Hernani
Beste hainbat herritan bezala, Hernanin ere askotariko ekintzak antolatu dituzte Euskararen Egunaren harira. Eguna abenduaren 3an izan arren, jarduerak ez dira soilik egun horretara mugatuko. Bihartik abenduaren 6ra bitarte egongo da zer egin euskara ardatz dela.
Euskararen Egunak egitasmoa korrika hasiko dute bihar. 16:00etatik aurrera, Euskaraz bizi nahi dut lasterketa izango da, herriko zenbait eragilek antolatuta, Kontseiluarekin elkarlanean. Adina aintzat hartuta, lau ibilbide prestatu dituzte: 200 metrokoa 3 eta 6 urte artekoentzat; 500 metrokoa 7-11 urtekoentzat; kilometro batekoa 12-14 urtekoentzat eta 4,5 kilometrokoa 15 urtetik gora dituztenentzat. Lasterketaren aurretik, irekiera ekitaldia egingo dute.
Ibilbidea, euskara ardatz
Igandean herria euskararen bitartez ezagutzeko aukera izango dute egitasmora biltzen direnek. Ordu eta erdi inguruko buelta egingo dute 11:00etatik aurrera; Plaza Berrian hasi, eta leku berean amaituko dute ibilbidea. Bospasei lekutan geldituko dira, eta hainbat gai izango dituzte hizpide: eskola, gerra aurreko Hernani, gerra eta gerra ondorena, immigrazioa, euskara elkarteen sorrera… “Gaur egungo egoerara nondik eta nola iritsi garen azaltzea da helburua”, esan dute antolatzaileek.
Hurrengo asterako ere iragarri dituzte hainbat ekintza. Astelehenetik asteazkenera ikastetxeetan eta Biteri kultur etxean egingo dituzte ospakizunak; gaztetxoek egindako apaingarriak eta euskarazko film laburrak ikusi ahal izango dira kultur etxean. Ostegunerako, berriz, mintzodromoa antolatu dute, bi saiotan: 10:00etan izango da lehena, eta 18:00etan bigarrena. Euskararen Egunak ekinbidea amaitzeko, abenduaren 6an kale antzerkia egingo dute, 13:00etik aurrera.
Egitasmoa herriko hainbat elkarte, eskola, erakunde eta herritarrek antolatu dute. Urte hasieran elkartzen hasi ziren euskararen erabilerari bultzada emateko asmoz, eta xede horrekin antolatu dituzte jarduerak.
Leave a Reply