Kristauak eta jentilak bat

Kale antzerkia

Ataun

“Joxemiel Barandiaranek jaso zuen mundu magikoa, ataundarrek antzeztua”, halaxe definitzen dute Ataungo herritarrek Jentilen etorrera ikuskizuna, urtero ospatzen dena. Bertako sinesmen, kontu zahar eta kondairetan dago oinarrituta. Urteotan, herritar ugarik parte hartu du ikuskizunean. Antzeztuz batzuek, antolaketa lanetan besteek, 120 bat herritarrek parte hartzen dute aldiro.

1981ean, San Martin auzoko festetara jendea erakarri nahian sortu zen ikuskizuna, jentilak protagonistatzat hartuta. Izan ere, ataundarrei eta, batez ere, Aiako auzokideei jentil deitu izan diete maiz. Ez dira, ordea, protagonista bakarrak: basajaunen, San Martin txikiren, sorginen nahiz lamien larruan sartzen baitira. Mendian, harpeetan eta kobazuloetan, euren sinesmen eta ohiturekin bizi diren jentilen eta beheko errekondo eta zelai haranetan bizi diren kristauen arteko topaketa da antzerkiaren muina.

Urte bakoitzeko, kondaira bat

Urtez urte, Ataun inguruko kondaira bat kontatzen dute, protagonista berriak ezagutaraziz eta herria mitologiaren munduan murgilduz. Azken jentilarena, Agerre baserriko urrezko izarena, Muskiko Tortoren kondaira, gariaren sekretua, Arbeldiko neska Agamundako leizean erori zenekoa eta beste hamaika istorio kontatu dira jadanik. Azaroko San Martin jaien testuinguruan, mendian suak pizten direnean, “herriko argiak itzali eta lehena eta oraina elkartzen dira”.

Ikuskizunak bi zati ditu: lehenengoan, herriko ordezkariek jentilei harrera egiten diete. Menditik heltzen dira jentilak herrira. Beheko kristauak San Martingo plazatik ateratzen dira, alkate, apaiz zein aguazilarekin, eta, pregoilaria aurretik dutela, Jentilbaratzatik datozen jentil, sorgin eta bestelako pertsonaiekin batzen dira Iztatorren. Bigarrenean, berriz, herri antzerkia eta ikuskizuna nahasten dira, eta Auzoeta kiroldegian urteko kondaira antzezten dute.

EGITARAUA

18:30ean. Jentilen eta kristauen elkartzea, Iztatorren.

Ondoren. Kondairaren antzezpena, Auzoeta kiroldegian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.