“Auzoen bitartez antolatzea logikoa da, posible eta eraginkorra”

Desobedientzia zibilaren defentsan egindako lanarengatik da ezagun Patxi Azparren (Donostia, 1968). Batzarrak, jatorrizko antolaketa izenburuko saiakera idatzi du. Liburua gaur aurkeztuko du, Durangon (Bizkaia), 15:30ean.

Zergatik ikertu dituzu batzarrak?

Gu beti ibili gara batzarren mugimenduan, eta beti defendatu ditugu horiek, oso gureak zirelako, eta hori atsegin genuelako. Elkarte batek batzarren gaineko hitzaldia egitea proposatu zigun, niri eta liburuarekin lagundu didatenei, eta orduan pentsatu genuen beste forma bat eman behar geniola gaiari, eta ahal den neurrian batzarren garrantzia modu zientifikoan justifikatu.

Zein da batzarren jatorria?

Euskal Herria izenez ezagutzen dugunak bere burua asmatu egin du behin baino gehiagotan, eta antzekoa gertatzen da batzarra hitzarekin. Batzarra hitzaz ezagutzen duguna Erdi Arotik etorri zaigu, orduko testu idatziak ditugulako, baina ziur gaude, izen horrekin edo antzeko izenekin, behin baino gehiagotan antolatu egin dela euskal orubean. Gure ustez jatorria oso-oso arkaikoa izango da. Euskal Herria herri zaharra da, eta seguru aski batzarrak herri izaera antolatu zen lehengo garaietan antolatu ziren. Ez dago oraingoz ziurtatzerik hori noiz izan zen, baina ziur Burdin Arorako beharra sortu zela.

Zer dela eta?

Burdin Aroan euskal orubean jende asko zegoen. Azkeneko aurkikuntzen arabera, 400 herrixka. Herri horiek harresien beharra zuten, eta horrek esan nahi du, nahi eta nahi ez bizimodua antolatu egin behar zela.

Hastapen horietan zertarako antolatzen zituzten batzarrak?

Gizakiak egoera berdinen aurrean antzeko moduan erantzuten duela jakinik, nahiko garbi esan genezake antolaketa eredua batzarra izan zela, bailarako batzarra. Batzarrak ahaidetasunean oinarritutako sistema juridiko batetik sortuko zirela uste dugu, hau da, familiak osatuta. Famili horiek harresi txikia zuten herrixka horietan egongo ziren. Ahaidetasunean antolatutako talde horiek aliantzak egin zituzten, eta aliantza horien helburua zen gerra endemikoa ez izatea eta iraupena bermatzea guztientzat. Horretarako, batzar bidezko antolaketa aukeratu zuten, ez baita inondik inora ikusten biltzar horiek gudarien edo gerlarien batzarrak zirenik. Beraz, batzarrak komunitatearen beharrak asetzeko eta iraupena bermatzeko eratzen ziren, eta beti ere lurren jabetza publikoa ziurtatzeko.

Sistema horren aztarnarik ba al da egun?

Munduko beste tokietan aldez aurretik zeuden gizarte sistema guztiak desagertu dira, baina hemen ez. Eta hori ez da bereziki isolatuak egon garelako. Hori gezurra da. Hori izan da hemen guztiz errotuta zegoelako bestelako eredu bat, eta eredu hori azken muturreraino defendatu delako. Eredu hori toki batzuetan bizirik egon da ezaugarri gehienekin. Lurraren jabetza, antolaketa eta lurraren defentsa.

Baina eredu hura gaur egun baliagarria al da?

Garai haietan batzarrek jendearen iraupena bermatu nahi zuten, ahal zen neurrian jendearen zoriontasuna lortu, bizitza bermatu, beharrak ase. Orain jendearen beharrak berdin-berdinak dira. Oinarrizko beharrak berdinak ditugu. Eta lapurrak ere antzekoak dira. Lapurrak, garai batean soldaduak ziren, gero erromatarrak, gero jauntxoak, eta orain gorbata janzten dute. Azkeneko urtetan globalizazio izena hartu duen fenomeno horretan dena lapurtzen digute; ez bakarrik lurra, baita denbora, aisialdia eta orain erretiroa ere.

Eta hori ikusirik, zer?

Gure proposamena da aztertzea zeintzuk diren norberak dituen beharrak gertuen duen gunetik. Aztertzea zeintzuk diren komunitate txiki horrek dituen beharrak, eta noraino egon daitekeen gure esku horiek konpontzea.

Nola egin urratsak bide horretan?

Lehenbizi elkartu eta elkar ezagutu behar dugu, hau ez delako orain dela 3.000 urteko Euskal Herria. Orain Euskal Herrian mundu asko daude. Lehen batzar horietan senitartekoak elkartzen ziren, baina orain gugandik gertuen bizi dena ezezagun bat da. Gune txikietan Euskal Herriko aniztasun osoa ikusten da. Ikaragarrizko erronka da berriro gu guztiok ezagutzea eta komunitate bat osatzeko gaitasuna dugula ohartzea.

Proposamena praktikara eraman nahi duzue.

Bai, bi proba pilotu jarri ditugu martxan auzo elkarteen laguntzaz, San Pedron eta Egian. Ikusi behar dugu benetan egungo gizartean garai bateko tresna horiek balio duten edo aldatu behar ditugun. Beharrak berdinak dira, eta komunitatea egon badago. Komunitate handiagoak, askoz konplexuagoak, baina behar berberekin. Gertuko komunitateak, ziurrenik, hobeto lagunduko digu horiek erantzuten oso urrun eta ezezaguna den ez dakit noren buruak baino.

Auzoa erreferentziazko gunea, eta auzolana lanerako tresna, beraz.

Gure ustez, auzoen bitartez antolatzea logikoa da, posiblea, eta eraginkorra, nahiz eta toki batzuetan auzo horiek oso handiak izan. Herri txikietan hau berriro asmatzea errazagoa da, baina erronka da hiri handietan dauden auzo horietan komunitatea osatzea. Populazio mugimenduak apaldu egin dira azkenaldian, eta jaiotzen ari diren belaunaldiengan komunitatearen beharra berriro sortzen ari da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.