“Eguneko jatordurik garrantzitsuena”, horixe da gosaria. Haurrak ideia horren gaineko kontzientzia hartu eta ondo gosaltzearen garrantziaz jabe daitezen, gosari osasuntsuak antolatu dituzte hainbat ikastetxetan. Guztira, Gipuzkoako 2.500 ikaslek eta 50 eskolak baino gehiagok parte hartuko dute egitasmoan. Joan den astean jarri zuen martxan Bihotz Bizik, gaixotasun kardiobaskularrari buruzko informazio eta prebentziorako elkarteak.
Ikasleei gosari on bat zertan datzan azaltzearekin batera, ikasitakoa praktikan jarriko dute, gosaria hartuz. Baina zer da gosari on bat? “Zerealak, fruta, esnekiak eta oliba olioa batzen dituena”. Hala azaldu du elkarteak abiatu berri duen egitasmoa aurkezterakoan.
Aste honetan lurraldeko hiru ikastetxetara heldu da egitasmoa, eta hurrengo parte hartzaileak honako hauek izango dira: asteazkenean Irungo Leka Enea-Anaka eta El Pilarreko ikasleak, baita Donostiako Summa Aldapetakoak ere; eta ostegunean, berriz, Donostiako Loiolako San Ignazio ikastetxekoak.
Ohitura aldaketa
2012-2013ko ikasturteko emaitzak kontuan hartuta, jarduerarekin beste urtebetez jarraitzea erabaki du Bihotz Bizik. Egindako inkesten arabera, galdekatutako haurren %39,2k hartzen dituzte gomendatutako elikagaiak gosaritarako.
Bestetik, antzeman dute haurren artean opilen kontsumoa “handi samarra” dela oraindik, haurren %40k maiztasunez hartzen baitituzte. “Datu horrek 2013-2014ko kanpainarako helburu argi bat dakar; hots, [opilak] une berezietarako uzteko ahalegina egitea”.
Leave a Reply