Inor gutxik aukeratuko luke harea goria desertuan oasia eskura izanda, nahiz eta desertua benetan ezagutzeko hondarretan ibiltzea ezinbestekoa izan. Jendea desertuan sufritzen ari dela jakin arren, oasian murgiltzen dira asko eroso, begiak itxita, benetako desertua ezagutzeari uko eginez. Lide Amigo (Lazkao, 1988), turista gehienak ez bezala, aldendu egin da oasitik. 25 urteko lazkaotarra Dominikar Errepublikan izan da, baina hark ez du luxuzko hoteletan gaurik igaro. Hilabetez Haina herrian ibili da kooperante, prostitutekin eta haien seme-alabekin lanean, eta ikusi du turisten paradisutik harago ere badela lurralderik.
Aurrez ere kooperante ibilia da Mexikon, baina aurreko esperientziak ez du azkenarekin zerikusirik. Emakume indigenei eskola laguntza ematen aritu zen orduan; oraingoan, berriz, prostituzioaren mundua gertutik ezagutzea egokitu zaio. “Ez nekien gai horri buruz askorik, eta nahiz eta denok dakigun prostituzioa hor dagoen zerbait dela, ez dugu benetan planteatzen zer-nolako bizimodua daramaten; ez daukagu nahiko informazio”.
Abuztuaren 1ean iritsi zen gazte lazkaotarra Hainara, hilabetez bizileku izango zuen herrira. “Oso leku txiroa da Haina, Dominikar Errepublikako gunerik txiroenetakoa. Gainera, oso zikina da, munduko hamar hiri kutsatuenen artean dago”. Prostituzioa beti da gogorra, baina horrelako leku batean are latzagoa dela dio lazkaotarrak. Amigoren hitzetan, “prostituzio lokala bereziki gogorra da, kontsumitzaileak ere txiroak baitira”. Miseria egoera horretan, “lehendik ere hain tragikoa den egoerari higiene falta, droga eta tratu txar arazoak gehitu behar zaizkio, are ugariagoak inguru hartan”.
Oblata mojen lana
Zikinkeria, miseria eta tragedia horren guztiaren erdian egiten dute lan Oblata mojek. Nazioarteko kooperazio proiektu bat daukate prostitutei eta haien seme-alabei babesa eta “batez ere, maitasuna” emateko. Alde batetik, prostitutei beste lanbide batzuk erakustea dute xede, bizitzeko beste modu bat badela ulertaraztea. Horretarako, zenbait ikastaro antolatzen dituzte, besteak beste, edergintza, gozogintza eta odontologia ikastaroak. Prostituziotik aldendu nahian dabiltzan emakumeek edo prostituzioa utzi eta laguntza behar duten neskek parte hartzen dute horietan.
Bestetik, inguruko herrietara ere joaten dira, prostituzioa aukera bakartzat duten emakumeei beste aukera batzuk erakustera. “Lan zaila da hori”, Amigoren hitzetan; izan ere, “zaila da kasu askotan prostituzioari uko egitea, ez baitago lanik. Gizonek taxi gidari egin ohi dute lan, eta emakumeek euren gorputza saltzen dute”.
Familia asko, gainera, emakume horiei esker bizi da. Kasu askotan seme-alaba dezente dituzte, eta prostituzioan jardun ezean, ezinezkoa litzaieke irautea. “Zenbaitetan ia hutsaren truke prostituitu behar izaten dute emakumeek, 50 pesoren truke, kasurako [0,87 euro]. Ogirik ere ezin dute erosi kopuru horrekin, baina, hala ere, onartu egiten dute; nazkagarria eta tristea da, benetan”.
Horrelako tragedia askotxo ezagutu ditu Amigok bidaia horretan. Gaztetxoen eta haurren egoera oso gertutik ikusi ahal izan du, prostituten alabekin egon baita. 7 eta 14 urte bitarteko haurrak eta gaztetxoak izan ditu ardurapean, eta era guztietako lanak egin ditu gaztetxoekin: eskulan tailerrak antolatu dizkie, eta baita eskola laguntza eman ere. Horrez gain, “filmak baliatuz jendearen arteko harremanak” erakutsi dizkie. Bortxaketak eta tratu txarrak jasandakoak ziren gehienak, eta horregatik, “garrantzi handia izan du irakasteak jendearen arteko erlazioek ez dutela zertan horrelakoak izan”.
Prostituta asko 12 urterekin hasten da lanean, zenbaitetan egoerak bultzatuta, edo gurasoek eurek behartuta. Bereziki hunkituta gogoratu du lazkaotarrak Winiferren kasua. “13 urte baino ez zituen, eta amak beharturik prostituzioan jarduten zuen. Ama ere prostituta zen, baina haur txiki bat izan berri zuenez, alabari eginarazten zion bere lana; gainera, tratu txarrak ematen zizkion”. Winiferren moduan, inguru hartan adingabe askok prostituitu behar izaten zutela kontatu du. Amigok dioenez, “ez dira beti koitora iristen, baina eskumuturreko edo beste objekturen baten truke euren gorputza ukitzen uzten diete gizonei, edo zakila zurrupatzen diete. Euren errealitatea hori da, eta gogorra izan arren, barneraturik dute”.
Gobernua, ezer egin gabe
Hilabete baino ez du egin Amigok herri hartan, baina nahiko denbora izan du hango egoerak zergatik dirauen eta zergatik iraungo duen jabetzeko: “Han ezagutu ditudan herritar asko eta asko Haititik joandako etorkinak dira, paperik gabeak; beraz, legearen aurrean ez dira existitzen”. Paperik gabe, ezin dira eskolara joan, eta joateko aukera dutenek ere hezkuntza sistema kaxkarra izatearen ondorioak pairatu behar dituzte. 12 urteko gaztetxoek ez dakite ez irakurtzen, ez idazten.
Egoera hori konpontze aldera, “gobernuak ez du ezer egiten, beste aldera begiratzen du eta zenbaitetan egoera larriagotzen du”. Poliziaren kasua benetan larria da, Amigoren ustez; prostitutei isunak jartzen dizkiete haien lana dela eta. “Ondotxo dakite ezin dituztela ordaindu, eta horrenbestez, sexuarekin ordaindu behar izaten diete”, kontatu du lazkaotarrak.
Amigok badaki zer den oasitik aldendu eta tragediaren desertuan ibiltzea. Pentsa liteke hondar goriaren gainean oinez ibili denak sufrimendua eta tristura ekarriko dituela oroigarri gisa. Alabaina, han ezagututako jendearengandik zer ekarri duen azaltzean, “sekulako zoriontasuna” jaso duela aitortu du irribarretsu. “Nahiz eta drama latzak bizi, egoera gogorrak izan etxean, oro har alaiak dira, eta aurrera egiteko itxaropena dute. Badakite zenbait helburu ez dituztela lortuko, baina ametsak badituzte. Azken finean, umeak dira, eta ume guztiek egin behar dute amets”.
Esperientzia horrek beste errealitate bat erakutsi dio Amigori, baina, horrez gain, bere burua ezagutzen ere lagundu dio. Jabetu da zertarako gai izan litekeen. Konturatu da “gertuko pertsona” dela, eta badakiela besteei zerbait ematen. Nolanahi ere, ezer gutxi egin duen sentipenarekin itzuli da: “Asko jaso dut, izugarri, eta ez dut uste ezer handirik egin dudanik”. Handik iritsi zaizkion esker oneko eskutitzek, ordea, agerian utzi dute eman ere zerbait eman duela, berak uste baino gehiago, ziurrenik.
Leave a Reply