Makinak martxan, ordenagailuak pizturik eta eskuak lanean dituzte Gureak-ek Donostian duen egoitzan, Goienetxen. Gurepost ataleko biltegian etengabea da mugimendua. Hamarnaka langile dabiltza lanean asteazken goizez; batzuek, laukizuzen itxurako kaxak edo horietarako osagarriak darabiltzate esku artean. Oparibox kutxak dira, Gureak-en eta Deskontaliaren elkarlanari esker sortutako opari kaxak.
“Adimen urritasuna duten pertsonentzat kalitatezko lanpostuak sortzea”. Horixe da hain justu elkarlan horrek duen helburuetako bat, Txomin Alkorta Gupost-eko zuzendariak azaldu duenez. Horri esker hamabost lanpostu sortu dituzte ekoizpen atalean; diseinuaz, inprimatzeaz, manipulazioaz, bezeroaren harretarako zerbitzuaz eta logistikaz arduratzen dira. Ekoizpen prozesu osoa han egiten dute, beraz. Garrantzitsua deritzo Alkortak sortze prozesua azaltzeari; haren ustetan, “produktua nola egiten den azaltzea produktua bera azaltzea bezain garrantzitsua da”.
Horrez gain, Oparibox kutxekin “bertako merkatariei komertzializaziorako bide berriak irekitzea” da asmoa. Kutxa erosita, erabiltzaileak hainbat zerbitzu eskuratu ahal izango ditu; izan daitezke esperientziak, edo izan daitezke produktuak. Azken horien artean daude gastronomiarekin, edertasunarekin, aisiarekin eta ongizatearekin lotutakoak.
Sustatzaile nagusiak Gureak eta Deskontalia izan arren, asko dira egitasmoarekin bat egin duten elkarte eta fundazioak —tartean daude Real Sociedad Fundazioa, Jakitera, Callate la Boca…—. Alkortak nabarmendu du proiektu bakarrean “hainbat arlo eta sentsibilitate” biltzea lortu dutela, eta aurrera begira ere kolaborazio gehiago lortzeko prest eta gogotsu agertu da. Eskaintzen duten produktuak edo zerbitzuak duen “balio erantsia” kolaborazioetan dagoela gaineratu du.
Guztira, 1.200 eskaintza ezberdin aurki daitezke Oparibox kutxetan; salneurriak, “poltsiko guztietara” egokitzen dira, Deskontaliako Juan Manuel Muleyren arabera. 30 eurotik 130 eurora arteko prezioak dituzte. Gipuzkoan ez ezik, Bizkai eta Araban ere badago Oparibox kutxak erosteko aukera —300 salmenta gunetan eskuratu ahal izango da produktua—.
Gupost-en ekoitzitako kaxetako batzuk iritsi dira dagoeneko salmenta guneetara; hori posible izan dadin, biltegiaren txoko batean lanean dihardute hainbat langile haien lankideek egindakoari segida ematen: produktuak batu, sailkatu eta kutxa handietan sartzen. “Zurrunbiloa” dute egunotan gune horretan, ahalik eta lasterren ahalik eta toki gehienetara heltzea baitute helburu.
Leave a Reply