Etxetik datorkio Aitzol Apalantzari (Errezil, 1991) helikopteroko pilotu izateko zaletasuna. Anaia helikopteroetan ibilia zegoen bere aurretik, baina hura sekula ere ez. “17 urte nituela probatu nuen lehen aldiz helikopteroa. Errezilen beti izan dugu autoekiko afizioa ere, eta beti gustatu izan zait abiadura”, azaldu du errezildarrak. Batxilergoa amaitzen ari zela, pilotu ikasketak egiteko aukera zeukala ikusi zuen: hala, batxilergoa amaitutakoan, Bilbora joan zen helikoptero pilotu izateko ikasketak egitera.
Bi urte eman zituen Apalantzak pilotu ikasketak egiten: “Lehenengo urtean teoria eman genuen, eta, urte horretan, helikopteroko eta hegazkineko pilotuak elkarrekin ikasten aritu ginen. Bigarren urtean, banatu egin ginen praktikak egiteko, hegazkin pilotuak, alde batetik, eta helikoptero pilotuak, bestetik”.
Duela bi urte eta erdi amaitu zituen pilotu ikasketak Bilbon: “Ikasketak amaitu ondoren, Bartzelonara joan nintzen lanera, eta bi urte eman nituen han”. Bartzelonan hainbat lekutan ibili da helikopteroarekin, eta, gaur egun, Euskal Herrian abiatu du bere negozioa. Anaiarekin batera sortu du enpresa, helikoptero eta helikoptero base propioarekin. Heliportua Usurbilen daukate, Santuenea auzoaren eta Zubietaren artean: “Helikopteroaren planta Usurbilen jartzea erabaki genuen, Donostiatik eta Zarauztik gertu dagoelako. Azken batean, kostaldetik gertu gaude horrela, eta jendeari hegaldia ahal den preziorik ekonomikoenean eskaintzeko aukera ematen digu horrek”.
Maiatzean erosi zuten helikopteroa Apalantza anaiek, eta lizentziak iritsi ondoren, lanean hasi ziren uztailean. “Handik eta hemendik begira ibili ondoren, azkenean Belgikatik ekarri genuen helikopteroa”, dio Apalantzak. “Maiatz bukaera aldera, anaia eta biok Belgikara joan ginen, eta han helikopteroarekin probatxo batzuk egin genituen: sei ordu eta erdi inguruko bidaia eginez, helikopteroa Euskal Herrira ekarri genuen”, gaineratu du.
Robinson helikoptero amerikarra
Helikoptero amerikarra da, Kalifornian egina, errezildarrak azaldu duenez. Robinson markakoa da, eta asko erabiltzen da mundu guztian, batez ere, hegaldi turistikoak egiteko: “Helikoptero horiek badute berezitasun nagusi bat: hain handiak izan gabe, panoramika edo ikuspegi zabala eskaintzen dute. Gehiena kristala da, eta ezker-eskuin ikusteko, mota honetako helikopteroa oso ona da”. Guztira, lau pertsona sartzen dira helikopteroan: pilotua eta hiru bidaiari. Bidaiari bat pilotuaren alboan joaten da, eta beste biak, atzean: “Askok esan digute helikopteroa ez dela oso handia, baina nik beti esan dut helikoptero handi bat jartzen denean, eta atzean lau pertsona sartzen direnean, erdiko biek ez dutela kanpokoa ongi ikusten, eta hori horrela izanda, ez da horren erosoa”.
Apalantza anaien enpresak mota askotako zerbitzuak eskaintzen ditu. Guztien artean nagusienak hegaldi turistikoak dira. Hegaldi turistikoetarako aurrez ezarritako lau ibilbide aipatu ditu Apalantzak: “Lehenengo ibilbidearekin Zarautz eta Getaria aldera joaten gara; bigarren ibilbidea Donostiara bidaiatzeko da; hirugarren ibilbidearekin kostaldea eta barnealdea nahasten ditugu: Zumaiaraino kostaldetik joaten gara, baina gero barnealdera pasatzen gara, Izarraitz eta Ernio mendi aldera; laugarrena, berriz, Gaztelugatxe ezagutzeko ibilbidea da”. Aurrez ezarritako lau ibilbide edukita ere, aukera gehiago dituzte zabalik jendearen eskaerei erantzuteko: “Jendeak ibilbide pertsonalizatua egin nahi izaten du askotan, leku konkretu bat bisitatu edo ikusi nahi duelako”. Horrelako kasuetarako ere aukera eskaintzen dute Apalantza anaien enpresan.
Argazkilaritza hegaldiak ere egiten dituzte: “Kasu horietan argazkilari batek kontratatzen gaitu helikopterotik argazkiak atera ditzan”. Beste batzuetan, grabaketak egiteko kontratatzen dute helikopteroa, “iragarki bat airetik grabatzeko esaterako”. Ibilbide gastronomikoak ere egiten dituzte: “Lehendabizi bueltatxo bat ematen dugu, eta gero bazkaltzera jaisten gara”. Azkenaldian ezkontzatan ere aritu dira, ezkonberriak hartu eta jatetxera eramaten. “Iazko udan 27 bidaia inguru egingo nituen Bartzelonan, baina hemengo jendeari oraindik arrotza egiten zaio hau, sekula ibili ez direlako. Dena dela, pixkanaka modan jartzen ari da hemen ere, hegaldiak oparitzen ere hasi dira batzuk, esaterako ezkonberriei jatetxerainoko bidaia oparituz”, jakinarazi du errezildarrak.
Hegaldiaren prezioak ibilbidearen iraupenaren araberakoak izaten dira. Merkeena Zarautz eta Getariako ibilbidea da: 13 minutuko iraupena dauka, eta 89 euro balio du pertsonako. Euskaldunei %10eko deskontua egiten diete, eta haurrei %25ekoa.
Orain arteko bezero gehienak inguruko herritakoak izan dituzte. Bertako jendearentzat berria izan da horrelako zerbait Euskal Herrian izatea, eta, horrenbestez, jende asko ari da animatzen helikopteroan ibiltzera. “Orain, agentziekin ere lanean gabiltza, kanpotik datozen turistei Donostia erakusteko”. Helikopteroarekin lurreratzeko, jaitsi nahi duten lur eremuko jabearen baimena izan behar du pilotu errezildarrak. “Horrez gain, segurtasun arloei begiratu behar zaie; lurreratzeko nahikoa leku baldin badaukagu, ez dago arazorik”.
Etorkizunera begira, horrela jarraitzeko asmoa dauka errezildarrak: “Oraingoz, daukagunari eutsi nahi diogu, eta ea pixkanaka goraka joaten garen. Ametsak ere baditugu, eta, etorkizunean, helikoptero handiago bat ekartzea edo enpresaren batekin elkarlanerako kontratu bat sinatzea izango litzateke horietako bat”.
Leave a Reply