Eskuin populismoak

Kezka zabaldu da, maiatzean ospatuko diren Europar Parlamenturako hauteskundeetan eskuin muturreko alderdiek emaitza bikainak jasoko dituztelako. Gure inguruan Frantziako kasua da gehien aipatua. Bertan, Jean-Marie Le Pen eskuindarraren Fronte Nazionala gehien bozkaturiko alderdia izan liteke. Emaitza onak espero dituzte Belgika, Suedia eta Austriako alderdi erradikalek ere. Aurreikuspenen arabera, Europako parlamentu berrian eskuin muturreko alderdiek eserlekuen %20 eskura ditzakete.

Hauteskundeetan lortzen dituzten emaitzez harago, alderdi horien benetako garaipena eztabaida politikoaren tonua baldintzatzea da. Hauteskundeen lehia areagotzen den neurrian, diskurtso politikoa muturreko populismoen gatibu geratzeko arriskua dago. Eta XX. mendeko Europako historiak erakusten digu muturreko taldeei beren agenda ezartzen uzteak ze ondorio dakarren.

Europa etorkinen beldur da, eta krisiak arazoentzat errudun bat seinalatzeko joera areagotzen du. Lampedusako gertaerek edo antzekoek, solidaritate erantzun emozional bat eragiten dute lehen momentuan, baina berotasun olatu horren biharamunean, gizartean inbasio sentipena eta beldurra hedatzen dira. Kezkagarria da gobernu, alderdi eta politikariak gai honen aurrean eskuin muturraren eraginpean jartzen direla ikustea. Frantzian ijitoak kanporatzen dituzte kirats masibo eta etnikoa duten moduak erabiliz; Britainia Handian legea aldatzen dute medikuak, bankuak, etxebizitzen jabeak edo elizak legez kanpoko etorkinak salatzera behartzeko; Italian delitua da etorkinei laguntza ematea; eta Espainian ere Kode Penalaren erreforma berriak horixe arautu nahi zuen gobernuz kanpoko erakundeak mobilizatu ziren arte.

Etorkinen inguruan sortzen diren eztabaidetan, immigrazioa problema bezala tratatu ordez, fenomenoaren inguruan sortzen diren gizarte arazoak behar bezala kudeatzeko eskatu behar zaie erakundeei. Neurri zuhurrak eta eraginkorrak, eta diskurtso gutxi. Seinale txarra izaten da immigrazioa bezalako gai korapilatsu batean politikariak, edozein aldetakoak, gu konbentzitu nahian ikusten ditugunean.

Astigarraga eta Hernaniko errumaniarren kokalekuen aurrean gure erakundeek hartutako jarreraren inguruan gehien gustatzen zaidana, aditua izan gabe, antzematen den pragmatismoa da. Azken asteotan argitaratutakoaren arabera, kanpamentu horietan 150 lagun bizi dira, horien artean 43 haur. Zazpi urte daramatzate hor bizitzen. Jende asko ez da errealitate horretaz enteratu ere egin URA agentziak eraikin bat uholdeak gerta daitezkeen leku batean egiten ari zirela salatu duen arte. Orain jakin dugu erakundeek (udalak, foru aldundiak eta Jaurlaritzak), Romi Bidean elkartearekin eta Astigarragako parrokiarekin batera, bi urte daramatzatela kolektibo honekin lanean, haien egoera hobetu, arazoei konponbideak aurkitu eta integrazioa ahalbidetzeko: bertako biztanleekin “akordioak” lortu dituzte, betebehar batzuk ezarri, kontrola, txukuntasuna, hezkuntza, eta abar.

Europa osoan zabaltzen den olatu populistarekin kontrajarriz, errealitate hau ezagutzea pozgarria izan da. Horrelako neurriekin sortzen diren kontraesan eta arauen interpretazio malguak beti izango dira ostikada eta zementuaren legezkotasun garbi-garbia baino hobeak eta hauteslea erakartzeko titulu borobila bilatzen duten adierazpenak baino zintzoagoak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.