Hogeigarren urteurrenera 84.000 bazkideren babesarekin iritsi da Donostiako KMK Koldo Mitxelena Kulturunea. “Lehen, emakume edadetu batzuk etortzen ziren, eta Gabonetan beti txokolatezko bonboiak ekartzen zituzten. Bazkide batzuk oso kexatiak izaten dira, inoiz ez daude gustura; beste batzuk, berriz, oso pozik agertzen dira, eta eskertzen dituzte zerbitzuak”. Erabiltzaileak dira KMK-ren indarguneetako bat, liburutegiko arduradun Susana Araizen ustez. Hainbat urte daramatza han lanean. Nahikoak, kartoizko fitxak egiten ziren garaiak gogoratzeko. 1993ko azaroaren 5ean zabaldu zituen ateak gaur egun kokatuta dagoen tokian. Ordura arte, aldundiaren egoitzan zegoen liburutegia. “Hasieran ez zegoen ordenagailurik. 1985ean hasi zen automatizazioa, alegia, katalogoa ordenagailuan sartzea”.
Hainbat indargune du KMK-k, Araizen ustez. Erabiltzaileez gain, beste bost aipatu ditu: langileak, eskaintzen den arreta pertsonalizatua, instalazioak eta hornikuntza, bildumak eta egiten den lan teknikoa. “Egunero 30 langiletik gora izaten gara zerbitzua eskaintzen; talde hori gabe ezingo genuke ezer egin. Arreta pertsonalizatua ematen dugu, ikerlarientzat bereziki. Eta gure funtsa oso aberatsa da, historikoa”, azaldu du. Dena dela, egiten den lan teknikoa nabarmendu du beste guztien gainetik. “Hau da gure indargunerik inportanteena, barruan egiten dugun lan isil hori. Egunero euskarri guztietako 56 dokumentu berri katalogoan sartzen dira”.
Ikerne Badiola Kultura diputatuak ere goraipatu izan du liburutegiaren aberastasuna, urteurrenaren harira egindako adierazpenetan: “Liburutegiak 350.000 dokumentu baino gehiago ditu, eta Euskal Herriko garrantzitsuenetariko bat da. Gainera, gaur egun 13.800 dokumentu baino gehiago Internetez eskuragarri daude; 2,3 milioi orrialde, hain zuzen”. Mailegaezinak diren dokumentuak 100.000 dira, eta horietatik garrantzitsuenak aukeratzea zaila egiten zaio Araizi. “Leizarragaren biblia eta Gero liburuaren lehen edizioa aipa daitezke, beste askoren artean”.
Ahulguneak eta erronkak
Bi ahulgune ditu KMK-k, Araizen ustez. Batetik, “espazioa arkitektonikoki zurruna” izatea, malgutasunik ez edukitzea, eta, bestetik, “tsunami teknologikoari aurre egiteko zailtasuna”. Izan ere, sistema informatikoak, aplikazioak, egunetik egunera zaharkitzen zaizkie. Horren aurrean, “muga fisikoak era batera edo bestera gainditzeko asmo sendoa” dute arduradunek, eta saiatzen dira “teknologia berrien arloan eguneratuta egoten eta aldaketak barneratzen”. Hain zuzen, urteurrenaren ospakizunen artean, egon da teknologia berriekin estuki lotutakorik ere. Erabiltzaileek ospakizunetan zuzenean parte hartzeko aukera izan dute, nork bere liburu kutunaren azalaren argazki bat bidaliz, edo argazkia liburutegian eginez, horretarako prestatutako txokoan. Hala, azaroaren 25etik aurrera www.liburubatistoriobat.com webgunea egongo da martxan, eta han ikusi ahal izango dira herritarren ekarpenak.
Aurrera begiratzeko unea ere bada, ordea. Begiak 2014an jarriak dituzte jada. Proiektu eta asmo bat baino gehiago dute esku artean. Batetik, komikiaren gune bat sortuko dute egoitzan bertan. Bestetik, “liburutegiaren funtzioak, zerbitzuak, baliabideak eta funtsak migrazioaren, aniztasunaren eta berdintasunaren perspektibatik” landuko dituzte. Hala esana du Badiolak berak. 2014an ekingo diote bide horri ere.
Aurreko lan ildoez gain, Europeana Europako Liburutegi Digitalean sartzeko asmoa dute. “Hitzarmen bat sinatu dugu gure funtsak hara eramateko, batez ere bakarrak direnak, guk bakarrik ditugunak. Digitalizatuta daude; orain prozesu eta irizpide tekniko batzuk landu behar ditugu, eta hurrengo urtean Europeanan agertzea espero dugu”, azaldu du Araizek.
Katalogoan aplikazio berri bat ere jarriko dute, eta sail berriak sortzen ari dira une honetan; besteak beste, literatura biografikoa. “KMK sorlekua, elkargunea eta formatzeko gunea izatea ere bultzatuko dugu”. Isiltasunaren eta zarataren arteko orekan arreta jarrita, betiere.
Azkenik, erabiltzaileak ez direnak erakarri nahi dituzte, eta datorren urtetik aurrera bisita gidatuak, gomendio literarioak eta halako ekintzak egingo dituzte. Araizek berak ere baditu nahiak: “Nire erronka pertsonala da gaur egun ikertzaileari ematen diogun arreta pertsonalizatu hori ematea erabiltzaile guztiei”.
Leave a Reply