Aldundiak 1,3 milioi erabiliko ditu eguneko zentroetako langileentzat

Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako langileei soldata KPIaren arabera igotzeko, aldundiak 1,3 milioi euro baliatuko ditu. Hala jakinarazi du aste honetan Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak. 50 bat zentrori eragiten die onartu berri duten neurri horrek.

Ugartek azaldu duenez, diputatuen kontseiluan onartu dutena lan zentro bakoitzean aplikatzen den lan esparruan enpresei ordainduko zaien tarifen egokitzapena da. Horrek esan nahi du Gipuzkoako Aldundiak langileen soldata igotzeko egindako proposamena onartu duten erakundeei administrazioak hitzartutako plaza bakoitzagatik ordaintzen dien hilabeteko tarifa igoko diela, langileen soldataren igoerari aurre egin ahal izateko. Beraz, soldatak eguneratzeko adostasunik lortu ez duten egoitzetako eta eguneko zentroetako kudeatzaileek ez dute igoera hori izango.

Sektorean, 4.200 langile

Lurraldeko egoitza eta eguneko zentro gehienek hitzarmen propioak edo aldundiaren proposamenean oinarritutako lan itunak sinatu dituzte, Ugarteren arabera. “Tamalgarria da Espainiako lan erreforma indarrean jartzea, langileentzat inoiz ezagutu ez den eskubideen galera ekarriko baitu”.

Ugartek nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela Gipuzkoan 4.200 laguni baino gehiagori lana ematen dien sektore bati “egonkortasuna” ematea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.