Manex Agirrezabal eta Jexux Larrañaga, Mintzolaren hurrengo gonbidatuak

Munduko ahozko kantu inprobisatuen jardunaldiak egiten ari dira Villabonako Subijana etxean, Mintzolaren egoitzan. Hainbat ikerlari gaiaren inguruan egindako azterketak aurkezten ari dira, eta Manex Agirrezabalen eta Jexux Larrañagaren txanda izango da asteazkenean, 19:00etan. 1986 eta 2009 arteko Txapelketa Nagusien azterketa eta Txapelketa prozesu errituala eta bertsolarien arrazoi sortzailea XXI.mendeko agoran dira aurkeztuko dituzten lanak, hurrenez hurren. Horrez gain, Larrañagak Jolas sakona dinamika ere zuzenduko du, eta, ondoren, mahai ingurua izango da, bi hizlarien eta Bertol Arrietaren eskutik.

Agirrezabalek 1986az geroztik egin diren txapelketa nagusi guztiak ikertu ditu, eta hortik atera dituen ondorio “interesgarri eta deigarrienak” aipatuko ditu asteazkeneko hitzaldian, antolatzaileen arabera. Larrañagak, berriz, Txapelketa Nagusiaren finalari buruzko antropologia tesia aurkeztu du duela gutxi Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Cum Laude maila eman diote. Hori bera izango du ardatz Villabonan. Asteazkenekoaz gain, beste hiru jardunaldi prestatu ditu Mintzolak, baina abenduan izango dira, hilaren 11n, 12an eta 13an.

Bertsolari Txapelketa Nagusia abian dela aprobetxatu du Mintzola fundazioak jardunaldiok antolatzeko. Bi jarduera prestatu ditu: batetik, Villabonako jardunaldiak —urriaren 9an izan zen lehena—, eta bestetik, hainbat esparrutako ikerlarik eta adituk egingo dituzten Txapelketa Nagusiaren azterketak —Mintzolaren webgunean eta Bertsozale Elkartearenean jarriko dituzte—.

Izatez, sarean dago jada lehenengoa, Aniztasuna txapelketaren bertsogintzan, Arkaitz Goikoetxea filologo, bertsolari eta itzultzaileak egindakoa. Hurrengo analisi sorta astelehenean bertan jarriko dute sarean, txapelketako kanporaketak igarota. Jone Miren Hernandez EHUko ikerlariaren Emakumeak txapelketan, Xabi Paia ahozkotasunean aditu eta bertsolariaren Txapelketako bertsogintzan ahozkotasun maila eta Xabier Sukia kazetari eta bertsolariaren Kanporaketetako bertsogintzaren azterketa.

Txapelketa bukatzen denean, beste sei analisi eskegiko dituzte, honakoak: Andoni Egaña bertsolariaren 2013ko txapelketaz, Pio Perez EHUko ikerlariaren Emozioak txapelketan, Pere Bescos Harvardeko Unibertsitateko (AEB) doktoregaiaren Alderdi kultural, komunikatibo eta sortzaileak txapelketan, Anais Falco musikologian adituaren eta Christian Simelio corrandistaren Txapelketaren musika. Katalunia eta Euskal Herriaren arteko aldeak, Manex Agirrezabalen 2013ko txapelketaren datuen azterketa, eta Joxerra Gartzia komunikazio zientzietan doktore eta ahozkotasunean adituaren Finaleko bertsogintzaren azterketa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.