Oiartzun
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen itzuliko hirugarren finalaurrekoa egingo dute bihar, Oiartzunen, 17:30ean, Elorsoro kiroldegian. Agin Laburu, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Beñat Lizaso, Jon Maia eta Odei Barroso bertsolariak lehiatuko dira bertan.
Honako lan hauek egin beharko dituzte: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntu motzean; kartzelakoa, banaka eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
24 bertsolari ari dira parte hartzen finalaurrekoetan: horietatik hemezortzi kanporaketa saioetatik iritsiak, eta beste seiak 2009ko txapelketako finalistak. Markina- Xemeingo kanporaketan irabazita, Agin Laburu da guztietan orain arteko punturik gehien lortu duen bertsolaria (699,5).
Finalerako bidean
Bi itzuli izango ditu finalaurrekoen faseak: lehena lau saiotan osatuko dute, eta bigarrena, hirutan. Bi saioetan lortutako puntuak elkarri gehituko dizkiote, baina lehen itzulian puntuaketa txikiena lortzen duten sei bertsolariek ez dute aurrera egingo.
Lehenengo itzuliko saio bakoitzeko irabazleak automatikoki joango dira bigarrenera. Puntu gehien lortzen duten hurrengo hamalau bertsolariek osatuko dute bigarren itzuliko taldea.
Hemezortzi lagunetik zortzik soilik parte hartuko dute, ohi bezala, abenduko finalean, BECen. Maialen Lujanbio 2009ko txapelduna eta finalaurrekoetan puntu gehien lortzen duten zazpi bertsolariak lehiatuko dira. Egun osoko jardunaldia izango da. Zortzi bertsolarirekin hasi eta buruz burukoarekin amaituko da.
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA
Zer. Hirugarren finalaurrekoa.
Non. Oiartzungo Elorsoro kiroldegian.
Noiz. Bihar, 17:30ean.
Bertsolariak. Agin Laburu, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Beñat Lizaso, Jon Maia eta Odei Barroso.
Leave a Reply