Andoain
Andoaingo gaztetxea 29. urteurrena ospatzen ari da hilabete osoan. 12 + 17 izena jarri diote, gaztetxe zaharrean eman zituzten hamabi urteak eta egungo eraikinean bete dituzten hamazazpiak gogoratzeko. Askotariko ekitaldiak izan dira azaroaren 1etik, eta gaurtik hilabete amaierara arte ere beste hainbat egongo dira.
Gaur gauerako, kontzertuak antolatu dituzte, 22:30etik aurrera. Napoka Iria eta Joseba B. Lenoir igoko dira oholtzara. Napoka Iriak Arnasten ikasteko berriz (Bonberenea Ekintzak ) bigarren lan luzea atera berri du; horren oinarrian, Miren Narbaiza eta Ander Mujika taldekideek egin duten barne bidaia dago. Joseba B. Lenoirrek ere aurten plazaratu du bere azken lana, Instroak Vol.2 izenburupean (Gaztelupeko Hotsak).
Bihar, jaia eguerdian hasiko da, bazkalordurako babarrun jatea antolatu baitute 14:00etan. Bazkaldu ondoren, bakarrizketa saioa eskainiko du Unai Ormaetxeak, eta arratsaldean, Orkestra Nazional elektrotxarangarekin kalejira egingo dute herriko kaleetan. Gauean Lendakaris Muertos eta Flattened Frogs Massacre taldeen musikaz gozatzeko aukera izango dute festara biltzen direnek, 22:30etik aurrera. Lendakaris Muertos punk taldeak ia hamar urteko ibilbidea egin du musika munduan, eta tarte horretan sei lan argitaratu ditu; azkena, iaz, Crucificados por el antisistema (Maldito Records). Flattened Frogs Massacre Urnietako taldeak hardcore-metal musika jorratzen du.
Sariak eta ikus-entzunezkoak
Igandean, berriz, okupazio eguna izango dute gogoan, eta 19:00etatik aurrera afari-askaria, sari banaketak eta askotariko emanaldiak egingo dituzte. Urteurrena ospatzeko ekitaldiak, ordea, ez dira asteburuan amaituko. Hurrengo astean, hilaren 28an, Azken agurra lana aurkeztuko dute 20:00etan. Hilaren 29an, ostiralarekin, Libre Gaua egingo dute, eta egun horretan talde sorpresa baten kontzertua iragarri dute 22:30erako.
Leave a Reply