Etxetik datorkio sare konpontzailearen ofizioa Mertxe Mendizabali (Getaria, 1949). Ama ere sare konpontzailea izandakoa da, eta familiako itsasontzia dute Getarian. Ofizio horretan dabiltzan gehienak armadoreen emazteak edo alabak direla esan du Mendizabalek, nahiz eta salbuespenak egon. Amak erakutsita ikasi du sareari puntadak ematen: “Amarengandik ikasi dut ofizioa; lan honetan gabiltzan gehienok gurasoengandik ikasten dugu. Badago bakarren bat gurasoek erakutsi ez diotena, eta horrelakoetan gure artean elkarri erakusten diogu”, esan du Mendizabalek. Gaur egun sareak konpontzeko lonja propioa dauka Getariako Indaux enpresaren alboan, Azkizu auzora igotzeko bidean. Getariako portuan ere Eusko Jaurlaritzak emandako beste lonja bat daukate. Azken horretan, sarea oso hondatuta iristen denean elkartzen da sare konpontzaileen emakume taldea.
Sare konpontzaileek ez dute lanerako ez ordutegi ezta egutegi finkorik ere; arrantzaleen menpekoak dira euren lanegun eta ordutegiak, eta horretara ohituta daude: “Arrantzaleek sarea hautsi duten momentuan bertan jakinarazten digute guri”, azaldu du getariarrak. “Berdin dio astelehena ala larunbata izan, eta berdin dio zein ordutan jasotzen dugun deia. Gu beti sakelako telefonoa eskuetan dugula ibiltzen gara”, gaineratu du. Sare konpontzaileek beti egon behar dute prest.
Arrantzaleak ez dira hasten banan-banan sare konpontzaile guztiei deika sarea apurtzen dutenean. Zerrenda bat daukate aste bakoitzean arduradun izango diren pertsonen izenekin. Hori horrela, arrantzaleek sarea apurtzen dutenean, aste horretan arduraduna izatea tokatzen zaion sare konpontzaileari deitzen diote.
Getarian gaur egun 21 emakumek hamabost ontzitako sareak konpontzen dituzte. Sare konpontzaile bakoitzak konpromisoa du ontzi batekin edo gehiagorekin. Gehienak senitartekoen ontziak izaten dira, baina badago familian ontzirik izan gabe sareak konpontzen ikasi duenik ere: “Horiek ere konprometitzen dira ontziekin, eta horrela bizimodua ateratzen dute”. Lan gutxi dagoenean, sare konpontzaile bakoitzak konpromisoa hartua duen ontziaren sareak konpontzen ditu, baina sarea oso hondatuta iristen denean, talde osoaren lana beharrezkoa da: “Sarea oso hondatuta etortzen denean guztiok elkartzen gara”.
Tradiziozko lanerako metodoa
Eskulangile lana da egiten dutena; dena eskuz egiten dute, makinek ezin baitute haien lana egin. Sare konpontzaileak lurrean jarri ohi izan dira eserita, hankekin sareari eusten. Azken urteetan Eusko Jaurlaritzak aulkiak eta metalezko zutoin modukoak eman dizkie, sarea bertan katigatu eta aulkian eserita lana egin dezaten. Baina, Mendizabalek esan duenez, gaur egun oraindik sareak lurrean konpontzen jarraitzen dute, horrela ohitu direlako, nahiz eta askotan bizkarreko mina lagun izan. “Gainera, lan egitera portura joan behar badugu, aulkiak eta metalezko zutoinak eraman behar ditugu, gauza guztiekin alde batetik bestera. Eta, horrenbestez, nahiago dugu lurrean eserita lan egin”, gaineratu du.
Ofizio guztietan bezala, sare konpontzaileen lanak prestakuntza eskatzen du, eta, getariarrak dioenez, denbora dezente eskatzen du sareak konpontzen ikasteak. Gainera, arreta handiz egin beharreko lana da: “Ofizio berezia da, eta sare batek mila gauza ditu egiteko”. Sareek gauza ezberdinak izaten dituzte konpontzeko: “Batzuetan sarea puska bat falta zaiola etortzen da; orduan puska horiek moztu egin behar dira, eta berriro zati berdina jarri behar da; horretarako, neurketak egin behar dira. Beste batzuetan, sareak desmuntatu eta muntatu egin behar dira, kortxotik atera eta berriz sartuz”.
Sareak lehen baino luzeagoak eta lodiagoak dira. Horrez gain, garai batean baino sendoagoak dira: “Ez dira lehen bezala hondatzen”. Lan gehien itsasontziak gelditzen direnean izaten dute. Neguan ontziak geldi izaten dira bizpahiru hilabetetan: “Ontziak geldi daudenean sareak lonjara eramaten ditugu; han sarearen erretratu orokor bat egiten dugu. Sarea bere osotasunean aztertzen dugu: gauzak ongi dauden ikusi, higatuta dauden zatiak kendu, horiek konpondu eta berriz jarri, zulo txikiak egin eta abar”.
Aldaketak lanerako materialean
Arrantzaleen sareak kotoizkoak izaten ziren garai batean. Gaur egun, berriz, nylonezkoak dira: “Kotoia erre egiten zen, eta, gainera, lehortu egin behar izaten zen. Horrez gain, sareei tinta joaten zitzaien, eta berriro tindatu behar izaten genituen, baina horiek aspaldiko kontuak dira. Nylonezko sareekin ez da horrelakorik gertatzen”.
Sareak aldatu diren moduan, sareak konpontzeko materiala ere aldatu egin da. Garai batean, egurrezko orratzak erabiltzen zituzten sareak konpontzeko, baina gaur egun plastikozko orratzekin ematen dituzte puntadak. Josteko haria ere nylonezkoa erabiltzen dute orain; lodiera guztietako hariak dituzte, eta sareak behar duen lodierako haria erabiltzen dute konponketa bakoitzean.
Azken urteetan ontzi kopurua asko jaitsi da. Horrek ere eragina izan du sare konpontzaileengan. Azken finean, arrantzaleen eta sare konpontzaileen lana elkarri lotuta doa; lehenengoaren lana gutxitzen bada, bigarrengoarenak ere behera egingo du: “Etorkizun beltza dute ontziek”. Getariarrak azaldu duenez, ontzien etorkizuna ikusita, gaur egun ez da jende asko hasten sare konpontzaile lanetan.
Leave a Reply