“Askoz gehiago egin dezakegu”

Gehiago egin al dezakegu?”. Galdera hori proposatu du Aergik, errehabilitazioan ari diren alkoholikoen Gipuzkoako elkarteak, alkoholismoari eta menpekotasunari buruzko jardunaldiei begira. Eta erantzuna Josean Fernandez elkarteko presidenteak berak eman du: “Askoz gehiago egin dezakegu”.

Gaur, Alkoholik Gabeko Egunean, alkoholismoaren arazoez eta gizarteak horien inguruan dituen erronkez mintzatuko dira Donostian, udaletxeko batzar aretoan, 18:30etik aurrera. Aurten bigarren aldia du egitasmoak, eta irekia izango da. Aergirekin elkarlanean, osasun eta gizarte arloko hainbat erakundetako ordezkariek emango dituzte hitzaldiak.

Donostiako menpekotasunen kontrolerako 2013-2015 planean oinarriturik, hainbat datu plazaratu dituzte. Batetik, ondorioztatu dute 15 eta 74 urte artekoen artean %90,8k kontsumitu dutela noizbait alkohola. Bestetik, horren arabera, egunero alkohola kontsumitzen duten gizonezkoen kopurua emakumezkoen zenbatekoaren hirukoitza da. Adinari ere erreparatu diote, eta Fernandezek ohartarazi duenez, kontsumitzeko adina “modu kezkagarrian” ari da jaisten, 12-13 urteetara iritsiz.

Aergin antzeman dute jende gehiago joaten zaiela laguntza eske, baina Fernandez ez da ausartu esatera horren atzean zein arrazoi dagoen: “Ez nuke jakingo esaten hori gertatzen dela arazoa duen jende gehiago dagoelako, edo arazoa duen jende gehiagok eskatzen duelako laguntza”.

Erakundeetatik harago, gizarteak zeregin garrantzitsua duela uste du Fernandezek. Haren iritziz, alkohola “aterpea” da jende askorentzat egoera askotan, eta herritarrek ingurura begiratu eta esku hartu beharko lukete. “Maiz gertatzen da jai giroan gazteak kontsumitzen ikustea. Gazteak ikusten du alkoholik ez bada ez dagoela festarik. Norbaitek ausardia eduki beharko luke gazte horiei esateko: ‘Zer egiten ari zara?’. Errua erakundeei egozten diegu, baina guk beste aldera begiratzen dugu”.

Aergiko presidenteak argi du etengabe informatzea funtsezkoa dela. Hainbat eskolatan hitzaldiak ematen dituzte, eta haietara joaten direnean gertutik ikusten dute gazteek alkoholarekiko duten jarrera: “Konturatzen gara gazteek ez dutela arrisku pertzepziorik. Nola eduki, bada, inguruan ikusten badute jende nagusia etengabe kontsumitzen?”. Legezkoa izan arren, alkohola “droga bat” dela gogoratu du Fernandezek. “Garaia da alkoholismoa bigarren mailako gaixotasuna izan ez dadin. Duen normaltasuna eman behar zaio; argi dago konplikatua dela, baina badago zer egiterik”.

Onartzearen garrantzia

Edozein arazo gainditzeko, lehen pausoa hori onartzea izan ohi da, baina alkoholismoaren kasuan “ezezkoa sistematikoa da”. Fernandezek dio alkoholikoen artean arazoa beste pertsona bati gertatzen ariko balitzaio bezala ikusten dutela hasieran. “Buruko gaixotasun bat da, eta arazoa duenak esaten du guztia kontrolpean duela. Gaixotasuna jada aurreratuta dagoenean lehertu ohi da guztia; hainbat gauza gertatu behar izaten dira gaixoa gertatzen zaionaz kontura dadin”.

Laguntza eskatzeko urratsa egiterakoan, antzeko esperientzia izan duen norbaitekin harremanetan jartzea lagungarria izan daitekeela deritzo. Hala ere, ohartarazi du zailtasunak gainditzeko bidea ez dela erraza: “Gauza bat da gaixotasuna onartzea, eta beste bat horretarako tratamendua onartzea. Ez dago makila magikorik, ez dago pilula magikorik. Ezin da aurreko egoerara berehala itzuli; gure joera da dena segituan nahi izatea”.

Aergik bi urte daramatza Gipuzkoan errehabilitazioan dauden alkoholikoekin lanean. Egindakoa gogoan eta oraina presente, “itxaropentsu” agertu da Fernandez. “Gure lana aurrez aurre egin dugu, eta zabalik egon gara erakundeen aurrean. Mugitzen bagara, jendearengana hel gaitezke”. Batu nahi duen ororekin lan egiteko prest jarraituko dute, jakitun izanda profesionalak direla “gaiari errotik heldu behar diotenak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.