Ikastolako partaide guztiei begirako ospakizunak

Datorren asteartean ekingo diete Andoainen Aita Larramendi ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunei, eta abenduaren 3ra arte iraungo du egitarauak. Orereta ikastolakoek lehen jarduera irailean egin zuten, baina datozen asteei begira ospakizunetarako beste hiru egun markatuak dituzte egutegian.

Aitor Iriondo Aita Larramendi ikastolako zuzendariaren arabera, ikastolako partaide guztientzako moduko eskaintza antolatzen ahalegindu dira. “Azaroan, ikastolako egungo ikasleek ekintza berezietarako aukera izango dute; bertso afaria ikasle ohiei edo egun gazte diren horiei dago zuzendua; protokolozko omenaldi bat ere antolatu dugu ikastolaren alde lan egin dutenei bideratuta; azaroaren 30eko ekintzak, berriz, ikastolako gurasoei bideratuta daude”, azaldu du. Denengana iristeko ahalegin horretan, “antolakuntzarako hastapen talde bat” sortu zuten, eta talde horrek bideratu du egitaraua; “aipatutako arlo guztietako jendeak izan du presentzia”, Iriondok azaldu duenez.

Orereta ikastolakoen kasuan ere, ospakizun ekintza bakoitzarekin publiko zehatz batengana heltzeko ahalegina egin dute. Jose Migel Zabala zuzendariak azaldu duenez, irailaren 21ean Hesian taldeak eskainitako rock kontzertua, “gazteei begira antolaturikoa” izan zen. Azaroaren 23an, ikastolako lagun diren herriko elkarteekin antolatutako Sorgineta Ballet Suita ikuskizuna izango da ikusgai, “publiko guztiarentzako-edo izango litzatekeena”. Abenduaren 22rako, “haurrentzat pailazo emanaldi berezi bat” antolatu dute, eta udal musika bandak eta ikastolako abesbatzak hartuko dute parte bertan. Amaitzeko, “ikastolako partaide izan direnak omentzeko” ekitaldi sozial bat egingo dute abenduaren 29an: “Liburu bat aurkeztuko dugu, ikus-entzunezko bat eskainiko dugu, eta aitortza batzuk ere egingo ditugu bertan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.