Badator abenduaren 3a, badator Euskararen Eguna, eta badator hausnarketarako garaia. Duela gutxi euskararen inguruan egindako mahai inguru bateko solasaldian jabetu nintzen geure hizkuntzaren egoeraz. Egia al da euskaraz bizi garela? Donostian bizi nintzenetik nire jaioterrian baino euskara gutxiago erabiltzen nuela konturatu nintzen duela urte batzuk. Errua besteei botatzen nien hasieran, baina bada garaia neure akatsak onartu eta dagokidan erantzukizuna aztertzeko. Hasiera hartan lehenengo pausoa euskaraz ematen nuen beti, dendetan, tabernetan, autobusean… Erdiek baino gehiagok erdaraz erantzuten zutela ikustean, etsipenak jota jarraitzen nuen hizketaldia. Pare bat urte eguneroko borroka horretan eman ondoren, iritsi zen momentu bat non lehenengo urrats hori euskaraz ez egiteko beti aurkitzen bainuen aitzakiaren bat: “Erdaraz egingo diot, ez du euskaraz jakingo”; “presaka nabil, eta bizkorrago bukatuko dut zuzenean erdaraz galdetzen badiot”; “itxura horrekin seguru erdalduna dela”… Eta halaxe sortu nuen, tantaz tanta, amaierarik gabeko putzu sakona. Baina putzu horretan aspertu egin naiz, eta ateratzeko erabakia hartu dudanean konturatu naiz arrazoi batek barrena hutsik duenean ez dela arrazoi bat, aitzakia baizik. Lehorrera irteteak mesede egin dit; pauso bakoitzarekin labaintzeko arriskurik ez daukat!
Ez dut pentsatu ere egin nahi zer gertatuko litzatekeen herri honetako hizkuntza galduko bagenu, izua ematen dit nire seme-alabek nortasun propiorik gabeko herri bat ezagutuko dutela imajinatzeak; Gabonetako loteriaren iragarkiko Montserrat Caballe nire portaleko eskailera ilunetan aurkitzeari baino beldur handiagoa diot horri, pentsa!
Eta zer adierazi gaztetxoei? Erdara asko entzuten dut inguruko gazteen ahotan, badirudi adin batzuetan guayagoa dela erdaraz jardutea. Eta ez dut okerreko sentsazio horren zergatia ulertzen; Frigopie izozkia inori nola gusta dakiokeen ulertzen ez dudan moduan —nori gustatu behar zaio oin formadun izozki arrosa hori aho zulora eramatea?—. Herri honetako gaztetxoek jakin eta pentsa dezatela euskara nondik datorren: munduko hizkuntzarik zaharrenetako bat izango da —latina baino zaharragoa dela pentsatzeak zirrara berezi bat eragiten du—, inork ez du haren jatorria osorik zehaztu oraindik; korronte ezberdinen azalpen arrazoizkoak badira, noski, baina nondik eta noiztik datorren inork ez daki. Misterioz inguratutako hizkuntza bat da; barkaidazue, baina hori baino guayagorik ez da existitzen!
Alferkeriak, presak edota etsipenak eraginda lehenengo urratsa erdaraz emateak ni neu gogaitzen nau, eta berriro ez egiteko konpromiso tinkoa hartu dudanean egin ditut bakeak garrasika neukan kontzientziarekin. Badakit ez naizela egoera honetan dagoen lehena izango, zoritxarrez ezta azkena ere, baina hizkuntza bat indartzeko gogoa eta indarra denok hartzen badugu, seguru uzta hobea jasoko dugula. Horretarako, noski, geure akatsak ikusi eta onartzea da lehenengo lana; hazia erein aurretik lurra jiratu eta harri kozkorrak kentzea komeni da.
Leave a Reply