“Osasuna dugunok ekarpena egin behar dugu osasunik ez dutenen alde”

Gazterik hasi eta zahartu artean odola emateko asmoa du Luis Arregi Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak (Azkoitia, 1947). Herri txikietako jendea handietakoa baino kontzientziatuago dagoela dio, eta odola ematea gizartearekiko zorra kitatzea delakoan dago.

Noiz eta zergatik hasi zinen odola ematen?

24 urte nituela hasi nintzen; ebakuntza txiki bat egin behar zidaten Donostiako ospitalean, eta gelan ondoan egokitu zitzaidanak nahiko larri egoteko itxura zuen. Hurrengo egunean operatu behar gintuzten biok; niri egin zidaten ebakuntza, baina ondokoari ez. Ni erabat harrituta geratu nintzen, ni baino larriago zegoena operatu ez zutelako. Orduan, erizain batek azaldu zidan hark behar zuen odol motarik ez zegoelako ezin izan ziotela ebakuntza egin. Orduan pentsatu nuen odol faltagatik ezin zela halakorik gertatu, eta neuk ere zerbait egiten hasi behar nuela. Azkoitian bertan hasi nintzen, eta bost bat urteko etenaldia izan nuen pastilla batzuk hartu behar izan nituelako. Baina, gainerakoan, 24 urterekin hasi eta gaur arte eman dut odola, eta halaxe segitu nahi nuke 70 urtera iritsi arte.

Emaile izanda zein ekarpen egin duzu, eta zeuk zer jaso duzu?

Guztiok daukagu zor bat gizartearekin, eta uste dut ahal dugun artean osasuna dugunok ekarpena egin behar dugula osasunik ez dutenen alde. Betebehar bat dugu. Orain dela 28 urte herrian zegoen Odol Emaileen Elkartea desegin egin zen, eta lagun batzuk hasi ginen beste elkarte bat sortzeko ahaleginean, eta ordutik naiz egungo elkarteko ordezkaria. Oso pozik egiten dut, jendeak erantzun ona ematen du eta.

Odola emateko beharraren behar besteko kontzientziarik ba al dago zure inguruan?

Herri txiki edo ertainetan, 15.000 lagun artekoetan, kontzientzia dezentea dagoela esango nuke, herri handietan baino handiagoa. Baina ez odola emateari dagokionez bakarrik, baita gainontzeko gauza guztiekin ere. Emaitzei erreparatuta, Azkoitian baino lau aldiz biztanle gehiago dauden herrietan, gure odol emaitzen erdiak dituzte. Gurea bezalako herrietan, ia denok ezagutzen dugu elkar, eta errazagoa da ahoz ahokoaren bidez jendeari eragitea.

Zein lan egin behar izaten dituzu Azkoitiko elkarteko ordezkari izanda?

Batik bat, odol emaile berriak bilatzea tokatzen zait; urtero uzten du jendeak, eta horri erantzuteko emaileen %8-10 berritzea komeni da, emaile kopurua mantentzeko soilik. Gainerakoan, ateraldiak herrian tokatzen direnean izaten da lana, deialdiak egitea, zabaltzea eta halakoak.

Zeu ere izan zara noizbait odolaren beharrean?

Zorionez, neuk ez dut beharrik izan sekula. Inguruko asko igaro dira egoera horretatik, ordea. Eta badira odol beharrean egon direnera arte inolako kontzientziarik izan ez dutenak edo ardurarik eragin ez dietenak eta, behin odol hartzaile izan direnean, familia guztiarekin batera odol emaile bihurtu direnak.

Zer esango zenioke zuk herritar bati odola ematera anima dadin?

Behar-beharrezko zerbait dela eta norbaitek ematea ezinbestekoa dela. Askok esaten dute orratzei eta halakoei beldurra dietela. Horiei ere probatzeko esaten diet nik, behin behintzat odola ematera joateko, eta benetan zer den jakiteko, probatu gabe ez dago-eta jakiterik. Bestetik, eskerrak emango nituzke jasotzen dugun erantzunagatik. Laguntza handiak jasotzen ditugulako elkarteen, enpresen eta administrazioaren aldetik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.