Jasotzeko eman egin behar

Premia guztiei erantzuteko eta egungo emaileen belaunaldi ordezkapena ziurtatzeko, beharrezkoa da Gipuzkoako biztanleen %3 odol emaile izatea, eta, horretarako, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Gotatanta kanpaina jarri zuen abian iazko maiatzean. Elkarteko lehendakari Sabin Urzelairen arabera, gaur egun ere iristen dira datu horietara: “Emaile aktibotzat hartzen delako azken hiru urtean aldiren batean odola eman duen edonor. Baina guk datu errealagoetara jo dugu, hiru urte horietako lehenengoan soilik eman eta beste bietan eman ez duena ziurrenik ez delako odola ematera itzuliko. Horregatik, urtebeteko tartea hartu, eta 2014a bukatzean urte horretan gutxienez behin odola eman dutenak 18 eta 65 arteko gipuzkoarren %3 izatea nahi dugu”.

Izan ere, ohartu dira odola emateko deialdiak egiten dituzten bakoitzean jende askok ingurura begiratzen duela, pentsatuz inguruko odol emaileei zuzentzen zaizkiela, “hor nonbait dauden horiei”. “Horrez gain, jende askok esaten du ‘nik ez dut odola ematerik, beldurragatik, gaixotasun bategatik, edo beste zerbaitegatik’, eta hori onartu egin behar da”, dio Urzelaik. Baina horiek ere egin dezakete zerbait behar dutenean odola izango dutela ziurtatzeko, eta zerbait egin dezaketen guztiak animatzea da Gotatanta-ren helburua: “Emaile izaterik ez badute, ateraldietan lagundu dezakete: denda askok ateraldien ostean mokadutxoa jartzeko jakiak ematen dizkigute; ikastetxe zein lantegietara goazenean irakasleek edo langileek euren klase nahiz lan orduak uzten dizkigute guri hitzaldiak emateko nahiz odol ateraldiak antolatzeko… horrek guztiak laguntzen digu guri, eta hori guztia sartzen da Gotatanta-ren barruan”.

Iazko maiatzean martxan jarritako dinamika ari da emaitzak ematen poliki-poliki. “Kanpainari ekin genionean, 17.500 odol emaile bueltan zeuden Gipuzkoan, eta 2012 amaierarako 18.500eko kopurura iritsi ginen. Orain 19.000 buelta horretan gaudela esango nuke, eta 2014a amaitzerako ezarritako helburuetara iritsiko garela uste dut”, azaldu du Urzelaik. Edonola ere, ez dute sekulako kanpaina egin, horretarako dirurik eta denborarik ez dutelako: “Lan pixka bat gehixeago egin dugu jendearengana iristeko, odola emateko beharraren mezua zabaltzeko”. Odol emaileek beren inguruan mezu hori zabaltzea sustatu dute, eta, tartean behin, hedabideetan azaltzeko aukera baliatu dute: “Matraka ematen goazen heinean, jendea pixkanaka gugana hurbiltzen ari da”. Gotatanta kanpainari ekin ziotenean, eskoletara joaten hasi ziren: “11-12 urte bueltako mila haurrengana baino gehiagorengana joaten gara, eta urtetik urtera kopuru hori ere goraka doa. Ordu eta erdiko tailer moduko bat eskaintzen diegu, eta inkesta bat ere ematen diegu etxera eraman dezaten. Ondorioz, mila haur horiek ere matraka ematen dute etxean, gurasoei odol emaileak diren edo ez galdetuz, zergatik bai edo zergatik ez… eta halakoak”.

Ohitura bihurtzeko nahia

“Pixkanaka”, baina toki guztietan emaitzak lortzen ari dira. Mila biztanleko urtean 50 odol emate lortzea da egoera onaren seinale, Urzelairen hitzetan: “Araban, urtean 72 dituzte; Bizkaian, 42 bueltan; Nafarroan eta Gipuzkoan, mugan gaude, 50-51 buelta horretan. Beraz, zorte ona eta txarra dugu Gipuzkoan; oso egoera onean gaude, eta hori oso ona da, baina askoz hobeto egotea zaila da”. Hala ere, jendearekin zuzeneko harremana izateak eragina duela uste du Urzelaik. Lanbide Heziketako guneetara eta unibertsitateetara ere joaten dira, eta odol ateraldietan emaitzak izaten dituzte: “Amarako politeknikoan izan ginenean hirurehun laguni eman genien hitzaldia. Horietatik ehun lagun inguru etorri ziren gero odola ematera. Kontua da hitzaldiaren eraginez egun horretan eman zutela odola, baina hori ohitura bihurtzea nahi dugu guk. Beraz, matraka ematen segituko dugu”.

