“Guk bultzatu eta sortu behar ditugu alternatibak”

Jatorri anitz, herri bat egitasmoko kideak dira Leire Garro (Donostia, 1974) eta Katia Reimberg (Sao Paulo, Brasil, 1977). LAB sindikatuko ordezkaria da lehena; Bidez Bide elkartekoa, berriz, bigarrena. Gaur eta bihar, ekitaldi irekiak egingo dituzte Donostian, Bulebarrean. Euskal Herriko aniztasunaz eta haren kudeaketaz gogoeta egitea eta gogoeta hori festa bihurtzea da helburua. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako jardunaldi horiei Aniztasunaldia izena jarri diete, eta egitaraua osorik ikus daiteke www.gipuzkoaberri.net webgunean. Gaur, 09:30ean da hasiera ekitaldia.

Zergatik antolatu duzue Aniztasunaldia?

Leire Garro: Jatorri anitz, herri bat izeneko egitasmotik sortu da. Era askotako eragileak gaude bertan; berrogei inguru, gaur egun. Esaterako, migrazio arlokoak, sindikatuak, elkarteak, euskalgintzakoak eta feministak. Gipuzkoan bizi den pertsona orok eskubide batzuk dituela aldarrikatzen dugu berrogei eragileok, eta denak direla gure herriaren parte. Osasun arloan hasi ginen lanean, baina ikusi genuen hori puntu bat zela, gauza gehiago zegoela: hor dago euskara; paperik gabeko pertsonek ezin dute Hizkuntza Eskola Ofizialean ikasi. Emakumeen egoera ere hor dago, lan arlokoa ere bai… Apurtu beharreko osotasun bat dago.

Zein da osotasun hori?

L.G.: Pertsonen kategorizazioa apurtu nahi dugu, hemengoen eta kanpokoen arteko kategorizazioa. Migrazio lege batzuek ezartzen duten zerbait da hori, eta, gainera, guk ez dugu erabakitzen horren inguruan, Madrilen eta Parisen baizik. Uste dugu ezjakintasun handia dagoela biztanleon inguruan: nor garen, zein ezaugarri ditugun eta abar. Beharrezkoa ikusten dugu zubiak eraikitzea eta gauzak partekatzea. Aniztasunaldia horregatik sortu dugu.

Zein helburu dituzte gaurko eta biharko jardunaldiek?

Katia Reimberg: Egiten ari garen lan guztia jendaurrean azaldu nahi dugu. Nahi handiko proiektua da, badakigu, baina uste dugu pixkanaka landu egin behar dugula, denok senti gaitezen herritar eta parte hartzaile, eta denoi eragiten diguten gizarte politiketan parte hartzeko eskubide berak izan ditzagun. Guretzat, jardunaldi hauek egiten ari garen lanaren aitorpen bat ere badira. Ez gaude itxita, bakartuta; ateak irekita daude hitz egiteko, eta gerturatu egin nahi dugu beste esperientzietara, eta jende gehiago erakarri: “Begira, zuk egiten duzun gutxi horrek balio digu”, esan nahi dugu. Hori guztia festa giroan egin nahi dugu. Gauza serioez ari gara, baina egin daiteke modu ludiko batean ere.

L.G.: Gure hausnarketa edo pentsamendua gizartera zabaltzeko beharra ikusi dugu, partekatzekoa, eta herritarren eta udalen inplikazioa eragin nahi ditugu. Gaia landu nahi dugu. Jardunaldiak Euskal Herritik Euskal Herrirako egiteko beharra ikusi dugu, geure herrian ezjakintasun handia dagoelako ditugun hainbat egoeraren inguruan.

Udalak aipatu dituzue. Jardunaldietan zein herritakoek parte hartuko dute?

