Ez dakit Behobiatik Donostiara bi ordu baino gutxiagoan korritzeko gai izango nintzatekeen, eta ez zait piperrik axola. Sofan bapo eserita egoterik daukazunean ordubetez kalera sufritzera irtetea ergelkeria galanta dela konbentzitua dagoen gehiengo isilaren partaide naiz. Helbururik gabe lasterka egiteaz inork ezin duela gozatu sinetsita egon naiz beti.
Behingoagatik, ordea, mundua nire inguruan jiraka dabilela pentsatu ez eta masokistekin eskuzabala izango naiz. Muturreko ariketa fisikoa eginda zoriontsuago bizi daitekeela baieztatuko dut. Are gehiago. Speedarekin eta kubatekin lagunduta eskualdeko taberna guztiak ixteari utzi eta 30 urterekin triatloietan lehiatzen hastea bizioso konpletoarena ez, eta normal-normala dela ere onartzera noa. Ez da nire iritzia inondik inora, baina ez naiz mundu osoak nire balioak partekatu behar dituela uste izateko bezain egozentrikoa. Halere, hain egozentrikoa izateko askorik ere falta ez zaidanez, beste behin neure buruaz arituko naiz.
Zure legez, ni ere errudun sentitutakoa naiz batere kirolik ez egiteagatik. Baskulan ikusitakoa gustatu ez, edo lehen ez bezala 32 neurria estu demonio daukadala konturatu, eta atera izan naiz ezkaratzetik arineketan. Sufrikario hori eguneroko ohitura sano bihurtuko zela konbentzituta, noski, hamar minutu beranduago korritzeaz kokoteraino etxera itzuli baino lehen. Eta bai, nik ere izena eman izan dut kiroldegian, hango gimnasioan prakamotz estuekin neska piloa egonda astean bitan-edo gutxienez txistuka joango nintzen konfiantzarekin.
Alferrikako saio gehitxo izan dira, baina ulertua dut lezioa. Pala saio batean garagardo bat jokoan izanda, nire zangoek onartzen dute Inaxioren dejada eskas samarrak altxatu nahian ordubetez bortxaz tratatzea. Parkean saskibaloian aritzeko bada, zer esanik ez. Asko jota, onar dezakete San Silvestretxo bat, mozorrotuta eta aurten iloba Jon animatzen bada bakarrik. Baina ez diet urrutiago joanarazi nahi. Bigorexikoek eta goizeko seietan entrenatzera esnatzen direnek ez bezala, ez daukat nire gorputzaren limiteak non dauden egiaztatzeko inongo jakin-minik.
Enegarrenez, zutabe hauetan erregistratutakoaren kontrakoa egin nezake. Baina noizbait azaro igande batez Zurriolako prozesioan azkenekoen artean ufaka igarotzen ikusten banauzu, pertsona errukarri bat bihurtu naizelako izango da. Horregatik, mesede bat eskatu behar dizut: halakorik gertatzen bada, jo mailukada bat buruan eta amaitu nire zorigaitza, betiko.
Leave a Reply