Astebetean, 60 film labur eskainiko dituzte Ikuska jaialdian, Pasaian

Zinema giroa iritsi da Pasaiara. Bihar hasi eta hilaren 23ra bitartean, film laburrak izango dira nagusi Trintxerpen. Trintxer Kultural elkarteak antolatuta, XV. Ikuska egingo dute. Pasaiako Film Laburren Erakustaldia da Ikuska.

Astebetean, 60 lan emango dituzte, antolatzaileek aurten jaso dituzten 600 film laburren artetik hautatutakoak. Espainiatik iritsi zaizkie lan gehienak, baina badira tartean urrutiago ekoitzi direnak ere. Argentinatik, Erresuma Batutik, Italiatik, Errusiatik, Brasildik eta Hondurastik jaso dituzte filmak.

Lehiaketarako hautatu dituzten lanak datorren astean ikusi ahal izango dira. Astelehenetik ostiralera, egunero izango dira ikus-entzunezkoen emanaldiak, 20:00etan. Zortzina lan emango dituzte astelehenean eta ostiralean; zazpina, berriz, gainontzeko egunetan. Guztira, 37 lan emango dituzte.

Epaimahaiko kide Moriarti ekoizpen etxeko Jon Garaño eta Jorge Gil izango dira, eta horiekin batera ariko dira Pablo Malo zuzendari donostiarra eta Kike Santiago Ikuskako zuzendari artistiko berria.

Baina Ikuska lehiaketa bera baino askoz gehiago da. Trintxer Kultural elkarteak beste hainbat emanaldi antolatzen ditu urtero lehiatik at. Bihar, esaterako, emakumea ardatz duen ziklo batekin zabalduko dute Ikuska, 19:30ean. Emea eta Anitza izenburupean, bost film labur emango dituzte. Emakumeen indarkeriaren aurka lan egiten duen Bekoz Beko elkartearekin elkarlanean antolatu du zikloa Trintxer Kulturalek. Sari bat ere banatuko dute emanaldian.

Jaialdiaren barruan jada klasikoa bihurtu den ekitaldia izango da bihar gauean. Gauguasa barre egiteko zinema maite dutenen ekintza da. 22:30ean hasiko da.

Igandean, berriz, Jorge Gil zinemagileak zuzendutako El método Arrieta dokumentala eskainiko dute. Begiradarekin elkar komunikatzen diren Lourdes eta Mentxu Arrieta ahizpen bizipenak kontatzen ditu dokumentalak. Bi ahizpak Trintxerpen izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Berritasunak eta euskara

Helduek ez ezik, haurrek ere izan dute beren tartea zinemaren festan azken urteetan. Inguruko ikastetxeetako ikasleentzako emanaldiak antolatu dituzte aurten ere. Hiru egunetan joango dira haurrak Trintxerpeko alkateordetzako zinema aretora, eta hilaren 20an Haurren eta Nerabeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna dela baliatuz, aniztasunaren gaia jorratzen duten lanak ikusiko dituzte. Emanaldiek Irudi Biziak elkartekoen eta Pasaiako Udaleko Immigrazio Departamentuaren laguntza jaso dute.

Horrez gain, euskarari tartea eskaintzeko ahaleginari eutsi diote antolatzaileek 2013ko aldian. Lan gutxi jaso ohi dituzte Ikuskakoek euskaraz, baina, hala izanda ere, ahalegin berezia egiteko konpromisoa hartu dute. Ikuskak hitzarmena sinatuko du eskualdeko euskaltegiekin eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren Euskara Batzordearekin. Horrela, Euskarazko Lan Onena sarituko dute lehendabizikoz. Euskarazko lan irabazlea euskaltegietan emango dute aurrera begira.

Hurrengo asteko ostiralean, gauean, zale asko bildu ohi dituen emanaldia izango da. Beldurrezko filmak emango dituzte, suspensezkoak, thriller-ak… Eta larunbatean, hilaren 23an, epaimahaiak jakinaraziko du nork irabazi duen. 19:00etan egingo dute sari banaketa. Ondoren saritutako lan guztiak ikusteko aukera izango da. Emanaldi guztiak Trintxerpeko alkateordetzan dira, doan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.