“Aitonarekin ikasi nuen abarkak egiten”

Aitonak erakutsita ikasi zuen Juan Elgarrestak (Gabiria, 1941) abarkak egiten. Jaiotzez urretxuarra da, baina gaur egun Gabiriako Astiazaran baserrian bizi da. Aita zenak haria egiten zuen, eta amak, berriz, galtzerdiak.

Gaztetatik hasi zen Elgarresta aitonari abarkak egiten laguntzen; urte batzuetan, ordea, geldirik egon zen. “14-15 urte nituenetik 35 urte egin arte utzi egin nion abarkak egiteari”, dio gabiriarrak. 1980. urtean, lagunek Urretxuko eskulangile azokara joateko eskatu zioten, eta jarduera hori utzita zeukan arren, berriz heldu zion: “Urretxuko eskulangile azokaren ondoren, Tolosako Kilometroetara joateko deitu ziguten. Horren ondoren, Zumarragako azokara joateko ere deitu ziguten, baita Arrasatekora ere”, azaldu du abarkagileak. Eta ordutik horretan aritu da hainbat urtetan. Arrasateko azokara 1980an joan zen lehen aldiz, eta ordutik urtero joan zen 1992. urtera arte.

Azoketan aritzeaz gain, hainbat erakusketa ere egiten ditu Elgarrestak, eta bere baserrira ikastera joaten diren gazteei erakusten aritu da hainbat urtetan: “52 urte nituenean, tailer batean lan egiten nuen, baina langile kopurua murriztu nahi zuten, eta kalera joatea tokatu zitzaigun. Orduan hasi ginen eskoletako umeekin eta kanpotik etorritako bisitariekin lanean”. Harrezkero, horrela ibili da 20-21 urtetan. Talde asko joan dira harengana abarkak egiten ikastera, bai eskoletatik, baita helduen elkarteetatik ere. Bide batez, euskaltegietatik ere joan izan zaio jendea, euskara lantzeko. Horrez gain, hainbat familia ere joan zaizkio, umeekin hiru edo lau orduko ikastaroak egitera.

Abarkagintza prozesua

Lehenengo, larrua ohol baten gainean ipintzen du, eta, bertan, egin nahi duen oin zenbakiaren arabera, moztu beharrekoa marrazten du. Horren ondoren, larrua mozten du, eta, gero, L forma daukan marraza batekin zulotxoak egiten hasten da larruaren perimetro guztian. Zulotxo horietatik pasatzen du gero lokarria.

Garai batean, begiak egiten zitzaizkien abarkei, baina, garai hartan esaten zutenez, jaiegunetan erabiltzeko abarkei bakarrik ipini behar zitzaizkien begiak; ez, ordea, egunerokoei. Abarkak egiteak denbora eskatzen dio eskulangileari: “Abarka parea ondo egiteko, hiru bat ordu behar dira”. Abarkak egiten hasi aurretik ere lan handia egin behar izaten du Elgarrestak: lazoak prestatu, josteko uhala prestatu eta abar. “Gaur egun abarka gehienak makinaz egiten dituzte, eta azkarrago egiten dira”.

Abarkak egiteko materiala aurkitzea gero eta zailagoa dela adierazi du. Lehen, larru-ontzaileen hainbat lantegi zeuden Euskal Herrian, baina gehienak itxi egin dituzte: “Garai batean Beasainen geneukan larru-ontzaile lantegi bat, baina itxi egin zuten. Gernikan ere bazegoen beste bat, baina hura ere itxi egin zuten”. Palentziatik (Espainia) ekarri zuen larrua azkenekoz Elgarrestak.

Gaur egun, abarkak gehien erabiltzen dituztenak jaiegunetan baserritarrez janzten direnak eta dantzariak dira. Abarka txikiak dira eskulangileak gehien saltzen dituenak, urtebete edo 2 urteko umeentzako abarkak. Horiek larru mehearekin egiten dira, eta oso bigunak dira.

Elgarrestaren ustez, etorkizunera begira lanbide mordoa izango dira belaunaldi berriekin itzaliko direnak: “Eskuz egindako gauzekin ogibide bat aurrera eramatea oso zaila da”, esan du. “Lehen, azokak baserriko edo herriko beharrentzat egindako eskulanekin beteta egoten ziren; gaur egun, berriz, belarritakoak, eskumuturrekoak eta abar aurki ditzakegu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.