Eskualdearen arnasa eta bihotza

Ordizia, goizeko bederatziak. Alegiatik iritsi dira trenez zenbait gazte, baita amezketarrak ere, Alegian bizikleta utzita. Ataundarrak dira pedalei gehien eragin dietenak, bide osoa egin baitute bi gurpilen gainean; oinez heldu dira beste hainbat inguruetatik. 50 bat gazte dira guztira, eta lehenengoz elkartu dira Goierriko Eskola Profesionalean. 50 urte igaro dira garai haietatik, baina Juan Martin Luloagak (Alegia, 1949) eta Jesus Mari Ormaetxeak (Ordizia, 1949) ondo gogoan dituzte halako momentuak. Goierri Eskolako lehen promozioko ikasleetako bi dira, eta, urteurrenaren aitzakian, orduko bizipenak ekarri dituzte gogora.

14 urte zituzten hasi zirenean. Goierri Eskola egon aurretik ez zegoen halakorik eskualdean; inguruan, Tolosan zuten eskola profesionala. Goierrin, berriz, CAF enpresak bazuen eskola bat, eta hari segida emateko asmoz, Jose Gastesi enpresako zuzendaritzako kideetako bat bultzatzaileen artean zela, Goierri mailan eskola profesional bat sortzeko pausoa eman zuten, hainbat eragileren babesarekin —tartean ziren eskualdeko udalak, hainbat enpresa eta Padres de Familia elkartea—. Alde horretatik “aitzindari” izan zen eskola Luloagarentzat, askotariko eragileek bat egin zutelako proiektu hartan. “Horrela sortu zen industrialde bat izango litzatekeena; industriak izan beharrean, eskola zen”.

Eta lortu zuten helburua, Goierri osoko ikasleak bildu baitziren lehen urte hartatik: “Goierri behe osotik etorri ginen, Ormaiztegitik hasi eta Alegiaraino”. Hasiera batean, CAFen eskolako eraikinean hasi ziren; ondoren, Malkaskon zegoen eraikin batean igaro zuten urtebete pasatxo, eta gero hasi ziren egun Goierri Eskola dagoen lekuan. Horrela, ordura arte zegoen aukera gehiago zabaldu zen, CAFeko eskola soilik enpresan lan egiten zuten seme-alabentzat baitzen: “Bazegoen gainerakoentzat tokiren bat, baina lehentasuna haiek zuten”, gogoratu du Luloagak.

Bazkaldu, eta lagundu

1963ko urria zen. “Ordura arte eduki gabeko zerbait zen eskola: halako eraikin handi bat, hainbat herritako gazteak elkarrekin, giro onean”. 09:00etatik 13:00era arteko saioa egiten zuten goizean, 25na pertsonako bi taldetan lehen urtean; batzuk tailerrean aritzen ziren bitartean, besteek bestelako ikasgaiak zituzten: matematika, kimika, fisika, marrazketa, literatura… Arratsaldeko hiruzpalau orduko saioa hasi aurretik, bazkalordua izaten zen ikaskideekin berriketan pasatzeko tartea: “Bakoitzak janaria eramaten zuen; han labe bat geneukan berotzeko, mahai batekin eta abar. Giro polita egoten zen”.

Ormaetxeak azaldu duenez, hori Malkaskoko eraikinean izan zen, ondoren taberna moduko bat izan baitzuten Goierri Eskolako eraikinaren alboko baserrian. Jan-edanez gozatzea ez ezik, lan apur bat egitea ere tokatzen zitzaien noizean behin: “Kuriosoa da eskolako jangela egin zenean, tailer elektrikoaren ondoan, nola Juakina sukaldari lazkaotarra etortzen zen tailerrera goizetan. Hark esaten bazuen ‘zaku bat patata zuritu behar da’, ba hara joaten ginen zuritzera. Sekulako ogitartekoak prestatzen zizkigun gero, eta denak pozik”. Sukaldeko lanez gain, eraikin berriko instalakuntza elektrikoan ere lagundu zuten.

Lehen promozioko ikasleez gain, beste hainbat gazte ere hasi ziren eskolan 1963an, lehen mailara sartzeko prestakuntza jasotzen. Zuzenean lehen urratsera sartzeko oinarrizko ikasketak izatea besterik ez zuten eskatzen; ekonomikoki “nahiko eskuragarria” zen garai hartan eskolan ikastea. Emakumeak, berriz, “bizpahiru” urte geroago sartu ziren, administrazioan eta delineatzaile aritzeko.

