Baserritarren topagune

Topaketak

Pasaia

Iritsi da Basherri topaketen bosgarren aldia. Aurreko urteetan bezala, aurten ere askotariko ekintzak antolatu ditu Gipuzkoako baserritar eta herritarren topaguneak. Bihar izango dira saioak, 09:00etatik aurrera, Pasaia-Lezo lizeoan.

Ongietorriaren ondoren, azken urteko ibilbidearen errepasoarekin hasiko dute eguna. 10:00etarako, hitzaldia prestatu dute Interamap sareaz, baserriko antolaketaz eta diru kontuez. Hamaiketakoaren ostean, baserritarren bizi baldintzen gainean mintzatuko dira —egoera ekonomikoaz, lan baldintzez…—. Egungo egoeraren argazki bat egiteko asmoz, talde dinamika eta gonbidatu berezien laguntza izango dute. Eguerdirako, berriz, tailer bat antolatu dute, Nola lortu basherrien iraunkortasuna? izenburupean.

“Urte bereziki gogorra”

Topaketak amaitzeko, bazkaria egingo dute 14:00etan, bertsoz eta musikaz lagunduta. 17:00etan emango dute bukatutzat jardunaldia. Hitzaldi eta tailerrarekin batera, Basherri Sareko fanzinearen lehen zenbakia eta egiten ari diren lana aurkezteko ere baliatuko dituzte topaketak. Egun osoan izango diren jardueren bitartez, “egoera hobetzeko proposamenak” atera nahi dituzte.

Antolatzaileek nabarmendu dute aurtengoa “urte bereziki gogorra” izan dela, eguraldiak eta taldekide kopuruen gorabeherek baserritar eta talde batzuk “kolokan” jarri baititu.

Azaldu dutenez, topaketak Pasaia-Lezon egiteko arrazoia hau da: “Apaiziartzako proiektuei egiten ari diren mehatxu eta probokazioen aurrean Basherri Sarearen babesa eskaintzea”.

Basherri direlakoetan sartzen dira Gipuzkoan barazki eta bestelako elikagaien auto-hornikuntzarako sortutako talde eta kooperatibak. Haien topagune gisa sortu dute Basherri bloga (basherri.wordpress.com).

Leave a Reply

Your email address will not be published.