Asuncion publikoki kudeatzea eskatu dute Tolosaldean

Tolosaldeko, Andoaingo eta Legorretako herritarrei eragiten die Asuncion klinikako auziak. Langileen ordezkariek eta osasun publikoaren aldeko herritarrek argi dute 2011n berritutako hitzarmenaren aurreko egoerara itzultzea dela bidea, eta kudeaketa sistema publikoaren aldarriari eusten diote.

Guztira, 65.000 herritarri eragiten die azken hilabeteotan Tolosaldeko osasun arretaz sortu den zalapartak. TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako eta LAB sindikatuko kide Joxe Mari Mujikaren arabera, “arazo politiko bat dago, eta erabakiak hartzea falta da, etorkizuna sistema publiko bat ezartzean dagoelako”. Kexu da Tolosaldea delako “ospitale publiko gabeko eskualde bakarra”, eta publikotasunaren beharra ere ez delako “sekula planteatu”. Berezia da Asuncion klinikaren egoera: osasun arreta publikoa eskaintzen du, baina kudeaketa pribatua du, enpresa baten esku baitago.

Izan ere, 1994. urtean, Benito Izagirreren ardurapean zegoela, porrot egin zuen Asuncionek, eta Jesus Gomez Montoyak hartu zuen orduan ardura, Inviza SA enpresa sortu eta klinika erosita. Osasun guneak Gizarte Segurantzarekin, Fogasarekin eta Gipuzkoako Ogasunarekin zituen zorrak bere gain hartu zituen. Guztira, lau milioi eurotik gorako zorra zuen orduan. Kontzertatua zenez, Gomez Montoyak Jaurlaritzarekin akordioa sinatu behar izan zuen. Hala, diru sarreren %95 jasotzen du gobernutik (urtean 20.000 euro inguru), eta ordutik hitzartua dute zorra pixkanaka kitatzeko mekanismoa: 1996an eta 1997an, irabazien %20 bideratu behar zituzten zorra kitatzera; 1998an eta 1999an, etekinen %40; 2000n eta 2001ean, irabazien erdia; eta, ordutik aurrera, urteko irabazien %75, zorra kitatzera iritsi arte. Mujikaren hitzetan, ordea, “zorra hor dago, eta Invizak itxuraz soilik betetzen du Jaurlaritzarekin adostutakoa”. Ondorioz, zorra apur bat jaitsi bada ere, 2011n lau milioi eurotik gorakoa zen oraindik.

Hori posible izateko, hainbat enpresaz osatutako sarea du muntatua Gomez Montoyak. 2012ko abendura arte, Gipuzkoan Enpresen Promoziorako Legeak baimentzen zuen enpresa sareak sortu eta dirua batetik bestera pasatzea. Yatpinde Tatso Brahmande enpresa da buruan dagoena, eta Gomez Montoyarena da horren %99,92; gainerakoa bere emaztearen eta hiru semeen artean banatuta dago.

Irabaziak ez aitortzea helburu

Yatpindek Tolosaldeko beste hiru enpresaren kontrola du, Geusa, AMT Asistencia Medica Tolosa eta Invizarena, hain justu. Yatpindek Geusaren %100eko jabetza du, eta Invizaren %33 ingurukoa. Baina Geusak kontrolatzen du Invizaren %44,54; eta, aldi berean, AMTren jabetzaren %40 Geusarena da, eta %60 Invizarena. Ondorioz, guztiak Gomez Montoyaren menpe daude, eta batean lortutako etekinak bestera pasatuz, elkar elikatzen dute enpresa guztiek. Diruaren joan-etorri korapilatsu horri esker, Invizakoek “etekinak ez dituzte aitortzen, eta irabaziei dagokien egiazko zatia ordaindu ordez, kopuru lotsagarriak bideratzen dituzte zorra kitatzera”, Mujikak azaldu duenez. Hala ere, 2012ko abenduaz geroztik, Gipuzkoan indargabetuta dago dirua desbideratzeko aukera ematen duen legea. Baina egoera aldatzerako denbora pasako dela uste du Mujikak: “Aldundiak ezin ditu berehala sozietate horiek guztiak desagerrarazi, nolabaiteko egokitzapena behar da. Beraz, ikusteko dago Gomez Montoyak zer egingo duen bere sarearekin, nola egokituko duen”.

2011. urteko azaroan, Invizak Eusko Jaurlaritzarekin eta Osakidetzarekin zuen kontzertua berritzean bihurtu zen egoera jasangaitza. Tolosako osasun etxeko espezialitateak kendu eta Asuncion klinikan zentratzen hasi zirenean. “Osasun etxean espezialitateak eskaintzen zituzten sendagile batzuek erretiroa hartu zuten, eta ordezkorik ez zuten jartzen, eta jendea orduan hasi zen ohartzen zer gertatzen zen”, azaldu du Mujikak. Horrek eragina zuen langileen egoeran: “Espezialitateak kendu zituztenean, osasun etxeko langileei aukera eman zieten klinikara igarotzeko. Kontua da arlo pribatuko langileek eta Osakidetzan dihardutenek ez dituztela lan baldintza berberak. Sistema publikoan daudenak askoz egoera hobean daude pribatukoekin alderatuta. Osasun etxeko langileei esan zieten klinikara igarotzen baziren, ordura arteko lan baldintzak mantenduko zitzaizkiela, eta horrek langileen arteko desoreka zekarren”.

Osasun arretaren erabiltzaileak ere hasi ziren ondorioak hautematen: “Kontzertu horrek eragotzi egiten digu erabiltzaileoi Donostiako ospitalera geure kabuz joatea. Lehen bagenuen aukera, baina orain, klinikara joatera behartuta gaude, eta egoeraren arabera handik bideratu behar gaituzte ospitalera”.

Aldarrikapena instituzioetara

Guztira, 31 udalerritako herritarrei eragiten die egoera horrek. Mujikaren hitzetan, “herri horietan guztietan onartu dute sistema publikoaren eta osasun etxea espezialitatez hornitzearen aldeko mozioa”. 19.000 sinadura ere bildu ditu TOPAk, baita “eskualdean azken urteotan egin diren manifestaziorik handienak” antolatu ere.

Eusko Legebiltzarrera jo zuten azaroaren 18an, eta “pozik” atera ziren bertatik: “Gure harridurarako, alderdi politiko gehienek zioten arazo historiko bat dagoela eta publikotasunaren aldeko apustua egiten dutela. Guk egiazko apustua egin dezatela eskatzen dugu, Asuncion klinika herritarrok ordaintzen dugulako eta kudeaketa erabat publikoa izatea nahi dugulako. Besteak beste, klinikan lanean arituko diren langileek ere Osakidetzakoen lan baldintzak izan ditzaten”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.