Etxekoandretzeaz

Berrogeita hamar urte bete dira Betty Friedanek The Feminine Mystique (1963) argitaratu zuenetik. Saiakera entzutetsu hartan, Estatu Batuetan II. Mundu Gerraren ondoren garaturiko emakumearen irudikapenak aztertu zituen Friedanek. Gerra garaian emakume askok gizonek utzitako lanpostuak eta ardurak hartu zituzten, sistema ekonomikoa sostengatu ahal izateko; eta gerraostean, agintariek propaganda kanpaina indartsua jarri zuten abian emakume horiek etxeko lanetara lotu zitezen.

Testuinguru hurbilari begiratuta, badirudi egun ere halako propaganda kanpaina batek jotzen gaituela bete-betean. 2008. urtetik aurrera ugaritu egin dira emakumeak etxekoandretzeko diskurtsoak, legeak eta publizitatea. Ez dirudi kasualitatea; izan ere, krisi ekonomikoaren mamuak astintzearekin batera indartu baitira halako diskurtsoak. Emakumeak etxekoandretzearekin batera, lanpostuak gizontzeko urratsak ere nabari dira (zaintzarekin loturik ez daudenak, jakina).

Propaganda kanpaina horrek hari mutur asko askatu ditu, horietan korapila gaitezen: abortuaren legea eta dependentziaren legea eraldatzeko urratsak, familia eredu tradizionalaren aldeko mobilizazioak, berdintasunerako diru laguntzak gutxitzea, Cásate y sé sumisa liburuaren agerpena… Kontraesanez josita daude diskurtso horiek; batetik, etxekoandrea dute emakumearen berezko nortasunaren ikur, berez jasotako jarrera eta joera bailitzan; bestetik, etxeko lanetan ere trebatu beharra dagoela azalarazten dute, trebatzeko liburuak eta tailerrak prestatu ohi dituztelako, besteak beste. Horregatik, garaian garaiko botereak emakumeak etxekoandretzea izan du helburu nagusi, etxeko andrea ez baita jaiotzen, egiten baizik.

Baina, egungo kanpainaren barruan, bada alderdi aipagarri bat, Friedanek deskribaturiko testuinguru soziopolitikoan hain nabarmena ez zena: amonaren irudikapenak. Duela lauzpabost urtetik hona, ugaritu egin dira amonen inguruko iragarkiak: amonak parkean bilobak zaintzen, edo merienda prestatzen… beti irribarretsu eta apain. Nolabait, emakume horien zoriontasun betea bilobak zaintzea dela adieraziz, zaintza lan hori maitasun keinu bilakatuz, eta zaintzarako joera hori amonaren nortasunaren ezaugarri natural gisa aurkeztuz.

Azken batean, zaintzak lana ez dakarrela irudikatu nahian, ahaztu nahian halako pertsonengan zenbateko zama eta ardura uzten duen gizarteak, eta zer gutxi eskaintzen zaion trukean. Etxekoandretzeko egungo diskurtsoek, hortaz, amonaren irudia eraikitzea dute helburu nagusietariko bat, sistema ekonomikoak belaunaldi horien zaintza lanak ere premiazko dituelako, sistema sostengatuko bada.

Leave a Reply

Your email address will not be published.