Ofizialtza eta maisutza tituluak eskaintzen zituen eskolak. Lehena, hiru urtekoa; bigarrena, aurrekoaren segida, bikoa. Lehenengo urtea amaituta, are gehiago banatu ziren ikasleak, hiru espezialitateren artean aukeratu behar izan baitzuten: mekanika, elektrika edo galdaragintza. “Ikasleetako asko ofizialtza eginda joan egin ziren lanera. 16 urterekin lan egin gabe egotea izugarrizko luxua zen; gure lagunak 14 urterekin hasten ziren lanean”, oroitu du Ormaetxeak. Ofizialtzatik maisutzara igarotzeko, amaierako azterketa egin behar izaten zuten. Ormaetxeak bost urteak osatu zituen Goierri Eskolan; Luloagak, berriz, ofizialtza bukatu ondoren ingeniaritzara egokitzeko kurtso bat egin zuen, eta Donostiara joan zen.

Errespetua, sakratua

Hiru irakasle izan ziren 14 urteko gazte haien gidari: Jesus Ibarra —zuzendari ere bazena—, Jose Mari Ibarreta eta Carmelo Amantes. Gazteak ziren hirurak, 23-25 urte bueltakoak, eta, beraz, ez zegoen alde handirik batzuen eta besteen artean. Adinaren aldetik ez, baina bai, ordea, harremantzeko moduan. Hala gogoratu du Ormaetxeak: “Irakasleekiko errespetua sekulakoa zen. ‘Ibarra jauna’, ‘Ibarreta jauna’, esaten genien, beti errespetuz. Haiek zerbait esaten bazizuten, burutik pasatu ere ez zitzaizun egiten besterik esatea”.

Maisutzan zegoenean egin ohi zituzten ateraldiez ere mintzo da: “Elektrizistak zazpi besterik ez ginen. Gu baino bost-sei urte helduagoak ziren irakasleak. Haiekiko harremana oso zuzena zen, klasean beti jauna esanez, baina gero tragoak elkarrekin hartzera irteten ginen. Eta ez hori bakarrik, autoa hartu eta parrandara joan izan ginen; urte batean sanferminetara”. Ikasleen arteko harremana ere estua izan zen; tartean, ikasketa amaierako bidaiak eta antzerkia eta halako kultur ekintzak antolatzen hasi ziren.

Irakasleak gogoan

Gazteak izaki, “ikasteko gogoz” ziren, eta zer hobea, “irakasle onak” baino. Ormaetxeak eta Luloagak bereziki gogoan dituzte bi irakasle. Bata, Erlijiokoa; Ulazia abizeneko aramarra. Luloagak azaldu duenez, garai hartarako “oso irekia” zen; ez apaiz klasikoen modukoa, progresista baizik. Derrigorrezko ikasgaia zuten Erlijioa, Formación del espíritu nacional ikasgaiarekin batera. Kutunen artean bigarrena, gramatika irakaslea, Don Tomas Villar. “Gizon ikasia zen, eta oso irakasle ona”. Bat dator Luloagarekin Ormaetxea, azken horrek bereziki eskertu baitzuen haren laguntza: “Literatura maitatzea egin zidan. Ez nenbilen oso fin, eta azaldu zidan moduarekin ikasi nuen hainbat autore irakurtzen; irakasten zuen gizon bat zen, eta hori eskertzekoa da”.

Euskara debekatua zuten; euren artean hitz egin arren, ikasgaiak gazteleraz zituzten. Luloagak pintaketa batekin zerikusia duen pasadizo bat ekarri du gogora: “Soinketa irakasle bat genuen, falangista bera, eta pintaketa bat agertu zen. Ez dut gogoan zer jartzen zuen, euskararekin lotutako zerbait. Han hartu zuen brotxa, esanez ezeztatu egin behar zela”.

Ikasketak bukatutakoan eskolatik ateratzen ziren ikasleen jakintza maila altua nabarmendu du Ormaetxeak: “Formazio altuarekin ateratzen ginen, batez bestekotik oso gora; ez soilik arlo teknikoan, baita humanoan ere”. Bi ikasle ohiek diotenez, eskolak eskaini zien beste abantailetako bat izan zen enpresak hara joaten zirela zuzenean langile eske; horrela, ez zuten lantegiz lantegi atea jo beharrik izan. Eurentzat ez ezik, eskualde osoarentzat ere oso garrantzitsua izan zen eskola bien ustez: “Ez da kasualitatea Goierri izatea Gipuzkoan langabezia gutxien duen eskualdeetako bat”, dio Ormaetxeak.

Goierri Eskola “ilusioa” izan zen bi ikasle ohientzat, eta etorkizunera begira ateak irekiko zizkiena. “Beste modu batera lortzea ezinezkoa zen ezagutza” bereganatzeko aukera ere izan zen. Esperientzia “oso positiboa”, bi hitzetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.