“GIBak bakar bat kutsatzea asko da” Acasgi elkartearentzat

1991. urtetik Acasgi Hiesaren Kontrako Gipuzkoako Elkarteko kidea da Paki Lucha. Aste honetan “lanez gainezka” dabiltza; igandean izango da Hiesaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta, horren harira, komunikabideei erantzuten dabiltza. “Testigantzak eskatzen dituzte, baina inor ez dago aurpegia erakusteko prest. Zoritxarrez, oraindik diskriminazioa eta bazterketa jasaten dute gizartearen partetik”, azaldu du Luchak.

Aurtengo datu ofizialik ez dago oraindik. Elkarteak ere ez daki zenbat pertsona kutsatu diren GIB giza immuno-eskasiaren birusarekin Gipuzkoan, baina Luchak argi du kopuruei dagokienez: “GIBak pertsona bakar bat kutsatzea asko da guretzat”. Aurtengo helburua inor ez kutsatzea dela azaldu du. “Prebentzioan lan egiten dugu, eta gustatuko litzaiguke urtearen amaieran kasu bat bera ere ez egotea”. Gaur egun, arazo nagusi hauek izaten dituzte erabiltzaileek: batetik, medikamentuek sortzen dituzten ondorioak, eta, bestetik, bizi-kalitatea murriztu egiten dela eta heriotza kopuruak handitu egiten direla GIBari C hepatitisa elkartzen zaion kasuetan.

Diagnostiko goiztiarra egitea

Kutsatze tasa altuena duten sektoreekin lan berezia egiten ari dira instituzioak, baita Acasgi ere. Homosexualak eta gazteak dira bi sektore horiek. Kontuak kontu, hiesa bere osotasunean lantzen dute elkartean. Prebentzioari eta diagnostiko goiztiarrari garrantzi handia ematen diote. “Edozein zalantzaren aurrean proba egitea da onena, gaixotasuna goiz atzemanda gaitza garatzea oztopa daitekeelako”.

Horrez gain, laguntza psikosoziala ere eskaintzen dute: aholkularitza eta laguntza psikologikoa, besteak beste. Instituzioekin elkarlanean aritzen da elkartea, eta ezarrita dauden baliabideak erabiltzen dituzte zerbitzuaren erabiltzaileei laguntzeko. Diputazioaren harrera etxeak elkarteak kudeatzen ditu, esaterako. Urte osoan ia beteta edukitzen dituzte. “%95 betea dugu. Zerbitzu honen onuradun gehienak droga menpekotasuna duten pertsonak dira. GIBarekin bizi daitekeela erakusten diegu gure erabiltzaileei, eta etorkizuneko proiektuak egiten laguntzen diegu”.

Azken hamarkadetan asko aldatu da elkartearen jarduera. “1990eko hamarkadan ere lantzen zen prebentzioa, baina orduan batez ere hiltzen laguntzen genien hiesak kutsatutakoei”, azaldu du Luchak. Gaur egun, “zorionez” egoera oso bestelakoa da. “Orain bizitzen laguntzen diegu. Osasun arloan asko aldatu da gaixotasuna, aurrerapen mordoa egon delako. Horregatik, gaur egun ia-ia gaixotasun kroniko bat bilakatu da”. Bizitza luzatu, eta bizi-kalitatea hobetu egin zaie birusak kutsatutakoei. Hala ere, Lucharentzat “gizarte arloan ez da hainbeste aurreratu”, eta hor daude trabak. “Instituzioetatik ere murrizketak etorri dira, eta gogorra da egoera horretan lan egitea, eskaera guztiei ezin erantzunda gabiltzalako”. 2014ari begira, aurtengoaren bide beretik jarraitzea da helburua. Igandean hainbat herritan ekitaldiak egingo dituzte gaixotasunaren kontra eta gaixotasuna duten pertsonekiko elkartasunez. Gipuzkoako hiriburuan, esaterako, elkarlanean egingo dituzte ekitaldiak udalak, Acasgik, Gehituk, EHGAMek eta Harri Beltzak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.