L.G.: Ez daukagu udalen zerrenda bat, baina Bulebarrean izango dira horietako batzuk. Guretzat, garrantzitsua da haiekin harremana izatea. Osasunaren esparruan eskubide urraketen salaketak jasotzeko telefonoa martxan jarri genuenean, esaterako, hainbat udaletako Immigrazio teknikariak deika izan genituen, kezkatuta, salaketa jakinen berri ematen. Hortaz, lanketa hau egiteko pertsona garrantzitsuak zirela ikusi genuen, egoera aztertzeko ez ezik, konponbidea eta alternatibak aurkitzen saiatzeko ere bai.

Zuen dinamikaren barruan, bi arlo dituzue: eskubideen ingurukoa da bat, eta elkarbizitzaren eta aniztasunaren ingurukoa bestea.

L.G.: Hala da. Eskubideei dagokienez, uste dugu alternatibak egon daitezkeela eta landu egin behar dela arlo hori. Erantzuna herritik gora, politikara joango dela pentsatzen dugu, eta guk bultzatu edo sortu behar ditugu alternatiba horiek. Gaur egun eskumenak dituzten instituzioek ez dituzte garatu ahal bezainbeste. Bestetik, aniztasunaren arloa dago. Guretzat, baikorra eta onuragarria da aniztasuna, baina herri honek jakin egin behar du aniztasun hori kudeatzen. Gure ustez, elkarbizitza da gakoa hor.

Jardunaldien lehen egunean, gaur, aniztasunaren inguruko bideo bat emango duzue, esaterako.

L.G.: Hala da. Juanma Berasategik aniztasunaren inguruko lan bat egin du: hainbat herritarrekin egon da, bertakoekin, etorritakoekin, sindikatuetakoekin… Oso zabala da, eta aniztasuna batzeko elementu gisa landuko dugu. World Cafe bat antolatu dugu, eta irekia izango da; beraz, tartetxo bat duen oro gonbidatu nahiko genuke parte hartzera. Horretaz gain, errolda agiriaz eta halakoez ariko gara. Bestetik, hizkuntza aniztasunaz ere hitz egingo da jardunaldietan, bateratzen duen hizkuntzatzat euskara hartuta. Hor ere ezjakintasun handia dago. Kanpotik datorrenak ez du hemengo errealitatearen berri, besteak beste, estaturik gabeko nazio bat garelako. Eta uste dugu gure eta haien eskubidea dela gure identitatearen eta euskararen berri ematea hona datozenei.

K.R.: Oinarrizko eskubidea urratzen dizute, Hizkuntza Eskola Ofizialean sarrera ukatzen dizutenean paperik ez duzulako. Ezin euskara edo gaztelania ikasi, eta, orduan, zeure buruari galdetzen diozu ea zein herritar mota zaren, zer eskubide dituzun, bertako hizkuntza eta kultura apur bat ikasterik ez baduzu. Nik herritarra izan nahi dut, baina hemengoa errespetatzen duen herritar bat. Gu ez gatoz ahal dugun dena aprobetxatzeko eta gero alde egiteko; guk lagundu egin behar dugu, parte hartu eta elkarbizitza eraiki.

L.G.: Lan asko dugu egiteko, adosteko nola biziko garen elkarrekin, hizkuntza eta kultura desberdinekin. Bestetik, euskaldun gisa beharrezkoa da haiek gu onartzea eta guri aitortzea gure euskalduntasuna, gure identitatea, ez dugulako aitortua.

Jardunaldien ondoren, zein izango da hurrengo pausoa; nola dator 2014. urtea?

K.R.: Ilusio handiz eta lanerako gogo handiz hasiko dugu 2014. urtea. Egitasmo honekin benetan lan indartsu-indartsua egiteko esperantzarekin.

L.G.: Bat nator Katiarekin, eta uste dut irekitzen ari den bidea interesgarria eta beharrezkoa dela, eta ondorioak utziko dituela. Eta hau guztia praktikara nola eraman pentsatu eta erabaki beharko da, dinamika zehatzak egiteko.

K.R.: Eta espero dugu aldundiko Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritzak jarraitzea tresna honen alde egiten, apustua egiten gu bat sortzeko politiken alde.

Leave a Reply

Your email address will not be published.