2011n berritutako hitzarmenaren aurreko egoerara itzultzea eta “Euskal Herriko beste eskualdeetako osasun zerbitzu bera izatea” aldarrikatzen dute Tolosaldeko alkateek. Joan den maiatzetik ari dira Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin hitz egin nahian, baina jaramonik egiten ez dielako kexu dira.
Asteartean Tolosan egindako agerraldian eskualdeko herrien eskaeren eta Osasun Sailaren erantzunen berri eman zuten alkateek. Udaberrian izan zuten lehen harremana Darpon sailburuarekin, eta Osasun Sailaren eta Invizaren artean sinaturiko hitzarmenaren balorazioa emateko eta hitzarmenaren aurreko egoerara itzultzeko eskatu zioten. Eskaera idatziz aurkeztuz gero “kontuan hartuko zuela” esan zien sailburuak orduan.
Halaxe egin zuten: 2011ko azaroko aurretiko egoerara itzultzea, osasun etxea espezialitatez hornitzea, erreferentziazko ospitaleak Donostia eta Asuncion izatea eta klinika publikoa izateko mahaia eratzea idatziz eskatu zioten Osasun Sailari. Baina alkateek erantzunik ez dutela jaso salatu dute: “Ez dugu ez erantzunik, ezta hitzarmenaren gainean egiten duten balorazioaren gaineko txostenik ere”. Kexu dira kasurik egiten ez dietelako eta euren arazoa kontuan hartzen ez dutelako: “Maiatzetik deika eta zita baten eskean ibili eta gero, uztailean jakinarazi zigun sailburuak bilera baterako deialdia egiteko ardura bere gain hartzen zuela. Irailean ez genuen deirik jaso, eta urritik hona ere deika ibili gara. Lehengo ostiralean, agenda arazoak zirela- eta sailburuordearekin biltzeko eskatu zigun. Sailburuarentzat ez al da lehen mailako arazo Tolosaldeko biztanleon osasuna?”.
Besteak beste, herri txikietako herritarrei kalte egin die Asuncioneko aferak. Baliarrainen 125 lagun bizi dira, eta astean behin soilik dute medikuaren kontsulta herrian. Martzelino Dorronsoro alkatearen arabera, “nahikoa motz geratzen da” zerbitzu hori. “Gainerako egunetan zerbait bada, Alegiara joatera behartuak gaude, eta handik zuzenean Asuncionera bidaltzen gaituzte. Lehen, Tolosako osasun etxera ere joan gintezkeen; orain, hango espezialitateak falta dira, eta ez dugu lehen bezalako zerbitzurik”, azaldu du.
Orexakoa ere antzeko kasua da, nahiz eta aukera gehiago dituzten. 114 lagun bizi dira, eta, bertako alkate Eneko Maiozen arabera, medikuaren kontsulta dute herrian, “eta hamabostean behin txandakatzen joaten dira medikua eta erizaina”; larrialdi gehiagoko kasuetan, Lizartzako osasun etxera joaten dira. Zerbitzu horrek egoki funtzionatzen du, eta “horrek erakusten du kudeaketa publikoa egokiagoa dela pribatua baino”. Hain justu, Asuncionekoa zerbitzu pribatua izateaz kexu da Maioz: “Zerbitzuaren kalitateak okerrera egin du eskualde osoan, eta horrek Orexako herritarroi ere eragiten digu”.
Hala, Tolosaldeko alkateek ez dute osasun zerbitzuaren pribatizaziorik nahi, eta ez daude prest “inposizioari” erantzunik eman gabe gelditzeko, “batzuen interesen gainetik, eskualdeko herritarren beharrak daudelako”.
Sistema publikorako mahaia
Udal ordezkarien eskaera argia da; Euskal Herriko gainerako eskualdeetan bezala, “erabat publikoa izango den osasun zerbitzua” nahi dute: “Pertsonak helburu izango dituena irabazi ekonomikoaren gainetik”.
Horretarako, mahai publiko bat eratzea proposatzen dute, “Eusko Jaurlaritzako, Osakidetzako, TOPAko eta Asuncioneko langile batzordeko ordezkariek parte hartuko dutena”, Joxe Mari Mujika TOPAko kidearen hitzetan. “Horrez gain, kontu honetan eskumenik ez badu ere, aldundiko ordezkariek ere parte hartu beharko lukete mahai horretan, Asuncionek zor duen diruaren zati handi bat aldundiari dagokiolako”, gaineratu du. 65.000 biztanle ezin direla osasun arreta publikorik gabe egon eta presioa egingo dutela gaineratu dute, “agintariek publikotasunaren aldeko jarrera aktiboa har dezaten”.
Leave a Reply