean, iraunkorki dago energia aldetik eraginkorrak eta iraunkorrak izateko ideia, eta horrekin lotuta hainbat ekintza egiten ditugu. Aurrerantzean ere, ikastetxean hobekuntzak egiten jarraitzeko asmoa dugu, baina horretarako inbertsioak ezinbestekoak dira, eta egungo testuinguru ekonomikoak ez du askorik laguntzen horretan. Baina kontzientziatze eta sentsibilizatze kanpainekin aurrera segituko dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.