Edonola ere, herritarren artean geroz eta babes handiagoa dutela dio Urzelaik, eta pozik dago horrekin: “Ez dakit Gotatanta-gatik den, baina azkenaldian atxikimendu gehiago dugula uste dut. Enpresa askotatik deitu digute lan orduetan ateraldiak antolatzeko, adibidez. Orain hilabete batzuk, ia familiarik ez zuen gizon batek guretzat eta beste hainbat elkarterentzat utzi zituen bere ondasunak herentzian, eta jendeak ere kasu gehixeago egiten digula esango nuke”. Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza berezi bat eman die aurten hezkuntzako mintegietarako nahiz herrietako boluntarioen formaziorako. Donostiako Udalak ere azken bi urteotan diru laguntza eman die.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko kideak, gainera, edozein gaitatik abiatuta ere, elkarrizketak odola ematearen kontura bideratzeko “abilezia berezia” omen du: “Afrikako ipar-ekialdean krokodiloei hortzak nola hazten zaizkien galdetu, eta hiru urratsetan Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartera iristen naiz, eta orduan jende guztiak esaten du ‘nik ere eman behar nuke, baina…’. Horrek esan nahi du jendeak kontzientzia baduela, ez dute paso egiten”. Gainera, Urzelaik argi du horientzako erantzuna: “Odola ematea erraza, azkarra, segurua eta oso beharrezkoa da. Behar dugunean odola jasotzeko eskubidea dugu, baina eskubide hori bermatzeko odola eman behar dute batzuek”.

Odol emaileen belaunaldi ordezkapena ere ziurtatu nahi dute. Baina horrek ez du esan nahi odol emaile gipuzkoarren batez besteko adina altuegia denik: “Ateraldiak egiten ditugunean, jende gehiena 40 urtetik gorakoa dela ikusten dugu, baina hori normala da. Odol emaile asko iritsi dira ehun aldiz odola ematera, eta, horretarako, behin ere hutsik egin gabe eta urtean lau aldiz —gizonezkoen kasuan, emakumeek hirutan eman dezakete gehienez— odola emanda ere, gutxienez 25 urtez eman behar izan dute, eta hasteko gutxieneko adina 18 urtekoa dela kontuan izanda, ba emaile horiek 43 urte dituzte gutxienez”. Beraz, normala da odol ateraldietan jende heldua egotea. Urzelairen ustez, seinale ona da hori, jendeak odola ematen hasi eta urte askoan jarraitzeko ohitura duela erakusten duelako. “Baina gazteen kasuan, esango nuke askok ez dutela odol faltan edo beharrean egon garen urteen berri, eta hori nahi dugu, gazteei adieraztea odol emaileak ezinbestekoak direla. Hori bai, badira odol emaile gazteak ere, baina odol beharraren mezua hedatu nahi dugu gazteen artean”.

Harremanak eta urtemuga

Sare sozialetako parte hartzea eta odol emaileek horietan duten presentzia sustatzea ere bada Gotanta-ren helburuetako bat. “Presentzia badugu jadanik; izugarrizko lana da, baina jende askorengana iristeko aukera ematen du”. Ez dute, ordea, beren mezuen zabalpena soilik egin nahi, odola ematen eta jasotzen dutenen arteko sarea sortu baizik: “Garai batean, odola besotik besora ematen zenean, emaileak odola eman ahala ikus zezakeen hartzaileak hobera egiten zuela. Orain, berehalako eragina galdu egin da, eta emaileek ez dute egiten duten ekarpenaren kontzientziarik. Horregatik, Facebooken dinamika bat jarri nahi dugu martxan, odola ematen eta jasotzen dutenek beren istorioa kontatzeko eta harreman sarea sortzeko”.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak 2014ko azaroaren 27an beteko ditu 50 urte. Ez dute ospakizun handietarako asmorik, baina zerbait egin nahi dute. Urte osoan, “hilero-edo”, gauzak egiten ahaleginduko dira, etengabe presentzia mantentzeko. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lau kontzertu elkartearen urtemugarekin lotuko dituzte, adibidez. “Horrez gain, zinemaldian ematen dugun saria indartu nahi genuke, gehixeago aipatuz-edo. Saiatuko gara beste eragile batzuekin harremanak izanda ekintzak antolatzen. Behobia-Donostia lasterketak ere datorren urteko azaroan du 50. urtemuga, eta, akaso, zerbait antola dezakegu elkarlanean. Halako ideiak ditugu buruan, baina ia dena airean dago oraindik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.