FirstStop SouthWest enpresak Gipuzkoan dituen lantegietan mugagabeko grebara deitu dute LABek eta UGTk astelehenetik aurrera, konpainiak kontratuak bertan behera uzteko aurkeztu duen erregulazio espedientea salatzeko. Pneumatikoen instalatzaileak tailer bana du Irunen, Olaberrian eta Eibarren, eta bi ditu Donostian; guztira, 28 langile dira Gipuzkoan.
Sindikatuek diote “enpresak espedientea atzera bota arte” grebarekin jarraituko dutela. UGTko ordezkarien iritziz, “langileen eskubideen aurka aurrez aurre eginiko erasoa da”, eta helburu bakarra konpainiaren “etekinak handitzen segitzea da”. ELAk joan den astean erabakia gaitzetsi zuen; “onartezintzat” jotzearekin batera, gaineratu zuen enpresak azken urteetan “etekin handiak” izan dituela. Enpresaren arabera, ordea, bere egitura derrigorrean “merkatuaren errealitatera” egokitu beharra dauka, eta “oraingo eta etorkizuneko errentagarritasuna, eraginkortasuna eta lehiakortasuna” bermatu.
Duela ia bi aste eman zien First Stopek sindikatuei erregulazio txostenaren berri. Espedientea Madrilen aurkeztu zuen enpresak, eta han negoziatuko du sindikatuekin, “ahalik eta adostasun handiena lortzeko”. Hilaren 15ean osatu zuten negoziazio mahaia; horretan biltzen dira konpainiako ordezkariak eta txostenak eragindako tailerretako kideak. Baina langileen ordezkariek salatu dute ordutik konpainiak ez duela kontsulta fasean negoziatzeko “inolako borondaterik” izan, eta jarrera horren bitartez “aurrerapausoak eta enplegua bermatuko luketen neurriak” saihestu nahi dituelakoan daude.
Hainbat markaren atzean
Bridgestone pneumatiko etxeak 1999an sortutako adar bat da First Stop; iaztik, hala ere, haren independente gisa jarduten du. First Stop, Talleres Autodisco eta beste hainbat izen komertzial erabiltzen ditu multinazionalak Euskal Herriko eta Espainiako zenbait lantegitarako.
Euskal Herrian oro har 50 langileri eragingo die neurriak; Gipuzkoako 28 langileez gain, beste hamahiru dituzte Bizkaian, eta bederatzi Nafarroan.
Leave a Reply