“XX. mendea eskubideen aitorpenaren mendea izan da. Formalki hainbat eta hainbat eskubide gureganatu baditugu ere, indarkeriaren makinariak, beste forma eta itxura batekin agian, baina indartsu dirau”. Donostiako Koordinadora Feministak plazaratutako gogoeta da, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira plazaratutakoa, hain zuzen. Egun horretan, astelehenean, euren aldarrikapenak Donostiako kaleetara eramango dituzte, Feminismoak aske egiten gaitu lelopean. Beste hainbat talde eta eragilek bezala, kalera irteteko deia egin dute.
Eguneroko lana pilatu eta gainerako taldeekin indarrak batzeko eguna izan ohi da azaroaren 25a. Donostiaren kasuan, koordinakundearen barruan jada egunerokoan elkartzen dira askotariko sindikatu eta eragileak; tartean daude Donostiako Bilgune Feminista, Medeak, Plazandreok, Mugarik Gabe, LAB, ESK eta EILAS. Aurten, iaz bezala, Euskal Herriko Koordinadora Feministak kanpaina bateratu bat eraman du aurrera; horrela, lelo bera aldarri dutela aterako dira kalera Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Baionan ere.
Indarkeria, “egiturazkoa”
Koordinakundeak salatu duenez, “indarkeria egiturazkoa da, ez da soilik tratu txarrak jasan dituzten hainbat emakumeren esperientzia indibiduala”. Gaineratu du botere harremanak “egunerokotasunaren parte” direla, eta hori hainbat arrazoirengatik gerta daitekeela: “Izan ikastetxeetako jolastokietan izaten den espazioen zatiketa eta antolaketagatik, etxean gureganatzen ditugun generoaren araberako arduren banaketa eta aitorpen faltarengatik, telebistak transmititzen duen ideologia guztiz sexistarengatik, lan munduan sexuaren arabera egiten den bereizkeria orokorrarengatik…”.
Egiturazkoa ez ezik “harreman hierarkikoetan oinarritutakoa” ere badela salatu dute. Ordezkari feministen iritziz, indarkeria horrek emakumeak osotasunean baliogabetu edo gutxiesten ditu, eta berdinen arteko harremanak izateko eskubide gabezian oinarritzen da. Horregatik, argi dute indarkeria amaitzeko giltzarria harreman hierarkikoak iraultzean datzala.
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka egiteko garaian, “lan asko eta asko” dago egiteko erakundeen aldetik. Uste dute erakundeek eurek “betikotzen” dutela hein batean genero roletan oinarritutako gizarte ordena, “normalizatuta dagoen errealitatea mantenduz”. Hala ere, azpimarratu dute berdintasuna espezifikoki lantzeko zerbitzu, gune eta ahaleginak areagotu egin direla. Erakundeek ez ezik, gizarteak ere badu zer egin, koordinakundearen arabera. “Guztion ardura da denontzako gizarte justuago bat eraikitzea, bakoitzak bere eremutik eta bere esparrutik eraldaketarantz bidea egitea”.
Askotariko jarduerak
Koordinadora Feministarekin batera, beste hamaika eragile eta sindikatuk oihu egingo du emakumeen kontrako indarkeriaren aurka astelehenean. Ekintzak, ordea, ez dira soilik egun horretara mugatuko. ELA sindikatuak, esaterako, Stop indarkeria sexistari lelopean, test bat zintzilikatu du webgunean, honako galdera hau aireratuz: “Ba al dakizu indarkeria sexista antzematen?”. 11 galderak osatzen dute galdetegia.
Manifestazio eta elkarretaratzeekin batera, askotariko jarduerak prestatu dituzte Gipuzkoa osoan azaroaren 25aren bueltan. Donostian, adibidez, hiriko hainbat kale, denda eta eraikin publiko puntu morez koloreztatu dituzte, Hiria geureganatuz. Punto kanpainaren bidez.
Leave a Reply